EDO!, euskal argitaletxe independente eta autofinantzatua

EDO!, euskal argitaletxe independente eta autofinantzatua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/edo-euskal-argitaletxe-independente-eta-autofinantzatua/@@download/image/20126224946edo.jpg
2012/12/13
berria
EDO!, euskal argitaletxe independente eta autofinantzatua
Literaturaren alorreko hamaika eragilek orain bi urte abiatutako proiektua da EDO! Argitaletxea, eta berriki ikusi du argia. Helburua gainerako argitaletxeetan publikatuko ez liratekeen kalitatezko euskal ekoizpenak argitaratzea da, eta horretarako bazkideek, harpidedunek eta lankideek osaturiko sarea eratu dute. Urtean gutxienez bost lan argitaratzeko asmoz jaio da, eta aurtengorako, behintzat, badituzte lehenak.

Iragan apirilaren 20an egin zuten agerpen ofiziala, baina udararekin batera iritsi dira lehen aurkezpenak. Lanbide eta jardun anitzeko literaturzaleek osatu dute taldea, hiru multzotan banatua: bazkideak, urtero diru kopuru bat jarri eta proiektuan lan egiteko aukera izango dutenak, taldeko erabakietan zuzenean parte hartuz; harpidedunak, urteroko kuota ordaintzeaz gain, argitalpenak jaso eta proposamenak egiteko aukera izango dutenak —ez zuenean erabakiak hartu—; eta lankideak, proiektuei loturiko lan zehatzak egingo dituztenak, horien baitan erabakiak hartzeko gaitasuna dutelarik.

Uneotan, hain zuzen, 50 bazkide eta 85 harpidedun ditu EDO!k, eta ikusiko da aurrerantzean kopuruak gora egiten ote duen. Horiez gain, 11 lagunek osatzen dute talde eragilea.

Esan bezala, EDO!ren helburua ez da argitalpen munduan dagoen ezer ordezkatzea, aurkakoa baizik: egun dagoen eskaintza osatzeko eta aberasteko sortua da. Beraz, argitaratuak izateko zailtasunak izan ohi dituzten euskarazko testuak, antzerki obrak, hitzaldiak, ilustrazioak, nobela grafikoak, saiakera laburrak, iritzi artikuluak, hitzaldiak… izango ditu jomuga.

Paperean urtean gutxienez bost liburu argitaratzen saiatuko da EDO!, eta Interneti dagokionez, editorial digital bat sortuko du. Hala, liburuak Internet bidez publikatu eta zabalduko ditu, eta literaturaren hipertestua jorratzen hasteko bide bat abian jarri.

Beraz, literaturzale sarea aktibatu eta harremanetan jarriko du harpidedun sistemarekin batera, oro har, literatur munduaren baitan mugitzen diren eragileak elkarloturik egon daitezen, eta atzerriko zein gainerako argitaletxeekin ere harremanetan izango da, ez lehian.

EDO!ren oinarriak


Euskarazko argitaletxea da, irabazi asmorik gabea, eta beraz, bazkideen ekarpenen bidez finantzatua. Gainera, borondatezko lanak argitaratuko ditu, bazkide eta lankideak baitira proiektua bultzatzen dutenak. Erabakiak adostasunez hartzen dituzte, eta salmentari beharrean, edukiek jartzen diete EDO!k arreta.
Alderdi politiko, gizarte mugimendu, erakunde publiko eta kultur industrietatik independentea da, eta kalitatea eta seriotasuna ditu oinarri. Pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa sustatzeko asmoa du, gainera, argitaletxeak.

Aurtengo argitalpenak


Begikoak bildumaren baitan, bi sormen lan:
Maite Gurrutxaga (lan grafikoa)
Gari Garaialde (argazkiak)

Literola bilduman:
Gen Eroa deseraikitzen (artikuluak)

Xortak bildumaren baitan:
Harkaitz Cano idazlearen hitzaldia
Eta Karmele? Samara Velteren testuan oinarritutako antzerkia
Hormako paper horia, Charlotte Perkins Gilmanen testua, Ana Moralesek itzulia