'Egin Leku!', musikari hasiberrientzako plaza eskaintzen duen deialdia

'Egin Leku!', musikari hasiberrientzako plaza eskaintzen duen deialdia Diskorik grabatu gabeko musikariek har dezakete parte deialdian eta hautatutako formatu txikiko proiektuak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu ahal izango dituzte. Igandean amaituko da parte hartzeko epea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egin-leku-musikari-hasiberrientzako-plaza-eskaintzen-duen-deialdia/@@download/image/eginleku.png
2021/07/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Diskorik grabatu gabeko musikariek har dezakete parte deialdian eta hautatutako formatu txikiko proiektuak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu ahal izango dituzte. Igandean amaituko da parte hartzeko epea.
'Egin Leku!', musikari hasiberrientzako plaza eskaintzen duen deialdia

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Egin Leku! deialdia jarri du martxan bigarren urtez, musikari hasiberriei urtean zehar bertan jotzeko aukera eskaintzeko. Diskorik grabatu gabeko musikariei zuzenduta dago eta kontzertuen kopuruen erdia 35 urtetik beherako gazteek egindako proposamenentzat izango da. Formatu txikiko musika proiektuak izan beharko dira; bakarka, edo gehienez beste bi musikarik lagunduta, hirukote gisa.

Edozein estilotako musika onartuko da, baina emanaldiko kantuen hitzen %75 gutxienez euskaraz izan beharko dira. Horrez gain, emanaldi osoko komunikazio hizkuntza euskara izango da, baita aldez aurreko produkzio harremanetako hizkuntza ere.

Deialdia uztailaren 25era arte, igandea, egongo da zabalik. Parte hartzeko imprimakia bete beharko da eta bideoan (mp4) edo digitalean (mp3) grabatutako hiru kanta bidali beharko dira formularioarekin batera. Oinarriak webgunean jaso dituzte. 

Abuztuaren 2tik aurrera jakinaraziko dute Gasteizko hainbat musikarekin osatutako epaimahaiak aukeratutako proposamenak zeintzuk izan diren. Kantuen originaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izango dituzte irizpidetzat. Hautatutako proposamenen berri izandakoan urte osoko kontzertuen egutegia zehaztuko dute. Lehen kontzertua urriaren 7an izatea aurreikusten dute eta bi hilabeteko maiztasunarekin antolatuko dituzte.

Oihanederrek kontzertuak egin ahal izateko zenbait baliabide ipiniko ditu musikarien eskura: alde batetik, kontzertua egiteko baliabide teknikoak eta espazioa; eta, bestetik, emanaldiaren komunikazioa ohiko zabalkunde euskarrietan. Horrez gain, 200 euro ordainduko dituzte 50-75 minutu arteko emanaldia prestatzeagatik.

Ikusleen saria
Bestalde, publikoaren parte-hartzea sustatuko du deialdi honek, eta kontzertuetan bozkatzeko aukera emango zaio ikusleari. Oihaneder Euskararen Etxearen Youtube kanalean izango dira ikusgai kontzertuak eta 'atsegin dut' gehien jasotzen duen bideoa izango da irabazlea. Musikari bozkatuenari 100 euroko publikoaren saria emango zaio eta bozketan parte hartzen duten ikus-entzuleen artean Gasteizko musika denda batean gastatzeko 50 euroko bonoa zozkatuko dute.

Ekimen hau antolatzeko Musikari Euskal Herriko Musikari Elkartearen laguntza izan dute.