Durangorako iparrorratza

Durangorako iparrorratza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/durangorako-iparrorratza/@@download/image/durangorako_ipa_1371132922.jpg
2010/12/03
erreportajea
Durangorako iparrorratza
Durangoko Landako Erakustazoka inurritegi hutsa izango da hilaren 4tik 8ra bitarte. Zaila izaten da zurrunbilo horretan nork bere iparra jarraitzea, zerrenda aldez aurretik ongi zehaztuta eramanda ere. Honako hau inongo inposizio asmorik gabeko iparrorratza duzu, noraezean ibili nahi ez duzuenentzako proposamena. hiru alorretako profesional banari eskatu dizkiegu gomendioak. 

INES OSINAGA, GOSE TALDEKO ABESLARI
Musika

"Durangokua azoka bat baino gehixau da. Jendiaz alkartu, liburu ta disko pare bat eskuratu, egileekin bertatik bertara berbatxo pare bat ein, Ahotseneatik bueltia emun… ardau pare bat hartu ta, zelan ez, kontzerturen bat ikustera juen. Neu honei hiru diskuok erosteko asmuaz juengo naz, baina badakit, urtero bezala, eskuratzie pentzetan ez nauen laugarren batekin be bueltako nazela. On eiñ janak eta gatxik ez edanak!"

• 'Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak'. Askoren artean. Bidehuts, 2010.
"Gustu eta kariño handiz osatutako lan bikoitza, Euskal Herriko hainbat taldek Mikel Laboaren kantuetatik abiatuta egindako bertsioak biltzen dituena". 

• 'Petti & Barrence Whitefiel'. Petti eta Barrence Whitefiel. Gaztelupeko Hotsak, 2010.
"Bi musikarien arteko elkarrizketa, hizkuntza bera hitz egin gabe elkar komunikatzea posiblea dela frogatzen duena".

• 'Eta tira eta tunba'. Joseba Tapia. Zakurraren biolina, 2010.
"Liberal eta karlisten arteko gerra musikala, hauspoaren eta metalaren artekoa".

KATIXA AGIRRE, IDAZLEA ETA EHU-KO IRAKASLEA
Literatura

• 'Bitsa eskuetan'. Miren Agur Meabe. Susa, 2010.
"Emakume ausart batek idatzitako poema liburu ausarta. Gai gogorrak tratatzen dituen arren (amaren heriotza, besteak beste) esperantzaz beteriko liburua da. Hunkigarria eta ederra benetan".

• 'Fikzioaren izterrak'. Ur Apalategi. Susa, 2010.
"Beste ipuin liburu bat, oraingoan euskal literatur mundutxoa hizpide duena, baina zurrumurru eta gaiztakeria hutsaletik harago doan lana, azken finean giza miseria baita bere mamia. Apalategiren libururik onena".

• 'Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940).'
Jurgi Kintana. Pamiela, 2009.
"Detektibe nobela baten moduan irakurtzen den saiakera bat. Gure literaturak azken mende eta erdian bizi izan dituen nondik norakoak ezagutzeko parada gustagarria, euskal idazle zenbaiten alde ilunak ezagutzeko aukera ere bai".

• 'Autokarabana'. Fermin Etxegoien. Pamiela, 2009.
"Azken Euskadi saria da, eta benetan oso gertuko liburua (gaurkoa eta hemengoa), pertsonai nagusi errealista dauka, erabat maitagarria eta gorrotagarria aldi berean".

TXABER LARREATEGI, DOKUMETALISTA 
Ikus-entzunezkoak

• '69'. Nikolaj Viborg. Eguzki bideoak, 2010.
"'Gaztetasunaren etxea' izena jaso zuen eraikinaren kasuaren bitartez, okupazioaren gaia jorratzera datorkigu Nikolaj Viborg. Danimarkako hiriburuan 1897an eraikitako etxe historiko hau 1987an okupatu zuten eta hogei urte geroago indarrez hustu; 437 atxiloketa eta 15 kartzela zigor ekarri zituen deman. Eguzki bideoak kolektiboaren eskutik euskaraz azpititulatuta datorkigu". 

• 'Irrien lagunak'.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Katxiporreta, 2010.
"Pirritx ama izan ondoren, Ongi etorri Pupu eta Lore diskoarekin batera Irrien lagunak DVDa dakarkigute pailazoek. Urnietan grabatutako ikuskizunaz gain, hainbat erreportaje eta bideoklip biltzen ditu, etxeko txikiekin (edo hauek gabe) gozatuz ikasteko (edo alderantziz) aukera aparta. Gora irrien lagunak!".

• 'Debekatuta dago oroitzea'.
Txaber Larreategi eta Josu Martinez. Eguzki bideoak, 2010.
"Dokumentalak 36ko gerraren harira Saturraranen preso egondako emakumeen bizipenez eta gerora inposatu zaien isiltasun eta memoria ezaz dihardu. Gai honen promozioa egitea da nire intentzioa, berau ezagutzea beharrezkoa baita, eta beharrezkoa baita gaiari gaurkotasunez begiratzea".

• 'Banlieues: Pariseko matxinada.'. 
Hacmovies. Eguzki Bideoak, 2010.
"2005eko urrian, segurtasun indarrak atzetik zituztela, nerabe bi hil eta hirugarren batek zauri larriak jasan zituen. Honen harira Pariseko periferiako auzoetan jazotako istiluak dakartza gogora dokumental honek. Euskal Herrira (euskaraz azpititulatuta) estreinatu eta hiru urtera heldu bazaigu ere, istorio honek ez du gaurkotasunik galdu frantziar estatuan etorkinen afera pil-pilean dagoen honetan".

Jon Urbe, Argazkilaria



• 'Baso baten egunerokoa'. Ander Olaizola. Autor Editor, 2010.
"Baina ez daukat Azokan topatzeko esperantza handirik, Durangon, tamalez, ez baita argazki libururik izaten".

Iratxe Esnaola, Informatika ingeniaria



"Ezinbesteko geldialdia EUS domeinuaren standean. Proiektua behin betiko abiatzeko atxikimenduak biltzen ari dira eta. Bota sinadura!".

Juan Vallejo, Alpinista



"Euskalarria eskalada gidaren edizio berria eskuratuko nuke  argitaratuta balego. Cuatro Gatosek kaleratu zuen 2005ean Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta zurrumurrua dabil ez ote duten berria argitaratuko".

Elixabet Aizager, EHZ jaialdiko arduraduna



• 'Okatxu hegal egiten'. Asisko Urmeneta, Mattin Irigoien eta Adur Larrea. Komunikazio Biziagoa S.A.L., 2010.
"Axuri baten bizitzako lehen urtea kontatu dute komikian".

Estitxu Fernandez, Telebista aurkezlea



• 'Ertzeko zatiak'.
 Jon Sarasua. Komunikazio Biziagoa S.A.L., 2010.
"Espiritualtasun handiko egilea da eta, oraingoan, Hegoaldeko herriei buruz hausnartzera garamatza".

Ilazki Serrano, Telebista aurkezlea



•"Eskarmentuaren paperak". Andu Lertxundi. Elkar, 2010.
Berak sinatzea lortzen badut, hobe. Hori da Durangoko Azokaren gauzarik onena: sortzaileekin eurekin izaten den gertutasuna”.