Egia hipotetikoak

Ez omen dago oroitzapen alai bat baino oroitzapen tristeagorik. Noizbait zoriontsu izanak ereiten baitu noizbait sentituko dugun zorigaitza, aurrez zoriontsu izan ez bagina, ez genukeen konparatzerik izango eta. Nik uste, hein batean, horregatik diogula beldurra zoriontsu izateari, gero izateari utz diezaiokegulako.
Ez gaitu minak kezkatzen, poz faltak baizik. Mina konpondu egiten da, poza sortu egin behar da. Hutsetik, inpotentziatik, ezerezetik. Errazago jasaten ditugu amorrua, haserrea eta engainua. Jasan egin behar direlako, eta ez erantzun bat eman. Ez erantzuten ohitu gara, horretarako hezi gaituzte. Jasateko. Eta jasan egiten dugu, jasateari uzteko moduetan pentsatzeko astirik hartu gabe.
Ausardia falta zaigu. Zoriontsu izateko ausardia. Ausartzeko ausardia. Koldarrak gara, eta hori da gure porrotik handiena. Zorigaiztoko egiten gaituena, zoriontsu garenean ere. Historian zehar gehien erabili den koertzio-sistema da beldurrarena. Espainiar estatuak ere gustukoen duen mekanismoa da; ez duzu kalterik egin beharrik, jendeak kalte egiteko gaitasuna edo boterea duzula uste badu; baina finean, kaltea jasateko beldurrak ematen dio boterea kaltea eragin dezakeenari, ez egiten duen kalteak. Zigorraren, kaltearen, ondorioen menpe jokatzen dugu gehienetan, eta gehienetan horrek batzuetan izan behar luke, eta gehienetan batzuetan egiten dugun hori egin behar genuke. Arriskatu.
Bizitza osoa pasatzen dugu gure beldurrek sortutako arazoak konpontzen, beldurrak konpondu beharrean, eta errealitateak sortutako arazoak aztertu eta konpondu beharrean. Geure beldurrak asmatzen ditugu (egunerokoan, hedabideetan horretarako jarraibideak jasotzen ditugu egunero-egunero), eta horien kontura bizi gara. Edo horien kontura uzten diogu bizitzeari. Beldurrok aitzakiak baino ez direlako, beldurrak ez onartzeko aitzakiak. Gezurrak. Beldur guztiak direlako gezurrezkoak, egia hipotetikoak direlako.
Engainatua sentitzeko beldurra, geure buruarengan gehiegi sinesteko beldurra, besteengan sinesteko beldurra, saiatu eta ez lortzearen beldurra, engainatzeko beldurra, geure buruarengan gutxiegi sinesteko beldurra, saiatu eta lortzearen beldurra Beldurra diogu denari. Den-den-denari. Beldurrari izan ezik, izan behar geniokeen bakarrari izan ezik.
Nahikoa da. Irribarre batera jaus daitezela gure malkoak oroitzean, eror gaitezen, arriskatu gaitezen, borroka dezagun, sinetsi dezagun, amets egin dezagun, amorra gaitezen, maitemindu gaitezen, engaina gaitzatela, eta hil dadila beldurra bihotzekoak jota.