EGUZKITAKO BABESAREN INGURUAN DAUDEN BOST SINESKERIA

EGUZKITAKO BABESAREN INGURUAN DAUDEN BOST SINESKERIA Badakizu zenbateko aurrerapenez jarri behar duzun eguzkitako babesa edota ilearentzat bat eduki beharko ote zenukeen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eguzkitako-babesaren-inguruan-dauden-bost-sineskeria/@@download/image/Verano.jpg
2019/06/11

Testua: Jaione Dagdrommer

Badakizu zenbateko aurrerapenez jarri behar duzun eguzkitako babesa edota ilearentzat bat eduki beharko ote zenukeen?
EGUZKITAKO BABESAREN INGURUAN DAUDEN BOST SINESKERIA

Pasa den hilabetean Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak umeentzako Isdin eta Babaria marketako eguzkitako kremak erretiratzeko eskatu zuen. Elkarteak burututako ikerketaren arabera etiketak kontrakoa jarri arren bere babes maila ez da 50era iristen, 15ekoa du batak (Isdin) eta 30ekoa besteak (Babaria). Isdin markak esan du elkarteak ez diola eman ikerketa ikusteko aukerarik eta horregatik, ukatu egiten dituztela bertan azaltzen diren emaitzak. Polemika beraz, mahai gainean dago eta uda beroa ate joka. Aitzakia aprobetxatuz eguzkitako babesaren inguruko sineskeria batzuk aztertu ditugu.

Gehienok ez gara ohartzen gure osasunean eguzkitan gal-gal egoteak izan ditzakeen arriskuez: %94a oporretan dagoenean soilik babesten da (hondartzan edota mendian), baina ez aire librean jarduerak burutzen dituenean. Krema ematen duen horietakoa bazara jakin, horrez gain eguzkiak gehien ematen duen orduetan eguzki betean egotea ekiditea ere garrantzitsua dela eta baita kapeluren bat eramatea burua babesteko. Uste denaren aurka, udan eskuratzen dugun tonu beltzaran hori ez da dirudiena bezain osasuntsua. Hementxe eguzkia hartzearen inguruko zenbait mito:

“Beltzara-kolorea edukitzea osasuntsua da.”
Beltzaran-kolorea ez da osasunaren sinonimoa. Horregatik ez luke edertasunarena ere izan behar, 36 neurriak izan behar ez lukeen bezala. Beltzaran-kolorea erradiazio ultramorearen aurkako azalaren defentsa mekanismoa da. Haatik, apur bat beltzaran egotea ez da kaltegarria, bai ordea hondartzara beltzaran jartzeko intentzioz joatea. Erredurak arrisku faktore garbia dira azaleko minbizia garatzerako garaian.

“Beharrezkoa da beltzaran jartzea D bitamina sintetizatzeko.”
Baieztapen hau erabat faltsua da. Egia da D bitaminaren sintesia eguzkitan gaudenean lortzen dela, baina une batetik aurrera ez da gehiago estimulatzen sintesi hori. Horregatik hain zuzen, ez da beharrezkoa orduak eta orduak egotea eguzki betean, onurak ez baitira gehituko, alderantziz. Bizi garen inguruan 10 minutuz, astean hiru aldiz eguzki hartzearekin nahikoa da.

“Krema hondartzara iritsi baino ordu erdi lehenago jarri behar da.”
Badago mito bat dioena eguzkitako kremak 30 minutu behar dituela efektua egiteko. Gezurra da erabat. Kremak ematen den momentutik eragiten du, nahiz eta ez den egonkortzen 10 minutu pasa arte. Hala eta guztiz ere, adituek etxetik ateratzerakoan emateaz gain, gomendatzen dute hontzara edota mendira iristerakoan ere aplikatzea.

“Eguzkitako babesa ematen baldin badut egun osoa egon naiteke eguzkitan.”
Eguzkitako babesa neurri ezberdinen batura da adituek diotenez. Krema soilik ez da irtenbidea. Kremaz gain, arropa egokia, itzala eta kapeluak ere garrantzitsuak dira. Horregatik, hondar goxoan etzanda gaudenean ez dugu inoiz ahaztu behar kremak ematen digun babesa soilik ez dela nahikoa. Gainera, azal oso zurikoa bazara arriskua handiagoa izango da.

“Ilearentzako eguzkitako babesa behar dut.”
Eguzkiak ilearen erorketa azkartu dezake eta hori ekiditeko onena kapelu bat da, ilea badugu bederen. Bestela, buruan ere krema aplikatu daiteke, baina ez gorputzerako krema bera. Adituek gel moduko kremak gomendatzen dituzte.

Ideia hauek argituta prest gaude udaz eta bere eguzkiaz gozatzeko. Orain eguraldi ona besterik ez zaigu falta!

Nola funtzionatzen dute eguzkitako kremek
Eguzkitako produktuetan azaltzen den babes faktoreak ez du adierazten produktu horrek gehiago edo gutxiago babestuko gaituen, baizik eta zenbat denboraz egongo garen babestuta. Denbora zehatza jakiteko azaltzen den zenbakia gure azalak erretzeko behar duen denborarekin biderkatu behar dugu (bataz-beste 10 minutu). Horrela, 30eko krema batek 300 minutuz babestuko gaitu, hau da, 5 orduz. Denbora jakinda ere, beste faktoreak ere kontuan hartzea ezinbestekoa da babes osorako, hala nola, ordua eta lekua, horren arabera kremaren eraginkortasuna gutxitu baitateke.