Durangoko Azokako egitaraurako proposamenak egiteko epea bihar zabalduko da
Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era izango da eta, ohiko moduan, ekoizpenen erakusketaz gain, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak eta musika zein antzerki emanaldiak antolatuko dira. Egitaraua osatze aldera, sortzaile, argitaletxe eta disketxeek propamenak bidaltzeko aukera izango dute bihartik urriaren 15era bitarte. Azokako gune hauetarako bidaliko dira proposamenak: Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia.
Ahotsenean liburu (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta disko aurkezpenak izango dira, 25 eta 30 minutuko iraupena izango dutenak hurrenez hurren. Liburu aurkezpenei dagokienez, solasaldiak, errezitaldiak, performanceak... proposa daitezke eta diskoen alorrean, ordu erdiko kontzertuak izango dira. Bien kasuan, euskaraz sortutako lanak izan beharko dira, 2023an kaleratuak eta aurkeztuko den nobedadea Durangoko Azokan salgai egon beharko da.

Irudienean, Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak... Kabi@ gunea, berriz, teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egiteko lekua izango da, hitzaldiak, jokoak eta tailerrak, esate baterako.
Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak… Szenatokian dantza eta antzerki pieza laburrak egongo dira ikusgai eta Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dioten gaiei buruzkoak.
Izen-ematea Durangoko Azokaren webgunean egin ahal izango da bihartik aurrera, 10:00etan hasita, izen-emateen atalean.
