'Egizu zuk zeuk' espirituarekin, Brah Brah!

'Egizu zuk zeuk' espirituarekin, Brah Brah! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egizu-zuk-zeuk-espirituarekin-brah-brah/@@download/image/201210302059bra_1360147138.jpg
2012/11/02
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Ipar Euskal Herrian punk, hardcore eta grindcore eszenak zuen hutsuneak ernatu zuen Baionan Brah Brah! Kolektiboaren harra. Hilabete honetan ospatuko dute aurreneko urteurrena.

Aspaldidanik buruan zuten proiektuari forma emateko elkartu ziren Lapurdiko hainbat gazte iaz, eta dagoeneko ibilbide interesgarria dute bizkar gainean. Oraindik ezagutzen ez duenak hilaren 17an izango du aukera Donibane Ziburuko gaztetxera gerturatu eta Brah Brah! Kolektiboaren sugarra zuzenean bizitzeko.
Baionako zortzi taldek osatzen dute, 25 bat musikari orotara, guztiak estilo bertsuak ez ezik 'egizu zuk zeuk' filosofiak batuta. Elkartrukea, autokritika eta autoekoizpena dituzte ardatz.

Indarrak metatuta, kontzertuak emateko edota dokumentalak proiektatzeko areto bat lortu eta atontzea zuten hasierako helburua, baina sakonago ere jo dute eta, Lapurdiko hainbat ostatu eta aretorekin harremanak estututa laister antolatu zuten, Donibane Ziburuko Gaztetxean, kolektiboaren lehen gaualdia, eta, orduko hura ez ezik, beste 30 bat ekitaldi gehiago ere abiarazi dituzte dagoeneko.
Begirada positiboa dute, hortaz, urratsez urrats, aspaldiko amets konpartituak tartea eskuratu baitu azkenean Lapurdin. Bidean beste hainbat egitasmorekin partekatutako esperientzietatik aberastu dira eta, aurrerantzean, oztopo ekonomikoei muzin egin eta kultura askea sustatzen jarraitzeko asmo irmoa dute, besteak beste, diskoetxe berri baten bitartez.

Kolektiboko parte diren Infest, Antifun Krieg eta Kuma No Motor taldeetako kide banarekin hitz egin dugu.

Txomin Urriza (Kuma No Motor): "Musikalki zein pertsonalki biziki aberasgarria da Brah Brah!"



Xubung musika taldearen hondarretatik, duela urte eta erdi, Mattin Ihidope –bateria eta koroak–, Iban Carricano –baxua eta ahotsa– eta Txomin Urriza –gitarra eta koroak–  Baionan hardcorea egiteko elkartzen hasi zirenean sortu zen Kuma No Motor.

The Rodeo Idiot Engine eta Kuma No Motor taldeetan aldi berean zabiltza zu.
Bai, ez dago inongo arazorik. Gogo eta gustu musikal ezberdinak asetzeko parada eskaintzen du horrek, kontzertu gehiagorako aukera...

Lehen diskoa aurkeztuko duzue aurki Kolektiboaren gaualdietako batean.
Iaz K7 bat kaleratu genuen eta oraingoan, berriz, gure lehen diskoa aurkeztuko dugu Atabal Aretoan. Mattinen garajea da gure estudioa –barrez– eta uztailean kaleratu genuen lana bertan grabatu genuen zuzenean. Udan Espainian aurkeztu dugu eta orain, berriz, Euskal Herritik gabiltza. DIY filosofian –Do It Yourself– oinarrituta dago eta hamar kanta motzek eta zuzenek osatzen dute. Kontzertuetan eskuragarri izango da, eta gure webgunetik ere doan deskargatzeko aukera dago.

Zer aurkituko du entzuleak lan berrian?
80ko hamarkadako Estatu Batuetako punk-hardcorea entzungo du, Eskandinabiako d-beat ukitua eta baita Euskal Herriko punk erradikalaren oihartzuna ere.

Zein dira taldearen erreferentziak?
Minor Threat, Black Flag, Bad Brains, Disfear eta beste asko. Hurbilago begiratuta, Estricalla eta Represion, erranen nuke.

Urte bat egingo du Kolektiboak hilabete honetan, nolakoa izaten ari da esperientzia?
Polita! Taldeoi musika zuzena eta bizia sortzeko aukera ematen digu, eta pertsonalki ere biziki aberasgarria da. Gure esku dago guztia, gure erantzukizuna baita ahalik eta gauza gehien egitea. Horrek loturak sendotu eta jende nahiz toki berriak ezagutzera eramaten gaitu!Sarean

Patrik Alzola 'Pat' (Infest): "Momentu ahanztezinak bizi ditugu!"



2003an sortu zuten 'Sbeu'k –bateria–, 'Bud'ek –ahotsa–, 'Flow'k –gitarra– eta 'Pat'ek –baxua–  Infest, death metaletik grindcorerako saltoa eman zutenean. Errusiatik iritsi berri dira.

Berriki atzerrian ibili zarete, non zehazki?
Irailean egin genuen gure seigarren bira eta Ukraina zeharkatu genuen. Moldaviako hiriburua –Chisinau– bisitatzeko aukera ukan dugu, eta mendebaldeko Errusian ibili gara, iparraldetik hegoaldera. Guztira 10.000 kilometro hamahiru egunetan, egun bakoitzeko kontzertu bana.

Autofinantzatutako bidaia luzeak dira. Nola ordaintzen dituzue?
Guk antolatzen dugu guztia. Bira bertze talde batekin batera egiten saiatzen gara furgoneta betetzeko. Esperientzia oso onak ukan ditugu horrela, aski berezia baita bi astez furgoneta batean Poloniako edo Ukrainako norbaitekin bizitzea! Normalean, kontzertuetan irabazten dugunarekin gastu guztiak ordaintzea lortzen dugu, baina egia da Errusiakoa berezia izan dela. Kasu honetan Biker Booking tour promotoreak antolatu du guztia.

Ikusleen aldetik, zein da kanpoan jasotzen duzuen erantzuna?
Usutan erantzun aski ona jasotzen dugu. Errusian bereziki! Bertako ikusleak eroak daude eta gogotsu joaten dira kontzertuetara, benetan plazera da baldintza horietan aritzea!

Datozen hilabeteetarako baduzue hitzordurik?
Azaroaren 29an aukera ukan dugu Gojira taldearekin Miarritzeko Atabal aretoan jotzeko, eta abenduan Portugalen dugu hitzordua. Hala ere, 2013 urte hasieran aterako dugu hirugarren lan luzea eta orain horretan jarri behar dugu indar guztia.

Nola baloratzen duzue taldearen esperientzia?
Kristorena da bizi duguna! Taldea sortu genuenean ez genuen pentsatzen gaur egiten duguna egitera iritsiko ginenik! Taldearen bitartez jende asko ezagutu dugu, bai hemen eta baita atzerrian ere. Momentu ahanztezinak bizitu ditugu eta horregatik bakarrik, merezi du egiten dugun lana egiteak!Sarean

Amaia Chaudiere (Antifun Krieg): "Gero eta neska gehiago dabil honetan"



80ko hamarkadako punk rock bizia entzuleei kutsatu die bi urtez Baionako boskoteak. Tobyk –gitarra–, Thomasek –gitarra–, Arnaudek –baxua–, Romainek –bateria– eta Amaiak –ahotsa– osatzen dute taldea.

Noiz eta nola sortu zen Antifun Krieg?
Duela bi urte inguru izan zen. Hasiera batean gustuko genuena jotzeko elkartzen ginen, bertzerik gabe; eta poliki-poliki, forma hartu zuen taldeak. Laister hasi ginen kontzertuak ematen, han eta hemen.

Non dute jatorria hitzek?
Kanten bitartez, maiz, egunerokotasuneko arazoen inguruan ari gara: kontzertuak antolatzeko Udalen aldetik ditugun arazoetatik hasi eta gai pertsonalagoetara iritsi arte. Hitz bortitzak gehienetan.

Zer da taldearentzat Brah Brah!?
Punk eta hardcore kontzertuak antolatu eta besta egiteko hainbat lagun eta musika taldek muntatu dugun proiektua da.

Noiz eta nolatan batu zineten Kolektibora?
Egituratzen hasi zenetik, hasieratik, gaude barruan. Konturatu orduko, datorren hilabetean, urte bat beteko dugu!

Punk edo hardcore mugimenduan, nola baloratzen duzu nesken partaidetza?
Hobetuz doa, gero eta neska gehiago dabil honetan, eta hemendik indarra bidali nahi dut, oraindik ere neska gehiagok parte har dezaten!

Non ikusiko zaituztegu?
Hilabete honetan astebururo izango ditugu kontzertuak Ipar Euskal Herrian. Bitartean, gainera, entseatzen jarraitzen dugu, birak antolatzen eta aldi berean kanta berriak idazten.Sarean