Eginiko bidea borobiltzeko tenorea

Eginiko bidea borobiltzeko tenorea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eginiko-bidea-borobiltzeko-tenorea/@@download/image/201012133788Miren_Amuriza.jpg
2012/12/13
berria
Eginiko bidea borobiltzeko tenorea
Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Jone Uria, Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo eta Peio Ormazabal. Zortzi bertsolari horiek lehiatuko dira larunbat arratsaldean, Barakaldoko BECen, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Finalean.
Enbeitak, Amurizak eta Ugartetxeak zuzenean eskuratu dute finalerako txartela, nork bere finalerdia irabazita. Estiballes, Abasolo, Lekue, Uria eta Ormazabal pilatutako puntuei esker izango dira finalean.



Hilaren 13an urtebete bete zen Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa nagusia irabazi zuenetik. Hotz egiten zuen kalean, baina oso bero zegoen BECen barrualdea. Urtebete geroago, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako sailkatu diren zortzi bertsolariek hartuko dute ostatu BEC-en bertan.
Hona hemen zortzi finalistak, banan bana. Peio Ormazabal da zortzietan gazteena -18 urte- eta Eneko Abasolo, zaharrena -34 urte-. Irabazten duenak irabazten duela, aurrenekoz jantziko du txapela.
Onintza Enbeita: (Muxika 1979). Kazetaritza ikasketak eginak ditu. 2006ko eta 2008ko Bizkaiko Txapelketetan finalerdietan kantatu zuen. Txapelketa nagusian ere birritan parte hartu du.
Miren Amuriza: (Berriz, 1990) Eskolarteko Euskal Herriko txapela jantzi zuen 2008an eta iaz Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara iritsi zen. Durangaldeko txapelketa irabazi du aurten.
Beñat Ugartetxea: (Mallabia, 1979) Lau aldiz izan da Durangaldeko txapelduna eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketari dagokionez, 2002an finalerdietara iritsi zen. Aurreneko aldiz abestuko du finalean.
Etxahun Lekue: (Larrabetzu, 1979). Musika Hezkuntzako ikasketak eginak ditu eta bertsogintzari dagokionez, Bizkaiko Txapelketan lau aldiz izan da finalean.
Jone Uria: (Algorta, 1990). Duela bi urteko Bizkaiko Txapelketan finalerdietara iritsi zen. Baita iazko Txapelketa Nagusian ere. Aurten Uribe Kostako Txapelketa irabazi du. Aurtengo txapelketan, Balmasedako kanporaketan, berak pilatu zituen puntu gehien.
Arkaitz Estiballes: (Galdakao, 1977) Euskal Filologia ikasi du eta bertsolaritza irakaslea da. 2000. urtetik finalista izan da Bizkaiko Txapelketan. Aurten ere ez du kale egin.
Eneko Abasolo: (Iurreta, 1976). Ogia partitzen du bizimodua ateratzeko, eta bertsolaritza eta dantza biziki maite ditu. 1998an parte hartu zuen estreinakoz Bizkaiko Txapelketan.
Peio Ormazabal: (Arrigorriaga, 1992). Lehenengoz ari da parte hartzen txapelketan. Duela sei urte bertso eskola sortu zen herrian eta orduan lotu zitzaion bertsolaritzari.
Argia.com-ek finala emango du zuzenean, Bertsoa.com eta Info7rekin elkarlanean.