Efren Vazquez: “"Gidariok kirol hau arriskutsua dela badakigu”"

Efren Vazquez: “"Gidariok kirol hau arriskutsua dela badakigu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/efren-vazquez-quotgidariok-kirol-hau-arriskutsua-dela-badakiguquot/@@download/image/2011333618efren_1361530250.jpg
2011/03/04
elkarrizketa
Raul Perez
Qatar, Alemania, San Marino, Malaysia, Australia, Espainia… Bidaia agentzia baten jomuga zerrenda izan zitekeen, baina ez. Efren Vazquez Munduko Motoziklismo Txapelketan ari den bilbotarrak toki horietara eta beste batzuetara bidaiatuko du aurten.

Denera, 18 karrera izango dituzte Munduko Motoziklismo Txapelketako pilotuek. Lehena, hil honen 20an, Qatarreko Losail zirkuitu ezin ikusgarriagoan. Bertan aritu zen joan den urtean ere, eta ez hori bakarrik; podiumera igo zen aurrenekoz 23 urteko gidaria, hirugarren postuan sailkatu zelako. Iaz bezala, 125 zentimetro kubikotan ariko da, baina beste talde batean, Ajo Sporten, eta derbi markako motorra gobernatuko du. Joan den urteko txapeldunak gidatutakoaren oso antzekoa. Motor horretara egokitzeko garaia du. Beste bizkaitar bat, Herri Torrontegi gorliztarra, txapelketa irabazteko lehiatu zen duela urte batzuk, eta orain, Efreni dagokio Herriri –bere managerra da– lekukoa hartzea. Argi berdea piztu da, eta bagoaz galdetegiarekin, ziztu bizian.

Aurten ere oilarren artean izango zaitugu 125 zentimetro kubikotan.

Pribilegioa eta harro egoteko modukoa da Munduko Txapelketan talde ia-ia ofizialean egotea, oso lan talde gaituarekin. Euskal Herrian motoziklismoa lozorroan ez dagoela erakutsi ahal izango dut.

Beharbada ez dago lozorroan, baina Euskal Herriko oso pilotu gutxi iritsi zarete Munduko Txapelketaren erakusleihora...

BBKren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dut nik, baina laguntza hori gora iritsitakoan heldu da. Komeria asko bizi izan ditut: 5.000 gidarirekin lehiatu behar izan nuen lehen 22ren arteko toki bat eskuratzeko, eta 22 horietatik irabazlea eta biok baino ez gintuzten aukeratu, adibidez. Edozein modutan, oso une garrantzitsua izan zen hura, bi urtez motor lasterketetatik kanpora egon ostean itzuli nintzelako. Beste toki batzuetan, Katalunian adibidez, behe-behetik babesten dituzte motor gidariak.

Zer egin zenuen lasterketetatik at egondako bolada hartan?

Antzoki batean aritu nintzen eszenatokiak montatzen eta udaran aitarekin lan egin nuen, tailerrean. Futbolean ere jokatu nuen sasoi hartan. Ez, ez nuen uste bueltatzerik izango nuenik, baina aukeratxoa egon bazegoen. Gauzak gaizki doazenean babak eltzetik atera behar dira.

Kanpotik ikusita, diruak ezinbestekoa dirudi kirol honetan aurrera egiteko. Hala al da?

Dirurik gabe, jai daukazu. Kirol izatetik negozio izatera pasatu da motoziklismoa. Dirurik ez baduzu, ezin duzu aparteko helbururik Munduko Txapelketan izan eta litekeena da ez izatea gai ezta parte hartzeko.

Zure kasuan, dena ondo badoa, lasterketak uztean erretiroa hartzeko nahikoa diru pilatuta izango al duzu?

Ziurrenik ez, baina saiatuko naiz motorrekin lotutako negozioren bat jartzen. Herri Torrontegik egin zuen moduan. Lubrikatzaile enpresa txikia ireki zuen eta bizimodua ateratzeko lain ematen dio. Eta ez ahaztu 80 zentimetro kubikoko txapelketa irabazteko borrokan ibili zela, bi karrera irabazi zituela...

Joan den urtean aurreneko aldiz podiumera igo zinen. Zer ikusten da han goitik? Zer sentitzen da?

Urtetan egindako lan onaren uzta jasotzeko unea izaten da. Nork bere buruan eten moduko bat egiten du hor goian. Gazigozoa da; oso une pozgarria da baina, era berean, mementu txarrekin ere gogoratzen zara.

Aizu, Qatar telebistan ematen duen bezain ikusgarria al da?

Ba, ez dakit. Lasterketa bat gehiago da. Zirkuitu ikusgarria da, Qatarren egiten duten guztiaren adierazgarri. Behin baino gehiagotan izan naiz han, baina turismotik bat ere ez.

Turismoa karreretatik kanpo, orduan.

Etxekoia naiz, zeharo. Lasterketak eta gero senitartekoekin, neskalagunarekin eta adiskideekin lasai egotea atsegin dut. Eta horretarako ere denbora sobera ez dut, etxean nagoenean ere, goizean goiz jaiki behar baitut entrenatzera joateko.

1 Formulari 'zirkua' esaten diote, tamaina izugarriagatik. Zer goitizen jar diezaiokegu motoziklismo txapelketari?

Gerra modukoa da. Batetik gidariak daude, bestetik markak, babesleekin ere borrokatu beharra dago...

Lehen aldiz motor gainean noiz?

Aitak oparitutako motokros motoarekin; bera oso zalea izan da. Lagunak ere zaleak dira, baina inork ez zuen uste iritsiko nintzenik, ezta familiak ere. Orain lagunarte eta guzti daukat; 100dik gora zale. Oso pozik nago; zoragarriak dira!

Joan den urtean ikaratuta utzi gintuen zure eroriko batek. Urrian izan zen, Japoniako Motegi zirkuituan. Abiadura, jausteko arriskua... Nola daramazu koktel hori?
Zenbaitzuk ez dira jabetzen kirol honek dakarren arriskuaz. Ematen du batzuk horretaz ohartzen direla soilik Munduko Txapelketan piloturen bat hiltzen denean, iaz Tomisawa zendu zenean adibidez. Baina nik lagunmin bat galdu nuen Espainiako Txapelketan eta joan den urtean 12 urteko mutiko bat zendu zen AEBetan. Gidariok, ordea, konsziente gara. Zer egingo duzu? Erortzen zara eta zure atzetik doanak harrapatzen bazaitu...

Valentino Rossik hau guztiaren nagusia dirudi. Hala al da?

Motor gidari bat gehiago da. Egia esan, oso gutxitan hitz egin dut berarekin. Erreferentzia bat da, baina ez da Jaungoikoa. Bera, gainerako guztiok bezalakoa da: lan egiten du  eta irabazten saiatzen da. Nire pilotu kuttunak Ruben Xaus kataluniarra eta Ben Spies estatubatuarra dira.

[Hiru kategoria daude Motoziklismo Txapelketan: 125 zentimetro kubiko, Moto 2 eta Moto GP. Orain artean, eta aurten ere, lehenengoan lehiatuko da bilbotarra. 32 pilotu izango dira guztira. Joan den urteko txapeldunak, Marc Marquez kataluniarra ez du Efren Vazquezek kontrario izango, koska bat igo baita].

125 zentimetro kubikotan zabiltzatenek goiko kategoriara jauzi ematea izaten duzue amets, Moto 2ra igotzea. Hurbil ala urrun ikusten duzu hori?

Aurten nota ona ateratzen badugu, ziurrenik 2012 urratsa emateko urtea izango da. Onena eman nahi dut, eta horrek 2012ko aurrekontuan isla eduki dezan.

Joan den denboraldian Karlos Argiñano sukaldariak babestutako taldean egon zinen. Zer moduz moldatu zinen berarekin?

Hartueman gehiegi ez nuen izan harekin, baina oso pertsona mediatikoa da, eta beti umoretsu zegoen.