Egin beharrekoak ez ahazteko trikimailu batzuk

Egin beharrekoak ez ahazteko trikimailu batzuk Lan bat aurkitzen lagundu ziezazukeenarekin zenuen bilera pasa zaizu! Lasai, normala da, urte korapilatsuak daramatzagu eta gure garunean eragina dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egin-beharrekoak-ez-ahazteko-trikimailu-batzuk/@@download/image/pc-con-post-it.jpg
2021/10/05

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Lan bat aurkitzen lagundu ziezazukeenarekin zenuen bilera pasa zaizu! Lasai, normala da, urte korapilatsuak daramatzagu eta gure garunean eragina dute.
Egin beharrekoak ez ahazteko trikimailu batzuk

Oporretatik bueltan errutinara bueltatu beharrak ere ez ditu gauzak errazten eta desentrenatuak gaude guztira iristeko arte miragarrian. Gogo falta eta estresa elkar topatzen direnean ahanzturak ohikoagoak izaten dira adituen ustez, baina badaude horri aurre egiteko zenbait trikimailu. 

Adituek ematen duten lehen aholkua egin beharreko guztia idaztea da eta horiek egiten jartzea. Baina, benetan egin.. ez da nahikoa agenda polit bat erostea edo mugikorreko egutegia ireki eta apuntatzea. Egin beharrekoak ordenatu lehentasunen arabera eta egin! 

Adituek ematen duten bigarren aholkua justu aurkakoa da: apuntatu.
Ez zaizkizu adarra jotzen ari ez. Izan ere, egin beharreko zerbait ahaztu zenezakeela uste baduzu utzi apuntatuta eta ez egin guztia erdizka. Post-it bat jarri ordenagailuan edo hobekien ikusiko duzun tokian, horrela beste zereginak egin bitartean ez duzu ahaztuko horren garrantzitsua den hori, batez ere egin behar duzuna hori ohiko lan edo ekintzetatik ateratzen bada. 

Gauzez hitz egiteak ere gogoratzen laguntzen du. Mundu guztiari pasa izan zaio, norbaitekin hitz egiten ari zela zerbait gogoratzea: "Hara! Orain oroitzen naizela, bihar lagun batekin geratu naiz zinemara joateko, ahaztua neukan" eta behin esaten duzula forma hartzen duela dirudi eta zerbait erreala bilakatu. Lagunik ez baduzu edo ezin baduzu beraiekin geratu telelananaren biktima zarela eta, altuan esan diezaiokezu zure buruari eta hiru aldiz errepikatu. 

Alarmak jartzea da adituen beste trikimailuetako bat, a zer adituak, ezta? Ziur zu ere ondorio berdinera iritsi zarela!

Zenbait zereginetara ohitzeak, errutinak sortzen ditu eta hori da zerbait ez ahazteko biderik onena. Hori bai, ahazten bazaizu, norbere buruari barkatzen ikastea ere beharrezkoa dela diote adituek, ez baita larritu behar, guztiok egiten ditugu akatsak! Ez da beharrezkoa "barka zaitez" idaztea post-it batean ordenagailuan jartzeko, baina tira, horrek laguntzen badizu egin ezazu hori ere.