Egunkaria itxita

Egunkaria itxita https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egunkaria-itxita/@@download/image/28p22-1_1369676279.jpg
2003/03/07
erreportajea
Otsailaren 20an, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen, Euskal Herriko euskarazko egunkari nazional bakarra itxi zuen. Egunkaria-ren eta gazteei zuzendutako Barkatu Ama gehigarriaren ahotsa isilarazi nahi izan dituzte.

1995. urtearen amaieratik, ostegunero, Egunkariak  gazteentzako Barkatu Ama gehigarria kaleratzen zuen. Musikak, zineak, gazte mugimendutako kideek eta abar izan dute tartea Barkatu Aman. Euskara hutsez kaleratutako lehen gazte gehigarria izan zen. 1998tik 2002 amaiera arte, Mikel Lizarralde bergaratarra izan da gehigarriko zuzendaria, eta berak azaldu dizkigu gehiagarria sortzearen arrazoiak. "1995era arte Egunkariak ez zuen gazte gehigarririk. Eguneroko albisteak emateaz gain, gazteentzat gehigarri berezi bat beharrezkoa zela ikusi genuen, bi arrazoirengatik: batetik, irakurle asko gazteak zirelako eta bestetik, gainontzeko egunkari gehienek gehigarriak bazituztelako. Bestalde, kultur ekitaldi gehienak ostegunetik igandera bitartean egin ohi dira. Hori guztia kontuan hartuta, Barkatu Ama ostegunetan kaleratzea erabaki zen", azaldu digu Mikelek. 

Hasieran, zortzi orrialdeko txuri-beltzezko gehigarria zen Barkatu Ama. 1998an, ordea, gehigarria itxuraldatu zuten: zortzi orrialde izatetik 12 orrialde izatera pasa zen eta kolorea gehigarriko orrialdeak apaintzen hasi zen. Edukia, ordea, ez zen gehiegi aldatu, kulturak argitalpenaren ardatz izaten jarraitu baizuen. Berrikuntza nagusia azken orrialdean astero pertsonaia ezagun bati egindako elkarrizketa izan zen.

Kolaboratzaile zerrenda aparta
Sortu zenetik hona, Barkatu Aman aritutako kolaboratzaileen zerrenda amaigabea da: Asier Leoz eta Aritz Sound System musika alorrean, Iñaki Lazkano zineman, Ane Sarasketa eta Amets Arzallus azken orrialdeko elkarrizketan… Gehigarriak ez du mugarik izan, eta horren adierazgarri Lizarraldek gogora ekarritako pasadizoa: "Harkaitz Cano eta Igor Estankona idazleek Euskal Herritik kanpora bolada bat igaro zuten; Harkaitz New Yorken izan zen eta Igor Eskoziako Aberdeen hirian. Euskal Herritik milaka kilometrora zeuden arren, astero bidaltzen ziguten iritzi artikulua".

Otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria-ren azken alean kaleratu zen ere azken Barkatu Ama. Azkoitiako Akauzazte eta Ingalaterrako Budapest taldeez jardun zuten bertan eta Athletic-eko nesken futbol taldeko Itziar Gurrutxaga elkarrizketatu zuten. Ziur gaude dagoeneko Euskal Herriko gazteek Barkatu Amaren hutsunea somatuko dutela. Horrexegatik diogu ozen: Euskaldunon Egunkaria eta Barkatu Ama behar ditugu!.

Gaztetxulo - Ander Usabiaga



“Euskaldunon Egunkaria-ri egindakoa, euskararen, euskal prentsaren eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria da. Barkatu Ama gazteei euskaraz eskainitako lehendabiziko gehigarria izan zen, eta urteotan erreferente bihurtu da askorentzat. Ez dugu dudarik gure herriko gazteek Egunkaria eta Barkatu Ama kalean nahi dituztela, eta denon artean, helburu hori lortuko dugu”.

Entzun - Xabier Sagardia



"Entzun-ekook gertutik bizi izan dugu gertatutakoa, izan ere, Egunkaria-ko hainbat kazetari gurekin el-karlanean aritu ohi ziren. Galera izugarria da. Barkatu Amak beste komunikabideetan irakurle gazteek topatzen ez zituzten gaiak jorratu ohi zituen eta musikariei tarte zabala eskaini zien, artikulu oso interesgarriak kaleratuz".

The Balde - Koldo Almandoz



"Egunkaria-ri egindakoak euskara eta euskaren alde lan egiten dugunok mehatxupean bizi garela agerian utzi du. Egunkaria-ren itxierak amorru izugarria eragin zizkidan. Barkatu Ama gazteentzat ez ezik, The Balden lanean ari garenontzat erreferente garrantzitsua zen. Euskal musika, film laburrak, dantza, antzerkia...Kultura jorratzen zuten, baina gertutasun kutsua emanez. Euskal gizartera atxikitutako gehigarria galdu dugu”.

Gazte algara - Nagore Izagirre



“Barkatu Ama gazteei euskara hutsez zuzendutako gehigarri bakarra zen. Guk geuk gaiak ateratzeko edota agenda  egiteko erabli ohi genuen, gehigarri landua zelako. Kultur eskaintza paregabea jartzen zuen irakurleen eskura: antzerkia, erakusketak, bekak… . Hutsune handia utzi dute Egunkariak eta Barkatu Amak”.