Eguzkitako krema aplikatzerako garaian ahazten ditugun guneak

Egun eguzkitsuak geroz eta ohikoagoak bilakatzen ari diren urte sasoia badator. Gure azala eguzki izpien azpian ordu gehiagoz eduki ohi dugun sasoia ere izan ohi da, eta berau ondo babestu ezean kaltegarria izan liteke.
Eguzkiak igortzen dituen izpi ultramoreek 15 minutu nahikoa dute gure azala kaltetzeko. Ondorioz, azkarrago zahartu liteke gure azala. Eguzkitan asko egoten bagara, gainera, azaleko minbizia pairatzeko aukerak izan genitzake etorkizunean. Horregatik, babesa egoki aplikatzea oso garrantzitsua da.
Estatu Batuetako Dermatologia Elkartearen arabera, heldu batek gorputz osoan zehar 28 gramo eguzkitako-babes aplikatu behar du, gutxi gorabehera bi koilarakada. Hori bai, azpimarratu nahi dute gorputz osoan aplikatu beharra dagoela eta kalera atera baino 30 minutu lehenago gainera. Ondoren, bi orduz behin berriz aplikatu behar omen da, baita igeri egin ostean edo izerditu ondoren ere. Alabaina, pertsona gehienek kopuru horren %25-50 aplikatzen dute soilik. Kasu askotan, kantitate nahikoa ez aplikatzeaz gain, gorputzeko zenbait gune erabat ahazten ditugu. Hauek izan ohi dira:
Buru-azala: ez dugu beharrezkotzat jotzen gure buru-azala babestea, baina gorritu liteke. Gainera, gure ilea, zahartzen goazen heinean, finago bilakatzen da eta horregatik buruko azal gehiago egon ohi da eguzki-bistan. Honela, pertsonek adinean aurrera egin ahala buru-azaleko minbizi kasuek ere gora egiten dute. Esprai bidezko eguzkitako krema aplikatu genezake edo kapela bat jantzi.
Belarriak: Erraza da eurez ahaztea. Adituek diote, ordea, garrantzitsua dela belarrien atzeko aldea babestea, baita beste guneak ere, noski.
Betazalak: Begien inguruan dugun azala oso fina da eta beraz, babes berezia behar du. Betazalak babesteko modurik onena eguzkitako betaurrekoak badira ere, azal sentiberentzat eguzki-babesak badaude merkatuan, begien gunerako bereziki sortuak.
Ezpainak: Gune honetan babesa aplikatzea garrantzitsua da, bertan kartzinoma sortzeko arriskua altua baita. Horretarako, ezpainetako eguzki-babesak daude. 15 edo hortik gorako babesa duenen bat aplikatzea gomendatzen da. Hauek, jan edo edaten dugun bakoitzean apur bat ezabatzen dira, horregatik, ezinbestekoa da sarritan aplikatzea.
Lepoa eta bularra: Eraginkorrak izan ohi gara gure aurpegia eguzkitik abesterakoan, baina maiz lepo edota bularraz ahazten gara. Lepo osoan zehar krema aplikatu behar bada ere, arreta berezia jarri behar zaio lepoaren goiko aldeari eta alboei. Bereziki zaurgarriak dira. Kamisetek estaltzen ez dituzten paparrak ere bereziki delikatuak dira.
Oinak: Oinak eguzki betean eduki ohi ditugu uda ia osoan zehar, sandaliak janzteko joera baitago. Horregatik, ez du krema orkatiletaraino soilik aplikatu behar, baizik eta oin osoa estali behar dugu eguzki-babesarekin.
Hainbat ikerketek ezagutzera eman dute hemen goian aipatutako guneetan dutela jatorria azaleko zenbait minbizik, horregatik, behar bezala babestu behar ditugu gune horiek (ere).