Egin zure kontsulta

Egin zure kontsulta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egin-zure-kontsulta/@@download/image/droga_kontsulta_1402052715.jpg
2014/06/04
erreportajea
Egin zure kontsulta
Drogen inguruko zalantzaren bat al duzu? Aditu baten iritzia jaso nahiko zenuke?
Sartu GAZTEZULO.COM atariko drogak atalean eta egin zure kontsulta.

Drogek ez dute zertan kaltegarriak izan, neurrian, baldintza egokietan eta informazio fidagarriarekin kontsumitzen baldin badira. Zalantzak ditugunean, baina, ohikoa da lagunengana jotzea, edo informazioa Sarean bilatzea. Kontrastatu gabeko informazioa jarraitzearen ondorioz, arazoak sortu ohi dira, eta beraz, gomendagarria da beti adituen iritzia jasotzea. Kontuz, aditua dela diotsun lagun hori ez baita kategoria horretan sartzen!
Orduan, nora jo informazio bila? Nori galdetu ditugun zalantzak? Euskal Herrian badugu droga erabiltzaileen arrisku murrizketaren alde lan egiten duen Ai Laket! elkartea. Informazioa jasotzeko eta drogak analizatzeko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, herrietan jartzen duten Ai Test Gunea!, adibidez. Zure herrira hurbil daitezen itxaron beharrik gabe, zuzeneko informazioa jasotzeko aukera eskaintzen dute hala nahi duten gazteen lokaletan, Lonjalaket egitasmoaren bidez.
GAZTEZULOn ere informazio kontrastatuaren eta adituen iritzien aldeko apustua egiten dugu. Horregatik, GAZTEZULO.COM webguneko ‘Drogak’ atalean duzue zuen kontsulta egiteko aukera. Zuk galdetu, guk Ai Laket! elkarteko lagunei pasako diegu zuen kontsulta eta ahalik eta lasterren argitaratuko dugu erantzuna. Hona jasotako kontsultetako batzuk:

Erretzeari uzteko gomendiorik?


Kaixo, erretzailea naiz duela 10 urtetik. Oraingoz ez naiz uzten saiatu, baina bai kontsumoa jaisten. Lehen 15-20 zigarro erretzen nituen eta 10-12 zigarrora jaistea lortu nuen. Baina hortik behera, ezin dut. Gainera azkenaldian 15 zigarrora igo naiz. Ideia ona al da kontsumoa jaisten saiatzea? Ala ezinezkoa da? Gomendioren bat kontsumoa jaisteko? Epe motzera jarri dudan helburua 10 zigarro dira, eta pixkanaka epe motzeko helburu gehiago jartzen joatea... Posible dela uste duzu?


Tabakoaren erabilera jaistea eta erretzeari uztea posible da, noski, baina horrek ez du esan nahi erraza denik, ezta gutxiago ere! (Hortxe ditugu erretzaile ohien adibideak). Gainera, jakina da pertsona bakoitzaren, egindako erabileraren eta testuinguruaren arabera gehiago ala gutxiago kostatzen dela tabakoa erabat uztea.
Kontuan izan tabakoaren abstinentzia sindrome bortitzena lehen 24 orduetan ematen dela, eta beraz, ohikoa da nekea, suminkortasuna, kontzentratzeko zailtasuna, lo egin ezina, gosea edota buruko mina izatea, besteak beste. Honenbestez, erretzeari utzi nahi izanez gero, hauei aurre egiteko prest egon behar duzu, eta horretarako momentu egokia aukeratu.
Erabilera jaistearen eta muga bat jartzearena ideia onak dira, beti ere, betetzeko gai bazara; eguneko lehen zigarroa ahalik eta gehien atzeratzea gomendatuko nizuke. Halaber, berriro ere erretzen hastea edo zigarro kopurua areagotzea ere ohikoa izaten da, eta horietatik ikastea da onena. Dena den, etengabe erortzen zarela ikusten baduzu, argi dago teknika ez dela eraginkorra zuretzat, eta hobe da beste bideren bat bilatzea.
Esaterako, Osasun Zentroetan laguntza taldeak izaten dira (zure medikuari horiei buruzko informazioa edo haietara bidaltzeko eskatu diezaiokezu) eta farmazialariarengana ere jo dezakezu, azken urteetan tabakoa uzteko baliabide ugari eskaintzen baitituzte (hori bai, erabili aurretik ongi informatu).

Mutilekin irteten naizenean, ezin diet erritmoa jarraitu


Askotan parrandan ateratzen naiz nere mutil lagunaren koadrilakoekin eta kostata jarraitzen dut beraien erritmoa. Askotan utzi behar diot alkohola edateari beraiek baino azkarrago mozkortzen naizelako. Zergatik gertatzen zait hau?


Alkoholaren eraginak alderdi askoren araberakoak dira: pisua, tolerantzia maila, ohitura, norberaren erritmoa, adina, egoera psikologikoa… Gainera, emakumeok alkohola polikiago xurgatzen duen entzima bat dugu, eta horrek alkoholaren ondorioak denbora luzeagoz mantentzea eragin dezake.
Horregatik, garrantzitsua da nork bere erritmoa eramatea eta alkohola patxadaz hartzea, atsedenaldiak eginez eta eraginei itxaronez.

Zenbat kokaina kontsumituta hasten dira sudurreko arazoak?


Zenbat kokaina kontsumitu behar da tabikean arazoak izateko? (astean behin kontsumituta, zenbat hilabetean edo urtetan antzematen ahal dira kalteak?

Ez dago kantitate edo maiztasun jakinik zehaztuta, substantziaren, pertsonaren eta erabileraren arabera kalteak areagotu ala murriztu daitezkeelako.
Hori bai, gomendagarria da kontsumitu ostean sudurzuloak garbitzea, ahal bada gazur fisiologikoarekin, sudurrean gera daitezkeen arrastoak kentzeko. Arrasto horiek dira tabikeko kalteak eragiten dituztenak. Bestalde, kontsumitu bitartean komeni da sudurzuloak txandatzea (hau da, beti sudurzulo berdinetik ez hartzea), baita substantziak kontsumitu aurretik ondo txikitzea ere.
Gomendio hauek ez dute soilik kokaina kontsumorako balio, sudurretik kontsumitzen diren sustantzia guztientzako baizik.