Egin bat Gure Esku Dago egitasmoarekin

Egin bat Gure Esku Dago egitasmoarekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egin-bat-gure-esku-dago-egitasmoarekin/@@download/image/gure_esku_dago_1384944848.jpg
2013/11/20
berria
Nazioen Mundua proiektuarekin autodeterminazioaren aldeko bidea abiatu ostean, Gure Esku Egitasmoak helburu bera lortzeko urratsak ematen jarraitzen du. Azaroaren 16an Durangoko Plateruenan aurkeztu zuten datorren ekainerako antolatzen ari diren ekintza: Durangotik Iruñearako giza katea.


2007. urtean Goierrin sortu zuten Nazioen Mundua, autodeterminazioa helburu duen egitasmoa. Erabakitzeko eskubidearen auziari buelta bat eman eta pilotak herritarren teilatuan egon behar duela argi zuten orduan idiazabaldarrek, eta pixkanaka, kanpora atera eta eskoziarren esperientzia oinarri harturik, eskubide unibertsal horren alde lanean hasi ziren. Bost urteko ibilbidea, gainera, iruditan grabatu eta Gazta Zati Bat dokumentala aurkeztu zuten iazko apirilean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Arrakasta itzela izan zuen.

Beraz, oinarri berberari eutsirik eta herritarren kohesioaren bidez indarrak biltzeko asmoz, urrats bat gehiago eman eta Gure Esku Dago dinamika abiatu zuten ekainean. Herriz herri, egitasmoaren berri emateko aurkezpenak egin dituzte, horretan dihardute oraindik, eta proiektuarekin bat egin duten tokian tokiko herritar taldeak sortzen joan dira.

Halaber, Eñaut Elorrieta eta Kepa Junkeraren musikari hitzak jarri dizkio Kirmen Uribek, beste hamaika abeslariren laguntzarekin batera, Gure Esku Dago kanta osatzeko.

Giza katea
Halaber, dinamikak hartu duen indarra erakutsi asmoz eta martxa dagoen herritarren mugimendua gelditzerik ez dagoela ikusarazteko, Durango eta Iruñea batuko dituen giza katea antolatzen ari dira datorren ekainaren 8rako. Iragan astean aurkeztu zuten proiektua, eta 123 kilometroko ibilbidea osatzeko 50.000 lagun beharko direla jakinarazi zuten antolatzaileek; pixkanaka horiek antolatzea izango da hurrengo urratsa.

Dena den, Angel Oiarbide egitasmoaren bozeramaileak adierazi moduan, hasieran katea luzeegia zela pentsatu bazuten ere, orain gero eta gehiago dira ibilbidea luzatzeko beharra ikusten dutenak.

Zuk ere zure ekarpena egin nahi izanez gero, jarri harremanetan zure herriko edo auzoko taldearekin eta haiek azalduko dizute nola lagundu; edota sartu hemen eta aukeratu zure metroa. Eta herrian halako talderik oraindik sortu ez bada, badakizu, zurea izan daiteke lehen harria!

Egitasmoaren inguruko info gehiago nahi izanez gero, ikusi aurkezpen bideoa.