Eduki elkarreragileak: alde ala aurka?

Eduki elkarreragileak: alde ala aurka? Ikus-entzunezko produktuen arteko lehia geroz eta bortitzagoa izanik, oso konplikatua bilakatzen ari da azken urteotan zinema, telebista edo Interneteko edukiekin jendea harrapatu, harritu eta fidelizatzea. Formatu eta plataforma berriek leihoak ireki dituztenetik, ordea, telebista, zinema, liburuak edota musika kontsumitzeko modua eta arauak aldatu dira. Formatu berriak sartu dira pixkanaka gure etxeetan eta, horien artean, azken hilabeteetan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den bat. Gu geu fikzioaren protagonista zuzen bilakatzen gaituzten eduki elkarreragileak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eduki-elkarreragileak-alde-ala-aurka/@@download/image/Captura de pantalla 2019-04-25 a las 09.24.45.png
2019/04/25

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Ikus-entzunezko produktuen arteko lehia geroz eta bortitzagoa izanik, oso konplikatua bilakatzen ari da azken urteotan zinema, telebista edo Interneteko edukiekin jendea harrapatu, harritu eta fidelizatzea. Formatu eta plataforma berriek leihoak ireki dituztenetik, ordea, telebista, zinema, liburuak edota musika kontsumitzeko modua eta arauak aldatu dira. Formatu berriak sartu dira pixkanaka gure etxeetan eta, horien artean, azken hilabeteetan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den bat. Gu geu fikzioaren protagonista zuzen bilakatzen gaituzten eduki elkarreragileak.
Eduki elkarreragileak: alde ala aurka?

Ideia hau, formatuaren barruan berritzailea izan arren, Gamebook moduan ezagutzen ditugun liburuetan ikusi genuen lehen aldiz, “aukeratu zeure abentura” ezagunetan adibidez. Irakurleak, eleberriaren barruan zeuden tramen arteko aukeraketa egin zezakeen, harturiko erabakiaren arabera amaiera batera edo bestera iritsiz. Ikus-entzunezko edukietan, izen ofizialik ezean, eduki interaktibo edo elkarreragile bezala ezagutzen dira. Paperezko istorio horiekin alderatuz, diferentzia nagusiena da liburuetan trama guztiak aldez aurretik idatzita daudela, mugiezinak dira nolabait. Telesail eta filmetan ordea, audientziaren parte-hartze, arrakasta eta erantzunaren arabera aldatzen joan daitekeen zerbait izaten da. Honek, telebistaren arau klasikoen aldaketa erradikala dakar. Lehen, igorlearen eskutik, hartzaileak norabide bakarrean eta era itxian jasotzen zuen mezu bat (telesaila) izaten zen; orain, erreminta berri honek ahalbidetzen du gustu eta lehentasunen arabera, erabiltzaileak bere ibilbidea diseinatu dezakeen joan-etorriko bide bat.

telesailak eta 'Skam' fenomenoa 

Ekoizpen berri hauekin batera eskutik doazen ezinbesteko tresnak Internet eta sare sozialak izanik, target konkretu bati egokitzen jakitea ere ezinbestekoa bilakatu da. Adin guztietarako moldatzen den formatua izan arren, nerabeen artean ari da izaten arrakasta handiena. Horren adibide nabarmenena Norvegian sekulako zalaparta sortu duen Skam telesaila. 2015 urtean NRK telebista publikoak mugarria ezarri zuen ekoizpen honekin. Zein izaten ari da nerabeei zuzenduriko ekoizpen honen arrakastaren funtsa? Lehenik, telebistaz gain, sareetan ere kontsumitzeko sortua izan dela. Bata bestearen euskarri bilakatu dute. Bata, bestearen laguntzarik gabe, herren geratzen da. Eta bigarren, fikzioak errealitatera salto egiten duela. Istorioko pertsonaiek, fikziotik kanpo, audientziarekin elkarreragiten dute; sare sozial propioak dituzte, tramaren barruko bideo eta argazkiak errealitatean txertatzen dituzte. Audientzia gazte hori istorioaren barruan sartzen jakin izan dute, azken finean. Sorturiko zarata hain handia izan da, nazioartean sei remake prestatzen ari direla une honetan. Nordikoek transmedia narrazioaren olatu hori aprobetxatu nahian, 2017. urtearen amaieran, Hvor er Thea? ere estreinatu zuten. 


Herrialde nordikoetatik kanpo ere adibide ugari topatu daiteke. Iaz, HBO telebista kateak, adibidez, Mosaic izeneko miniseriea estreinatu zuen. Steven Soderbergh zuzendari ezagunaren lan berria. Doako aplikazio bat deskargatuz, ikusleak tramaren barruko hainbat erabaki hartzeko ahalmena izango du. Netflix plataformako beste bi adibide: iaz estreinatu zen Black Mirror: Bandersnatch eta Bear Grylls ezagunaren You vs. Wild - azken hau nahiko kaskarra eta bideo-jokoetatik gertuago dagoela esango nukeen arren-. 

PLATAFORMA BERRIAK

Adibide konkretuez gain, aipaturiko plataforma digital horiek hasi dira pixkanaka egokitzen. Netflix-ek, adibidez, umeei zuzenduriko lehen telesail elkarreragileak sortu zituen iaz, Buddy Thunderstruck eta Puss in Book: Trapped in an Epic Tale. Etxeko txikiek ikusitako abenturei buruzko iritziak partekatu ditzakete, zer gustatu zaien gehien, gutxien eta abar. Ez pentsa, dena den, eduki berezi hauek sortzea erraza denik. Gidoia lantzerako orduan korapilatsuagoa bilakatu baitaiteke lana; eta produkzio aldetik erronka handiagoa planteatu dezake. Dena garestiagoa bihurtzen dela, alegia.

INTERNETEN ERAGINA

Interneteko munduak gaur egungo ekoizpenetan duen garrantzia eta indarra Stranger Things telesail ezagunaren lehen denboraldian ere antzeman daiteke. Sare sozialetan #JusticeForBarb (justizia Barb izeneko pertsonaiarentzat) traola mundu mailako Trending Topic bilakatu ostean, ikusleek pertsonaia honekiko tratu duina eskatu zuten. Sortzaileak, iritzi guzti horiek kontuan hartu, eta saiatu dira pertsonaia horren etorkizunari beste ikuspuntu bat ematen. Twitter sare sozialak behartu du kasu honetan telebista elkarreragilea izatea.

 

ONDORIOA

Alde ala aurka egon, garaiak aldatzen ari dira -onerako eta txarrerako-, eta nazioarteko belarriek entzuten jakin izan dute “mugimendu” berri hau eragiten ari den zarata. Pentsa noraino heltzen ari den: normalean, pantaila txikiko fikzioan nahiko atzean ibiltzen den Espainiako Estatuan ere, hasi direla gauzak astintzen. Si Fueras Tú izan zen transmedia narrazioa erabiltzen duen Espainiako lehen telesail interaktiboa. Astero telesailaren ikusleek hautatzen zuten bozketa baten bitartez saioaren zenbait tramak nola jarraitu behar duten.

Noizko Euskal Herrian garai berriei egokitzen diren euskarazko telesailak?