Egunean Behin jokoaren zuzeneko finala martxoaren 31n egingo dute

Kike Amonarrizek aurkeztutako Egunean Behin jokoaren finala martxoaren 31n izango da, 18.00etan, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan. Martxan den hamaikagarren denboraldiko eguneroko partidak igandean amaituko dira, baina denboraldiko irabazleak finalean erabakiko dira.
Denboraldi honetan sailkatzen diren lehen ehun jokalariek izango dute tokia finalean, baina izena eman beharko dute bertan izango direla baieztatzeko. Gainera, finalean egoteko interesa dutenek ere eman dezakete izena, eta itxaron zerrendara gehituko dituzte. Geratzen den espazioaren arabera kudeatuko dituzte eskaerak.
2019ko abenduan egin zuten era honetako lehen final zabala, baina pandemiak eten zuen ibilbidea. Orain berriz errepikatuko dute eta mokadutxoa eta merchandisinga izango dela iragarri dute.