Eder Antia: "Fanatikoak garenok ez dugu eski estazioen beharrik"

Eder Antia: "Fanatikoak garenok ez dugu eski estazioen beharrik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eder-antia-fanatikoak-garenok-ez-dugu-eski-estazioen-beharrik/@@download/image/eder_antia_01_1385553001.jpg
2013/12/05
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa
Txikitatik skatezalea, eski gainean ez zuen esperotakoa aurkitu Eder Antiak (Aretxabaleta, 1982). Hala, snowboarda probatu eta freestylean egin zuen bere lekua; 2006an Astunen lehen txapelketa irabazi zuen, eta ordutik hainbat babesleren laguntza jasotzen du.


Zein ezberdintasun dago snowboardaren eta eskiaren artean?
Nahiz eta leku berean praktikatu, guztiz ezberdinak dira. Diferentzia nabarmenetako bat aipatzekotan, gorputzaren posizioa aipa daiteke. Eskiatzerakoan gorputzaren posizioa naturala da, normalean oinez goazela daramaguna. Snowboardean aldiz, alboz doa gorputza, eta ondorioz, gorputzari erakutsi egin behar zaio posizio horretan joaten. Snowboardaren alderik zailenetakoa horixe da.

Esan ohi da eskizaleen eta snowboardzaleen, edo ‘palillero’ eta ‘tablero’-en arteko harremana ez dela oso ona…
Ni mugitzen naizen freestyle eta freeride zaleen artean oso harreman ona daukagu guztiok.

Snowboarda kirol garestia da, materialaz gain, eski pistetako zerbitzuak erabiltzeko ordaindu behar dena kontuan hartuta. Azken urteetan krisiaren ondorioz jende gutxiago dabil pistetan?
Noski, krisiak lehentasunak birplanteatzera garamatza, eta normala da pistetan jende gutxiago ikustea. Hala ere, kirol honen fanatikoak garenok ez dugu eski estazio baten beharrik. Elurra, materiala eta gogoa nahikoa dira. Kamara eta palak hartu, mendira oinez igo eta bertan gure erara moldatzen gara. Baita kalean baranda eta bestelako oztopoak baliatuz ere.

Zer du berezitik kalean aritzeak?
Bizi ditugun abenturak, hori da gure nortasuna. Gainera ni skatetik nator, eta snowboardak skatearen eragin nabaria du. Bestetik, kalean aurkitzen dituzun oztopoei aurre egin eta horiek gainditzea izugarria da. Eta normalean jendeak erabiltzen ez dituen objektu edo lekuei probetxua ateratzeak ere badu xarma berezia. Irudimena eta ausardia behar dira, besterik ez.

Zer da beharrezkoa kalean snowboarda praktikatzeko?
Gogo asko, ausardia, palak, sokak, gauez argia, grabatu nahi izanez gero kamarak, tripodeak eta bateriak, janaria eta edaria. Eta abiadura hartzeko tramankuluren bat. Kalean normalean aldapa handirik ez dagoenez, abiadura hartzea da gehien kostatzen dena. Guk orain Winch deitzen diogun motore bat erabiltzen dugu. Soka bat du lotuta, eta pizten duzunean, soka abiadan batzen du. Snowboarderrak sokari heltzen dio, eta inpultsatu egiten da. Bestela, soka elastikoak ere erabil daitezke, edo bultzatzen zaituzten lagunak!

Pistetan aldiz, snowboardzaleek normalean markatutako pistetatik kanpo ibiltzea duzue gustuko. Zergatik?
Probatu beharra dago arrazoiak jakiteko. Surfera gehien hurbiltzen den sentsazioa jausi berri dagoen elurra zapaltzea da. Azaltzen oso zaila da. Aurpegira jausten zaizun elurra, flotatzen ari zaren sentsazioa, abiadura, bakardadea mendiaren aurrean, zeure bidea aukeratzea, jaisten zarenean zure sinadura bidean geratzen dela ikustea… Pistetan ere gustura aritzen naiz, baina beste kontu bat da.

Ez al da arriskutsua?
Noski baietz. Nahiz eta teknika ona eta baliabide egokiak izan, mendiak beti dauzka bere arriskuak. Horregatik, beti jarraitu behar dira segurtasuna bermatzeko gomendioak: elur geruzak zein egoeratan dauden aztertu sonda eta pala erabiliz, Arva izeneko tramankulua zurekin eraman elur-jausi batek harrapatuz gero aurki zaitzaten, ez ibili inoiz bakarrik, zu baino beherago daudenei elur-jausirik ez eragin…

Pistetan snowboarda praktikatzeko gune bereziak gero eta ohikoagoak dira, jauzi, baranda eta antzerakoekin. Pistan ala snowparkean dibertitzen zara gehiago?
Snowparkean noski, freestylea praktikatzeko gunerik egokiena delako.

Ba al duzu eski estazio gustukoenik?
Ezagutzear dago oraindik… kar, kar, kar.  Baina orain arte ezagutu ditudan guztien artean, dudarik gabe, Kalifornian (AEB) dagoen Mammoth estazioa izan dut gustukoen.

Txapelketetan ere aritu zara. Snowboardean zein lehiaketa modalitate dago? 
Hiru modalitate nagusi daude: Big Air edo jauzi handien lehiaketa, Slope Style edo jauziak eta barandak uztartzen dituena, eta Half Pipe edo ‘u’ formako jaitsiera. Horien artean, nik Big Air eta Slope Style praktikatu ditut gehien.
 
Eta nola moldatu zara txapelketetan?
Ondo. 2007tik hona Hydrophonic Pipe Factory, Exponatur Freestlye, F.T.P. Formigal Terrain Park edota Freestyle Days Aka Freekiss lehiaketak irabazi ditut. Eta beste hainbat lehiaketatan, Vlc Skimountain, Mallamute Challenge edota Protest Manifest-ean adibidez, podiumean izan naiz.

Snowboardean aritzeko ohiko kirolaria izan behar da? Betidanik kirola praktikatu duena?
Ez du zertan, trebetasuna baita garrantzitusena. Hala ere, serioski praktikatzeko eta konpetizioetan parte hartzeko, gorputza sasoian izan behar da, eta burua kolpeak hartzeko prest.