EAEko erakundeak euskarazko hedabide ez publikoekin mahaia eratzeko ados agertu dira

EAEko erakundeak euskarazko hedabide ez publikoekin mahaia eratzeko ados agertu dira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eaeko-erakundeak-euskarazko-hedabide-ez-publikoekin-mahaia-eratzeko-ados-agertu-dira/@@download/image/20115177746topagunea_agerraldia_I.jpg
2012/12/13
berria
Harremanetarako mahaia osatzeko prest daude instituzio publikoak, baina ez dute bermatu euskarazko hedabideek diru laguntzei dagokionez eskatutako %25eko igoera gauzatuko dutenik.

Euskarazko 80 hedabide ez publikoren –tartean GAZTEZULO– ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Otsailetik hona ordezkaritza honek Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Bizkaia, Araba nahiz Gipuzkoako diputazio eta alderdi politikoekin izandako bileretatik ateratako ondorioak ezagutarazteko asmoz egin dute agerraldia (Ipar Euskal Herrian oraindik bilera prozesuan daudela argitu dute).
Joan Mari Larrartek (Berria Taldea), Jasone Mendizabalek eta Joxe Rojasek (Topagunea), Inazio Agirrek (Goiena) eta Xabier Letonak (Argia) azaldu dutenez, EAEko erakunde publikoek euskarazko hedabideekin mahai bat eratuko dute irailetik aurrera. Bileretan eskatutako diru laguntzen igoerari, ordea, "krisian gaude" hitzekin erantzun diote instituzioek.
Izan ere, mahaia eratzeko eskaeraz gain, beste bi gai izan dira hizpide nagusi erakunde publikoekin izandako elkarrizketetan: diru-laguntzak batetik (%25 igotzeko eskatu diete), eta publizitate instituzionala bestetik (%25 euskarazko hedabideetara bideratzeko eskatu diete).


Kanpaina bateratua abian



Bide batez, joan den otsailaren 1ean argitaratutako editorial bateratuaren ildo beretik, euskarazko hedabide ez publikoen ordezkariak sektoreak dituen behar eta erronkez mintzatu dira Koldo Mitxelenan egindako agerraldian.  
Gainera, aurreratu dute hedabide hauek –tartean GAZTEZULO– kanpaina bati ekingo diotela ondorengo leloekin: 'Duten garrantziaz jabetzeko, faltan izan arte itxoiten dugu maiz' eta 'Euskarazko hedabidea, denon beharra'.