Edurne Herranen 'Social (T)Issues' erakusketa inauguratuko da gaur Gasteizko Montehermoson
Gasteizko Monterhermoso Kulturunean aurkeztuko da Edurne Herranen Social (T)Issues erakusketa, 2022ko deialdian hautatutako proiektu artistikoetan lehenengoa. Erakusketak "arropak gure bizitzan duen rolaz eta gizartean nahiz pertsonengan duen eraginaz hausnarketa egiteko aukera eskaintzen duela", azaldu dute antolatzaileek.
Erakusketan eguneroko egoerak deskribatzen dira; arropa balioak, nortasunak eta jabetzaren zentzua adierazteko erabil daitezkeen moduak arakatu ahal izateko ehungintzako eskulturak, argazkiak, instalazioak, objektu pertsonalak, eta dokumentazioa daude.
"Arropa gure bigarren azala dela esan dezakegu eta, babesa edo lotsa dela eta, geure burua estaltzeko behar izaten dugu. Eguralditik babesten gaitu, pribatutzat jotzen diren gorputzeko atalak ezkutatzen ditu, arau sozialetara eta aurreikuspen kulturaletara egokitzeko erabiltzen dugu, eta gure estilo pertsonala, nortasuna eta ezagutza kulturala erakusteko erabiltzen dugun autoadierazpenerako bitartekoa dela esan dezakegu", adierazi dute.

Edurne Herran Arte Ederretan lizentziatua da EHUn, eta Eskulturan, Berlingo KBWn. Gainera, Arte eta Sorkuntzako Ikerketa, Kultur Kudeaketa eta Argazki Garaikideko eta Proiektu Pertsonala masterrak ere egin ditu. Bere lanek egunerokotasunarekin, topaketarekin eta norbanakoen arteko komunikazioarekin dute lotura.
Erakusketaren inaugurazioa arratsaldeko 19:00etan izango da, eta apirilaren 16ra arte bisitatu ahal izango da, ur-biltegi zaharrean.

