Egipto eta Portugalgo dantza taldeak izango dira Bermeoko Nazioarteko Folklore jaialdian
1986.urtean abiatu zuten Bermeoko Nazioarteko Folklore Jaialdia eta XXXVI. edizio honetan Egipto eta Portugalgo dantza taldeek hartuko dute parte, Bermeoko Alkartasuna dantza taldearekin batera. Jaialdia larunbatean izango da, 21:00etatik aurrera. Artza pilotalekuan hasiko da eta, ondoren, hiru dantza taldeek kalejira egingo dute Lameratik.
Egiptoko El Shams Ballet Group taldea izango da Nazioarteko Folklore jaialdiko parte hartzaileetako bat. El Shams 1970ean sortutako gizarte kluba da, Kairoko Heliopolis eremuan kokatua. El Shams Ballet Group bost urte geroago sortu zen, 1975ean. Emanaldi ugaritan parte hartu dute, herrialdean bertan zein nazioartean. Afrikako Txapelketaren inaugurazioan edota Afrikako Futbol Koparen irekiera ekitaldian izandakoak dira, besteak beste.
Bestetik, Portugalgo Grupo Etnografico Terras de Cambra ere izango da jaialdian. Terras de Cambra Etnografia Taldea 1973an sortu zen, Vale de Cambra hirian, eta 75 lagunez osatua dago. Dantza guztiak abestuak izaten dira. Euskal Herriko taldeekin elkartrukea egiten duten seigarren aldia izango da.
Bost euroko sarrera ordaindu beharko da eta Artza pilotalekuko leihatilan erosiko da, egunean bertan, 18:00etatik aurrera.
