Eguzki-babesaz jakin beharrekoa
Uda iritsi da eta horrekin batera, egun eguzkitsu gehiago ere bai. Horregatik, garai sasoi honetan, eguzki-babeserako produktuen kontsumoa hazi egiten, nahiz eta adituek urte osoan zehar erabiltzea gomendatzen duten. Zergatik? Eguzki erradiazioak ez duelako neguan ere atsedenik hartzen. Gure planetako organismoentzat hil ala biziko da, baina badu bere alde iluna ere.
Zer da eguzki erradiazioa?
Eguzkiak energia maila ezberdineko uhin elektromagnetikoak igortzen ditu. Iristen zaizkigun gehienak uhin ultramoreak, ikusten dugun argia eta erradiazio infragorria dira.
Gure begiak ez dira uhin ultramoreak ikusteko gai, baina bere efektuak nabaritu ditzakegu. Gure azalarekin kontaktua egiten dutenean erreakzio ezberdinak sortzen dituzte. Epidermisa (azalaren gainazaleko geruza) narriatu lezakete, nahiz eta ez dute zeharkatzen. Hori bai, azala gorritzen digute, batzuetan erre ere bai eta azaleko minbizia edukitzeko aukerak gehitu liezazkigukete, DNA aldatzeko gai baita. Uhin ultramoreen erradiazio maila altua da urte osoan zehar, egun hodeitsuek eta kristalak zein beirak ez baitituzte oztopatzen.
Ikusi dezakegun argiak, uhin ultramorearen antzeko eragina du eta "argi urdina" bezala ere ezaguna da. Gure azalak, aipatutako ultramorearekin bezala, erreakzionatzen du argi honetara antzeko efektuak sortuz.
Erradiazio infragorriak berriz, energia ahulagoa du, nahiz eta ez den bere eragina gutxietsi behar, kolageno eta elastina zuntzen kalitatea aldatu lezakete eta.
Nola ekidin eguzkiaren erradiazioa gure azalean?
Spoiler alert: Eguzki-babesa erabili, eguzkiaren zuzeneko esposizioa gutxitzen du eta. Horretarako garrantzitsua da behar ezberdinen araberako eguzki-babesa aukeratzea. Hauek dira kontuan hartu beharreko faktoreak:
- Segurtasuna. Europar Batasunak segurutzat hartzen dituen produktuak erabili behar dira.
- Eguzki-babesaren babes maila behatu: 20koa da gutxieneko babesa eta hortik gorakoetan ez dago, babes mailan, aldaketa handirik. Adibidez, 30ekoak eguzki erradiazioen %97 geratzen ditu. Aldiz, 50ekoak %98. Aldea minimoa da. Horregatik, adituen arabera, patologiarik gabeko azal mota ezberdinentzat 30eko babesa nahikoa da.
- Uretan erresistentzia handiena duten eguzki-babesak dira seguruenak. Beraz, kontuan izateko datua da, hau ere, bat aukeratzerako garaian.
Egun, merkatuan eskaintza zabala aurki liteke, baina aholku xume hauek jarraituta eguzkiaz gozatu ahal izango duzu (urte osoan) beragandik babesten zaren bitartean.

