Egitarau berezia prestatu dute Donostiako San Telmon, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta
Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an ospatzen da 1977az geroztik. Aurtengo ospakizunak museoek gizarteetan aldaketa baikorrak eragiteko daukaten gaitasuna aztertzea du helburu: jasangarritasuna lortzeko ahalmena, digitalizazioaren eta irisgarritasunaren berrikuntza, eta hezkuntzaren bidez komunitatea eraikitzea.
San Telmo Museoak ere bat egin du ekimen honekin eta zenbait ekintza antolatu ditu. Hasteko, bihar, museoaren erakusketa iraunkorreko bisita gidatuak eskainiko dira, 17:00etan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz. Bisitak dohainik izango dira, baina lekua erreserbatu behar da museoaren webgunean.
Bestetik, elizan kantu errezitaldia izango da bihar, 19:00etan hasita. Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko kantu ikasleek hartuko dute parte, eta zarzuela pasarteetan naturak duen isla izango da emanaldiaren ardatza. "Zarzuelan asko dira naturari eskainitako uneak, gure existentzian inguratzen gaituen zein bidelagun den horri. Hori dela eta, ez da harritzekoa naturan oinarritutako musika pieza ugari aurkitzea, musika idatzian gizakiaren bizipenak kontatuz, paisaien deskribapenak eginez, bizitzeko moduak azalduz... Orotara, gizakiak ingurunearekin harremantzeko dituen bideak eta honek gizakiarengan duen eragina", azaldu dute. Bakarkako eta taldekako piezak izango dira errezitaldian, eszenografia eta antzerkia uztartuz, eta pianoaren konpainiaz.
Larunbatean eta igandean, maiatzak 21 eta 22, Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleen musika emanaldiak izango dira goizean, elizan eta klaustroan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte. Larunbat arratsaldean, 19:00etan hasita, dantza ikuskizuna izango da elizan, Udalaren Musika eta Dantza eskolaren eskutik. Euskal dantza, garaikidea eta klasikoa ikusteko aukera izango da. Lekua aurrez erreserbatu beharko da webgunean.
Sarrera doan hiru egunetan
Gainera, bihar, asteazkena, museora sartzeko ez da ordaindu beharrik izango. Larunbatean eta igandean ere dohainik gozatu ahal izango da museoaz.

