Eguzkitako krema aukeratzean kontuan izan beharrekoak
Maiatzean dagoeneko eguraldi bero eta eguzkitsuak izan genituen, eta orain lainoak eta euria itzuli diren arren, badakigu laster izango direla halako egunak bueltan. Hori dela eta, eguzkitako krema prest izan dezazun, hona hemen hura hautatzen laguntzeko zenbait gomendio.
Babes faktorea gutxienez SPF 30ekoa izatea aholkatzen da eguneroko erabilerarako. Izan ere, lainotuta egonik ere, ez du esan nahi izpiak iristen ez direnik. Kanpoan denbora luzez egon behar baduzu, hondartzan edo mendian esaterako, S``PF 50 edo handiagoa aukeratu ohi da. Norberaren azala oso zuria bada, eta umeen eta adinekoan kasuan, babes handikoa edo oso handikoa erabiltzea komeni da. Beltzaran samarrak direnek edo azal iluna dutenek babes gutxiagokoa aukera dezakete, baina ez ahaztu horientzat ere beharrezkoa dela. Hobe 25 baino baxuagokorik ez erabiltzea.
Kremak UVA eta UVB izpien aurkako babesa eman behar du. Biak izan behar ditu beraz. Ondo begiratu ontzian eta "espektro zabalekoa" edo antzeko zeozer jartzen duela ziurtatu. UVA izpiak uhin luzekoak dira eta larruazalean sakon sartzen dira. Kolagenoa suntsitzen dute eta zahartze goiztiarraren, zimurren eta orbanen, eragile nagusiak dira. UVB izpiak, berriz, uhin laburrekoak dira eta gainazaleko geruzan sartzen dira. Beltzaran kolorea eta eguzki-erredurak, gorritasuna, eragiten dituzte. D bitaminaren ekoizpenean ere zerikusia dute.
Larruazal motaren arabera ere batzuk besteak baino egokiagoak izan daitezke. Azal lehorra izanez gero, osagai hidratatzaileak dituztenak aukeratu. Azal sentikorra baduzu, usainik gabeko formulak eta iragazki mineralak (zink oxidoa edo titanio dioxidoa) dituztenak aproposagoak izan ohi dira. Azal koipetsua izanez gero, berriz, testura arinekoa bada hobe, "oil-free" edo ez-komedogenikoa.
Uraren eta izerdiaren aurrean erresistentea izatea ere garrantzitsua izan daiteke. Igerian ibiltzeko asmoa baduzu edo kirolean aritu behar baduzu, "water resistant", "water proof" edo urarekiko erresistentea den produktua hautatu.
Kremak gel, spray edo barra formatuan izaten dira. Formak ez du hainbesteko garrantzirik, baina behar adina kantitate erabiltzea ezinbestekoa da, eta emateko erosoa izan dadila. Haurrentzako berariazko produktuak daude, eta baita aurpegirako eta gorputzerako ere.
Iraungitze-datari ere erreparatu behar diogu. Eraginkortasuna gal dezakete denborarekin, eta, beraz, ondo begiratu datari.
Kontuan izan eguzkitako krema bi ordutik behin berriro ematea komeni dela, eta baita igeri egin, izerditu edo lehortu ondoren ere. Horretaz gain, behar denean itzalpean egon edota bestelako osagarriak erabili, esaterako kapela, eguzkitako betaurrekoak eta babesten duen arropa. Eta ura edatea ere ez ahaztu, barrutik ondo hidratatzeko.
Babestu zure burua eta gozatu egun eguzkitsuez!
