Egoitz Lizaso: "Porran parte hartu ahal izateko erdara-euskara hiztegia menderatu behar da&quot

Egoitz Lizaso: "Porran parte hartu ahal izateko erdara-euskara hiztegia menderatu behar da&quot https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egoitz-lizaso-quotporran-parte-hartu-ahal-izateko-erdaraeuskara-hiztegia-menderatu-behar-daquot/@@download/image/20117219271trop_1361314066.jpg
2011/07/21
elkarrizketa
Antxoka Agirre
Egoitz Lizaso: "Porran parte hartu ahal izateko erdara-euskara hiztegia menderatu behar da&quot
Bagenekien uztailean bizpahiru egunez Piriniotako maldek laranja kolorea hartu ohi dutela. Euskal Herrian txirrindularitzak sortzen duen interesaren berri bagenuen. Hala ere harritu egin gaituzte tropela.net-en datuek: 200.000 porra bost denboralditan, miloi bat bisita aurtengoan. Garbi dago webgunea sortu zuten lau gazteen apustua balekoa izan dela.


Nola sortu zitzaizuen hau guztia martxan jartzeko ideia?

Afari batean, nola ez! Zarauzko Institutuan elkarrekin ibilitako Oihan izeneko lagun bat eta biok, aspaldian egon gabe ginela eta, afaritxo bat egin genuen. Berak institutuan porra bat egina zuen pare bat urtean dezenteko arrakasta izan zuena. 80 bat lagun apuntatu zitzaizkion, ohol batzuk jarri zituen sailkapenak inprimatu eta goizero bertan jartzeko… eta ni ere antzeko zerbait egiteko asmotan nenbilen koadrilarako. Sarean egitearen ideia sortu zen, zerbait txukuna eginez gero jende dezente animatu zitekeela… Bere koadrilako beste bi batu ziren, informatikaz nahiz diseinuaz dezente zekitenak eta horrela jarri genuen martxan.
 
Ezaguna da euskaldunak apustuzale garela, baina Sarearen bidez egindakoa izatea, hasi zinetenean behintzat, bazen nobedadea.
Guk txirrindularitza jarraitzeko zaletasun handia daukagu, batez ere sofako jarraitzaile bezala. Etapa guztiak ikusi, gero komentatu eta abar. Baina informatikarekiko zaletasuna ere badaukagu. Esate baterako tropela.net-ekin hasi ginenetik taldeko kide bakoitza herri ezberdin batean bizi izan gara, aspaldion Belgikan dabil bat, eta prozesu guztia Skype bidez egin izan dugu. Berez sortu genuenaren izen abizenak Tropela Euskara eta Informatika elkartea dira. Martxan jarri ginenetik asmoa izan zen, txirrindularitzari lotua egoteaz gain, teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko balio zezakeen proiektu bat egitea. Sortu genuenean bestelako txirrindularitza porra mordoa zegoen; egunkari gehienek daukate berea, Ciclos Maestrerena ere hor zegoen Bizkaian oso ondo funtzionatzen zuena… Eta egun Sarearen bidez antolatzen diren apustu eta jokoak ere nahi bezainbeste topa ditzakezu. Baina hiru osagai horiek, txirrindularitza, euskara eta teknologia berriak, lotu dituen bakarra geurea izan da.

Bloga ere badaukazue, podcast eta guzti.
Euskarazko blogen boom hori gertatu zenean pare-parean tokatu zitzaigun eta nahiko ondo funtzionatu du. Gainera egin nahi izan duguna oso ondo egokitu zaio. Lehiaketa da tropelaren elementu zentrala, baina lehiaketaren inguruan sortzen den guztia, giroa, eztabaida, saltsa, lehiaketa bera bezainbeste interesatzen zaigu. Eta horretarako oso tresna interesgarria da bloga. Bestalde, kontutan izanik gure helburuetako bat Sarean euskararen erabilera bultzatzea dela, euskarazko edukiak idatzi eta irakurtzeko ematen duen aukera plus bat da guretzat. Podcast-arena berriagoa da; aurreko urtean jarri genuen. Ero batzuk garenez, egun erdia etapa ikusten eta beste erdia etapako gorabeherekin bueltaka pasatzen dugunez, pentsatu genuen gure erotasun hori bideratzeko modu egokia izan zitekeela. Etapa bukatu ondoren kronika, titularra, euskaldunik onena eta horrelako mordoxka bat biltzen ditugu ordu laurdeneko audio batean. Bloga baino azkarragoa iruditu zitzaigun. Egunero egiten dugu, hiru lagun txandakatuz: Eneko Garate, Raul Perez, Josu garate, Inaxio Sukia  eta ni neu. Iritzi ezberdinekin ikuspegi zabal bat osatzeko aukera ematen digu, blogarekin baino modu azkarragoan, eta egia esan oso saltsa polita edukitzen dugu.

Ezaguna da euskaldunak apustuzale garela, baina marka guztiak hautsi ditu Tropelak.
Beste porra batzuetan erabiltzaile bakoitzak porra bat baino gehiago egin dezake. Geurean ez, arauetan jartzen dugu erabiltzaile bakoitzeko kiniela bat baino ezin dela egin, eta txekeoak ere egiten ditugu, batez ere irabazleen artean. Horrek oraindik balio gehiago ematen die dauzkagun zenbakiei. Aurtengo Tourrean adibidez 12.000tik gora erabiltzaile. Lehen urtean, 2005ean, 6.000 inguru izan ziren… Jendearen erantzuna ikusita, pixkanaka egutegia zabalduz joan gara, eta orain txirrindularien pareko denboraldia egiten dugu urtero, martxoan hasi eta bederatzi proba: Paris-Niza, Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea, Italiako Giroa, Dauphiné Liberé, Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta, eta Munduko Txapelketa. Horrek ere mugimendu gehiago eman dio tropelari: sei urtetan 200.000 porra egin ditugu; aurten bakarrik, eta ia egutegiaren erdia jokatzeke dagoela, moilioi bat bisita baino gehiago izan ditu webguneak… Gu ere harrituta gelditzen gara datuekin! Egia da, baita ere, parte hartzeko ez dela eta ezer ordaindu behar, eta publizitatearen trukean lortzen ditugun sariak nahikoa txukunak direla. Horrek ere piztu du jendearen interesa. Gainera, komunikabideek, batez ere hasieran, dezenteko kantxa eman ziguten. Eta geure aldetik lana ere nahikoa serio egin dugula iruditzen zait.

Dezenteko lana eskatuko dizue honek guztiak.
Ba egia esan bai. Lehiaketa antolatzeak badauka bere zailtasuna, txirrindulariak modu orekatuan multzokatu behar dira… Blogak ere konpromiso bat eskatzen du, eta facebook nahiz twiterren urteak daramatzagu jarraipena egiten. Twen top-ean tropela oso goian dago eta horrek esan nahi du mugimendua izan duela... Podcasta jarri, maillota bidali, maillotak lortu, diru kontuak egin, orain Ogasuneko kontua egin, lehiaketa bera antolatu, babesleekin hitz egin… badauka bai lana. Batzuetan pentsatu ere eginten dugu ez al garen gehiegi egiten ari. Baina puntu politean ikusten dugu asuntoa eta pena ematen digu pistoia jaisteak.

Zeintzuk osatzen duzue Tropelaren atzean dagoen lan taldea?
Argi utzi nahi dut Tropela irabazi asmorik gabeko elkartea dela, alegia, ez dugula xentimorik ikusten. Behin hori zehaztuta, taldearen nukleoa lehen aipaturiko lau lagunek, elkartea sortu genuenak, osatzen dugula esan daiteke. Oihan Odriozola, Eneko Illarramendi, Jon Zubizarreta eta ni neu. Gero badago kolaboratzaile sare zabal bat ere denak ongi funtzionatu dezan ezinbestekoa dena.

Eta Tropelean doazen parte hartzaileak? Ba al dago profil jakinik?
Estatistikek erakusten dute gehien mugitu garen tokietan gehiago zabaldu dela Tropela. Elkartea Zarautzen sortu eta erroldatu genuen eta herri hau da, Donostiaren ondotik, kiniela gehien dituen herria. Era berean Gipuzkoa da, dezenteko aldearekin, parte hartzaile gehien dituen herrialdea. Egoera soziolinguistikoak ere izango du eraginik; zonalde euskaldunetan hobeto funtzionatzen du zonalde erdaldunetan baino… Gero salbuespen harrigarriekin ere egin izan dugu topo. Aurreko batean, adibidez, Murtziako Telebista Regionaleko kazetari batek idatzi zigun twit-a: "Cada vez que cambias los menus ya no encuentro las clasificaciones". Eta ez da Espainiatik etorri zaigun porra bakarra, Interteko foroak ere topatu izan ditugu euskarazko hiztegiak osatzen; "Para participar teneis que hacer lo siguiente, primero crear un usuario, usuario es erabiltzailea pasahitza ez pasword". Guri kristoren poza ematen digute horrelako kontuek. Lankide batekin hitz egiten, "ari gara hemen gu Windows-a euskaratzen eta egin behar dena alderantzizkoa da produktuak sortu eta gero erabiltzaileek itzul dezatela", komentatzen genuen.

Zein izan dira blogera saltsa gehien ekarri duten polemikak?

Tropelan historian bere gairaian Euskaltelen Haimar Zubeldia eta Iban Mayo zeudenean dezenteko eztabaidak egon ziren baten edo bestearen alde. Aurten ez da gauza handirik izan orain arte. Samuren deklarazio batzuk egon ziren esanaz Contadorrekin aliantza bat egin nahi zuela, baina badirudi kazetari espainiarrek testuingurutik ateratako hitz batzuk direla eta berez ez dagoela polemikarako bide gehiegi.

Polemiketaz ari garela; nola ikusten duzu Espainiako Vuelta 33 urteren ondoren Euskal Herrira itzultzea?
Eztabaidarako gai bat da dudarik gabe, baina hausnarketa egin ondoren ez nago kontra. Izan ere Tourra Holandatik, Belgikatik, Ingalaterratik eta edozein tokitatik pasatzen da, Giroa uste dut datorren urtean Washingtonen has daitekeela, eta Espainiako Vuelta ere Holandatik pasa zen duela pare bat urte… Proba hauen lurraldetasuna geroz eta lausoagoa da, eta ikuspegi horretatik begiratuta ez dit hainbesteko minik egiten. Salagarriena iruditzen zaidana da bi etapa horiek hemendik pasatzeko dirutza ordaindu den bitartean, dirurik gabe gelditu direlako bertako probak bertan behera utzi beharra. Hor dago Euskal Bizikletaren kasua esaterako.

Ze itxura hartzen diozu aurtengo Tourrari?
Hasieran oso itxura ona zeukan faborito asko zeudelako. Contadorren parte hartzeak ere eman dio interes puntua; bestela ikusten zen Andy Schleck besteen gainetik egon zitekeela. Kiniela egiteko garaian hautagai nagusi bezala bi hauek jarri genituen. Gero erorketa asko egon da eta horrek dena baldintzatu du. Wiggins, Vinokurov, Brajkovic Ban Den Broeck… jende garrantzitsua zen. Horrelako hainbeste erortzea arraroa izan da eta kalte egin du… Evans ikusten dut oso fuerte, Hushovd ere bai, Gilbert-ek harritu egin nau...

Zer moduz doa zure porra?
Oso gaizki. Uste dut gauza bakarra asmatuko dudala; irabazlea: Andy Scheleck. Bigarren multzoan, hautagai nagusienean, bi etxean dauzkat eta beste bi kolpez josita eta etxera bidean. 12.000tik 11.000 eta gehiago noa. Mina ematen dit batez ere lanean 30 laguneko tropeltxo batean nagoelako sartuta eta, ostia, tropelako kide izatearen titulo horrekin eta atzean joatea aguantatu egin behar da hilabete osoan… Hori oso-oso-oso gogorra da.

Porra on bat egiteko sekretua eskatzea gehiegi izango da, orduan.

Kar, kar. Garrantzitsuena zortea da, eta gehiegi ez pentsatzea. Oraingo honetan gehiegi pentsatu dut eta horrela nabil. Sentsazioei jarraitu behar zaie batez ere. Denboraldian zehar txirrindulariak nola ibili diren jakiteak lagundu dezake, noski, Ibilbidea ezagutzeak ere bai, baina azkenean zortea ere oso garrantzitsua da erorketak ez baitago aurrikusterik.