Dusty Hill, ZZ Top talde mitikoko, baxu-jotzailea hil da
Triste jartzen gaitu albisteak. Dusty Hill bere Houston-go etxean hil da lotan zegoen bitartean, iragarri dute Facebook bidez. Guk, ZZ Top taldearen mundu osoko zale guztiekin batera, bere presentzia irmoa faltan botako dugu eta baita bere konpromiso iraunkorra ere. Faltan botako zaitugu, lagun.
Pasa den uztailaren 23an, ZZ Top taldeak Hill-ek zenbait kontzertu galduko zituela iragarri zuen aldakako arazo batzuengatik eta zehaztu zuen bere ordezko baxu-jotzailea Elwood Francis izango zela. Oraingoz ez da zehaztu heriotzaren arrazoia.
Bere bizar luze nahasezinak sinbolo bihurtu dira jada rockaren historian. ZZ Top taldeak 1970. urtean hasi zuen bere ibilbidea Billy Gibbons gitarran, Dusty Hill baxuan eta Frank Beard baterian zituela. Taldeak lehenengo hamarkadan bluesa eta rocka egiten zituen, Tres Hombres (1973) bezalako diskoetan, bertan zegoelarik La Grage abestia.
Euren momentu handia, ordea, 80. hamarkadan iritsi zen, euren proposamena berritu zutenean jatorrizko soinua apur bat baztertuz eta ukitu moderno eta elektronikoak emanez hirukoteak sortzen zuten musikari. Garbi ikusten da hau Eliminator (1983) diskoan adibidez. Disko horretan daude Gimme All Your Lovin', Sharp Dressed Man eta Legs abesti arrakastatsuak. Honela, garai hartako Estatu Batuetako rock talde arrakastatsuena bilakatu ziren.
Taldearen zuzenekoek ere kritika onak besterik ez zituzten jaso, kalitatezkoak baitziren eta energiaz beteak. Urteetan zehar gainera, sekulako egonkortasuna erakutsi duen taldea izan da, jatorrizko hiru musikari sortzaileek jarraitu baitute elkarrekin jotzen 50 urtez, Hill-en heriotza baieztatu den egunera arte.

