Egypt

Youssou N´Dour aurpegi asko dituen musikaria da. Iparralde aberatsean bizi garenontzat, Afrikako musika misteriotsu eta urrunaren izen ezagun bakarrenetakoa da. Gure merkatura iristen diren diskoak, pop-aren galbaheaz pasatutako senegaldar erritmo goxoak dira. Etxeko merkatura zuzendutako diskoak, berriz, iragazki hori igaro gabe, askoz ere gogor eta tradizionalagoak dira. Batzuek diote, afrikar eta europear belarrien arteko aldean dagoela gakoa. Oraingoan, berriz, norabidea aldatu eta Egiptora begira jarri da Youssou N´Dour. Honako hau Egiptoko musikariekin landutako diskoa da. Orkestra klasikoen antzera, kontinente beraren aberastasuna islatzen duten hainbat kulturen arteko zubi lana egiten da bertan.