Ebaristo: "Julio Cesarren garaian ere baziren punkiak"

Ebaristo: "Julio Cesarren garaian ere baziren punkiak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ebaristo-quotjulio-cesarren-garaian-ere-baziren-punkiakquot/@@download/image/52p38-_1366745193.jpg
2005/05/06
elkarrizketa
Sasoi betean da Ebaristo. Aguraingo oilar honek diskoa kaleratu berri du Gatillazo izeneko bere talde berriarekin, eta izugarrizko abiadan erantzun ditu gure galderak.

Zenbat urte zenituen 1975ean?
Hamabost urte. Gasteizko Ramiro de Maeztu institutuan negoen, eta bigarren urtea zen niretzako, inguruan fraile eta monjarik izan gabe.

Fraile eta monjarik gabe, ondo ibiliko zinen…

Hain justu, orduntxe utzi nion ikasteari, presiorik gabe geratu nintzenean: futbolariei bezala gertatu zitzaidan, liga irabazita dutenean, alfertu egiten dira haiek ere.

Zer moduzko ikaslea zinen?

Gaitasuna nuen azken orduan gauzak gogoan gordetzeko, eta horrexegatik, ikasle ona ematen nuen. Benetako ordua heldu zitzaidanean, kimika eta abar… hor nahastu nintzen.

Francoren heriotza txuri-beltzean oroitzen al duzu?

Ondo oroitzen naiz, eta koloretan, gainera. Gasteizen langileekin gertatutako istiluez ere gogoratzen naiz. Ni orduan hasi nintzen lehen gauzak idazten, baina ez nuen espero musika talde batean bukatuko nuenik.

Francoren hileta-elizkizuna telebistaz ikusi al zenuen?

Ez. Eskolan pare bat egunez jai eman ziguten: pagotxa ederra!

Nolakoa zen Agurain 1975ean?

Garai hartan, "Euskadi", "Ikurriña" edo antzeko zerbait esanez gero, jendeak zertaz ari zinen ere ez zekien. Nik dakidala, orduan Agurainen lagun batek bakarrik zekien euskaraz, eta egun, ikastola dago.

1975etik hogeitamar urte igaro eta gero, nola liteke punk musika oraindik bizirik egotea?

Punk-a izen bat besterik ez da, botereari kontra egin dion jende bihurri eta arraroa beti egon baita. Nik punk-a aldizkarietan ikusi nuen lehen aldiz, baina haiek ere aurreko taldeen eragina zuten: New York Dolls, Iggy Pop, MC5… Julio Cesarren garaian ere baziren punkiak.

Gaur egun, nola ikusten duzu punk mugimendua Euskal Herrian?

Primeran, baina ez da 80eko hamarkadan bezala, orduan berbenetatik punk-era igaro baikinen. Hura eztanda bat izan zen, eta ondorioz, dena errazagoa zen. Nik gaur egungo hogei urteko gazteei ezin diet aholkurik eman…

Zein alde dago orain arte aritu izan zaren taldeen eta Gatillazo proiektu berriaren artean?

Funtsean gauza bera da, musikariak aldatu dira soilik. Nik ez dut ezer berririk egin nahi, abestiak egin nahi ditut, aspertu gabe. Niretzako entsegu lokalera joatea, eta abesti berri bat ateratzea, mundiala da.

La Polla, itzuliko al da inoiz oholtza gainera?

Ez. La Polla modu tontoan jaiotako taldea izan zen, eta hil ere, halaxe hil zen: modu tontoan.