Edari energetikoak, uste zena baino okerragoak

Edari energetikoak, uste zena baino okerragoak Oso onak ez zirela bagenekien, baina... ezagutzen al dituzu eragiten dituzten kalteak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/edari-energetikoak-uste-zena-baino-okerragoak/@@download/image/bebidas.jpg
2019/01/09
berria
Oso onak ez zirela bagenekien, baina... ezagutzen al dituzu eragiten dituzten kalteak?
Edari energetikoak, uste zena baino okerragoak

Inoiz edan duzu edari energetikorik? Azterketetan? Kirola egin ondoren? Parrandan, alkoholaz nahastuta? Osasunarentzat kaltegarriak direla askotan entzun dugu, baina... zeinen ondo datorren noizbehinka kafeina dosi eder bat!

Denda den, kontuz ibili; American Heart Association sistema kardiobaskularra ikertzen duen elkarteak egindako ikerketaren ondorioz, edari hauek uste zena baino askoz ere kaltegarriagoak baitira. Ikerketak ondorioztatu duenez, hauetako edari bakar batek gure presio arteriala eta kortisol maila izugarri igotzen du; hain zuzen, estresaren hormonatzat jotzen da kortisola, gorputzak kopuru handian sortzen baitu alarma egoera baten aurrean. Hala, edari hauetako bat edatea nahikoa da gure gorputzean eragin negatiboak sentitzeko.

Ikerketan parte hartu duten pertsonek soilik ordubete behar izan dute edariaren eragin negatibo horiek sufritzeko. Hala, kafeinak, taurinak, azukreak eta endotelioan aurkitzen diren bestelako hainbat belarren konbinazioak sekulako danbatekoa eragiten du gure sistema kardiobaskularrean. Noski, gaindosi honek ez du zuzenean heriotza eragiten, baina taupadak areagotu ditzake, botagura, mareoa, hipertentsioa eta bestelako efektuak eraginez. Eta bai, kontsumoak hil zaitzake. Ikerketak ondorioztatu duenez, edari energetikoak kontsumitzen dituztenen hipertentsioa igo egin daiteke, eta baita diabetes 2a eragin.

Kontuan izan edari energetiko batek hainbat kafe huts edalontzi adina kafeina duela. Eta hori ez da arazo handiena; okerrena da kafeina kantitate hori bat-batean edaten dugula, gorputzari asimilatzeko denborarik eskaini gabe.

DEBEKUAK

Edari energetikoek gazteen artean duten arrakastarekin larriturik, hainbat herrialde hasi dira debekuak martxan jartzen; ala, Frantzia erabateko debekua jartzen saiatu da, baina enpresen presioak debekua alboratzera behartu dute. Australian, Danimarkan, Uruguain eta Turkian debekuak dituzte kafeina kopuru handiko edariek, eta Erresuma Batuan debekatuta dago edari energetikoak 16 urtetik beherakoei saltzea.