Edertasunaren ibiltokian aurrera

Edertasunaren ibiltokian aurrera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/edertasunaren-ibiltokian-aurrera/@@download/image/59p42-1_1366188781.jpg
2006/01/06
elkarrizketa
Luzia Alvarez
Fokuak, ibiltokiak… Inoiz amestu al duzu modaren munduan saiatzea? Agian baduzu aukeraren bat. Modan dabiltzan askok diotenez, jende ezkutu asko dago moda-munduan ibiltzea inoiz planteatu ez duena, baina horretarako balio duena. Top model izateko zein pauso eman behar diren jakiteko, Donostiako First Models agentziako zuzendari Iñigo Olasagastirekin hitz egin dugu.       

Iñigo Olasagasti moda-diseinatzailea da. Orain dela 14 urte ireki zuen bere agentzia. "Orduan ez zegoen agentziarik, eta publizitaterako argazkigile gehienek lagun, anai-arreba edo ezagunekin egiten zuten lan. Azken finean, ez da horretarako prestatuta dagoen jendea". Moda munduan hasteko, moda-agentziek eskaintzen dituzten ikastaroak egiten hastea da hoberena.

Modelogaiei beharrezko guztia irakasten zaie: ibiltokian takoi altuekin desfilatzen, kameraren aurrean askatasunez mugitzen, zuzen makilatzen eta orrazten… "Kurtso hau ez da modeloentzat soilik", dio Iñigok. "Bere gorputzari probetxua atera nahi dion edonorentzat egokia da".

Baina zein lan-aukera eskaintzen dizkigu mundu honek? Denetarik omen dago, esate baterako, publizitatera zuzendutako kontuak: katalogoak, iragarkiak… Eta baita, noski, ibiltokiak eta desfileak ere. "Gipuzkoan ez dago mugimendu askorik ibiltokiei dagokienez; Bizkaian zertxobait gehiago dago".

Agentzietan, gutxieneko adin bat eskatzen zaie ikastaroa egiten hasteko. "Neskekin, 13 urtetik aurrera egiten dugu lan. Adin horretan, nahiko diziplinatuak izaten dira, eta gogoz egiten dute lan. Neure esperientzia oso ona izan da. Mutilekin, ordea, 17 urteak betetakoan hasten gara, gorputzaren garapena bestelakoa baita".    

Prototipoak prototipo

Modelo izateko, ezinbestekoa da oso ederra, eta oso altua, eta oso argala izatea. Baina gero etae gehiago, "prototipo arruntagoak" eskatzen ari dira publizitate mundurako. "Batzuetan, telefonoz deitzen dizute, eta kaleko jendea dirudien jendea behar dutela esaten dizute, ez dutela top model itxura duen norbait nahi". Horretaz gain, "kasu harrigarriak" ere gertatzen dira. "Orain dela urte batzuk, itsusia omen zelako eskolan barre egiten zioten neska bat etorri zitzaigun, bere amarekin. Orrazkera aldatu zioten, makilatzen irakatsi, bekainak depilatu, zuzen ibiltzen erakutsi… eta sekulako eraldaketa egin zuen. Amak beste pertsona bat zirudiela esan zuen", kontatzen du Iñigok. Baina, behar ote dira horrelakoak?

Argaltasuna eredu?

Askotan, agentziei leporatzen zaie modeloek izaten dituzten pisu-arazoen errua. Iñigok dioenez, egia da modeloek sekulako presioa jasaten dutela pisuan mantentzeko, baina hasieratik egia esaten zaie. "Madrilera edo Bartzelonako ibiltokietara joan nahi izanez gero, pisua galdu beharra izaten da, gehienetan. Baina hori modeloen eskuetan dago. Mundu osoko ibiltokietan eskatzen den zerbait da".

Kasualitateak

Bada moda-munduan sartzeko beste era bat ere: talentu-ehiztariak. Edozein lekutan bilatzen dituzte modeloak, txoko guztietan. Gehientsuenetan, halabeharrez aurkitzen dituzte, gainera: aireportuetan, arropa-dendaren batean, jatetxeetan… "Batzuetan, zaila izaten da, ez baita erraza edozein lekutan pertsona batengana gerturatu, eta zure txartela ematea", dio Iñigok. "Askok harriduraz begiratzen zaituzte, ez baitute inoiz pentsatu horretarako balio dutenik". Kontua da, ibiltokiaren tontorrera ere eraman gaitzakeela kasualitateak; hala gertatu baita behin baino gehiagotan. Baina, gailur hori garestiegi ateratzen ote da? Gogorregia al da? Hori bakoitzaren erabakia da.

Zer behar da modelo izateko?



Mundu hori gustuko izatea da garrantzitsuena. Ez da jolasa, eta beraz, benetako interesa izan behar da mundu horrek dakarren guztia jasateko.Nazioarteko ibiltokietan modelo izateko, ezinbestekoa dira ondorengo baldintzak. Neskak: 1"74-1"83 m bitartean neurtzea, eta gehienez ere 36-38 neurria izatea.

Mutilak: gutxienez 1"84 m neurtzea. Gorputz mota modaren arabera aldatzen da: orain urte batzuk, oso mutil sendoak eskatzen zituzten; orain, aldiz, argalak nahiago dituzte, fibrosoak baina bolumen gutxikoak.

Helburu apalagoa izanez gero, ordea, nahikoa da 1"65 m neurtzea, miss izateko edota publizitate argazkigintzan aritzeko, esaterako. 90-60-90 zm-ko neurria mitoa eta tontakeria dela dio Iñigok. “Altueraren araberako zerbait da. Ez da berdin neurri horiek izatea 1"65 m neurtu edo 1"80 m neurtu”. Hala ere, badira neurri edo izari zertxobait handiagoa eskatzen duten ibiltokiak. Adibidez, ezkontza-soinekoak erakusteko, 40 neurria duten modeloak eskatzen dira, eta soinekoak bularrez ondo betetzen dituztenak.

Azkenik, eta honek ez du esan nahi garrantzi txikiagoa duenik, argazkigintzan aritzeko ezinbestekoa da fotogenia; hots, argazkietan ondo eta natural agertzea, eta kameraren aurrean ondo ematea.

Hori al da edertasuna?


Festak, desfileak… Askotan kritikatzen da munduan alde batetik bestera bidaian ibiltzen diren top modelen bizitza-erritmoa. Baita argal egoteko daukaten presioa ere. Egia esan, eskandaluz beterik dago moda mundua.

Duela hilabete pasatxo, hain zuzen, eskandalu ederra lehertu zen mundu horretan. Izan ere, lurrikara mediatikoa eragin dute Kate Moss kokaina hartzen harrapatu zuten irudi haiek. Modelo guztiei galdetu zaie, droga ea noraino dagoen sartua moda munduan. Norberak nahi duen punturaino sar daitekeela adierazi dute modelo askok; hots, batere ez, edota sakon-sakoneraino. Momentuz, Mossen defentsan agertu dira drogekin arazoak izan dituzten beste modelo batzuk, Naomi Campbell, adibidez. Kate Moss tratamendua jasotzen hasi da dagoeneko, eta bere bizitza guztiz aldatzeko asmoa duela adierazi du. Bien bitartean, hasieran kontrakoa zirudien arren, Kate Moss berriro kontratu handiak sinatzen hasi da marka handiekin.

Drogez gain, anorexia eta bulimia dira moda-mundua gogor astintzen duten beste bi arazo. Nazioarteko ibiltokietan eskatzen den argaltasun-kanona, presio handia da beren bizitza modara bideratu nahi duten gazteentzat. Batzuk alarma jotzen hasiak dira, hezurretan dauden modeloak ikusi izan baitira ibiltokietan, beren gorputzak baino gehiago pisatzen duten soinekoak jantzita. Hori al da edertasuna? GAZTETXULOtarren ustez ez, behintzat.