Durangoko azoka: Egin apustu!

Durangoko azoka: Egin apustu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/durangoko-azoka-egin-apustu/@@download/image/durango_1417428_1451992920.jpg
2014/12/01
erreportajea
Testua: Iratxe Esnaola
49. urtez badator Durangoko Azoka. Aurten korrika-korrika, AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren 19. edizioak omenduko duenez.

Zu ere, gazte, urte osoan zain izan eta lasterka joatekoa al zara? Drogazalea speed-era doan abailan stand eta aurkezpen guztietara hurbiltzeko irrikaz al zabiltza? Beharbada, trankil joanen zara sormen lanak behiak hausnarrean legez gozatzen dituenaren patxadaz. Edo, akaso, Euskal Herriko kultur erakustoki bizienera hurreratzeko asmorik ez duzu aurten ere.
Abailan edo lasai joatekoak zaretenentzat, eta are, inguratzeko asmorik ez duzuenentzat ere, jolas proposamena hemen. Durangoko Azoka mahai-jolas handi bat bihurtu dugu. Zure Azokarekiko atxikimendu maila zein den asmatu nahi baduzu aukeratu jarraian datozen kategorien artean bat. Zorte on eta barrenak agin dezala.

Ez dut inoiz egin


Ikastolan ikasia, euskaraz hezia eta GAZTEZULOko irakurlea izan arren ez baduzu inoiz Durangoko Azoka zapaldu hauxe da zure kategoria. Ez da euskal sormenaren aurka zaudela, baina zalantzak dituzu euskal kultura inguratzen gaituzten beste kulturen mailara iristen ote den. Fede txarrik gabe, e! Gauza da euskalduna txikian txoko iruditu izan zaizula beti. Demonio! Zainetan odolik baduzu aurtengoa da hurbildu eta zure aurreiritziei behin betiko arrazoia eman edo kentzeko urtea. Zer irudi duzu Durangoko Azokaz? Ireki adimena eta borroka aurreiritziak! Esan egia ala gezurra diren jarraian datozenak:

Ahotsenea espazioan, hala eskatu duen sortzaile orori egiten zaio lekua aurkezpen, solasaldi, kontzertu eta abarrak eskaintzeko.
  • Egia
  • Gezurra
Kameratoia deituriko ikus-entzunezkoen Rally lehiaketan 48 ordu dituzu film labur bat osatzeko. 
  • Egia
  • Gezurra
Antzerki maratoiaren egunean pintxoa eta txakolina konpartitzeko aukera egon ohi da antzezleekin batera.
  • Egia
  • Gezurra

Aditu adiktoa



Abendu berri bat heldu ahala azokara zenbatetan etorri zaren zenbatzeko eta akordatzeko gai ez bazara, duda gabe, hauxe da zure taldea. Ez dio axola aurten kontsumitzeko dirurik izan baduzun ala ez; zuri horrek bost. Garrantzitsua gertaera sozial kultural hau ez galtzea da. Katalogo osoaren berri baduzu; badakizu zer liburuk eta zer diskok merezi duen zure eskuek haztatzea eta zeintzuek ez duten merezi zure begien pausaleku izatea ere. Ez alferrik zaude euskal kultur mobidan sartua! Adi, ba, aditu-adikto alaena! Bertso honetan datoz literatura nobedade hainbaten izenburuak. Jakin badakizu izenburu bakoitzaren atzean dagoen egilea nor den? Hala bada hobe, denen artean okerren bat bada eta. Zein ez da liburu baten izenburua?

Nevadako egunak
Arantzak barrurantz
Gerra Txikia
baita
Neguko mezua
Black is beltza
Durangon
Auskalo
Nevadan
negu beltz orok ditu
Hutsaren itzalak

Tupper bare


Zure lagunekin bare eta trankil ibili eta aspaldiko lagunak topatuz gero, hobe! Hauxe bada zure filosofia Durangorantz abiatzen zarenean, hementxe topatu duzu zure lekua. Trago batzuk hartu, bazkaritarako plana egin eta paseotxo bat eman zer ikusiko eta zer entzungo. Argi esanda, susmoa daukagu kultur azoka edo ganadu feria, alde askorik ez dela zuen koadrilakoentzat denak elkarrekin eta lasai zareten bitartean. Demostra iezaguzue zuentzat azoka asteburuko beste plan bat baino gehiago dela! Jarri martxan gorputza, zorroztu belarriak eta lotu estilo musikala eta lan berri bakoitza dagokion taldearekin.

a) Tradizioa ordenagailu bati konektatu eta betiko hauspoarekin jolastu. Joseba Sarrionandiaren hitzak, Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoen lanez lagunduak aurkituko dituzu diskoan. Zeintzuk dira musikari nekaezin eta parranda sortzaile hauek?

- On
- Skakeitan
- Gose


b) Ahots gabekoen ahotsa! (2013) diskoaren ostean, bueltan da berriz ere inoiz baino indartsuago donostiar taldea. Ez esan euskal musikaren panorama gaztetik urrundua zarela!

- On
- Skakeitan
- Gose

d) Rock melodikotik abiatuta hainbat errotan blaituriko musika jorratzen dute. Gure orografiaren makina bat txokotan rockeatzen aritu dira urteotan, eta urtebetez kantak prestatzen aritu ondoren, hona bigarren diskoa. Ziur gaztetxeren batean ikusi dituzula!

- On
- Skakeitan
- Gose


Militante tunante


Manifestazioak, euskararen aldeko ibilaldiak, batzarrak, bilerak, kontzentrazioak… Euskal Herriko errepideak korritzen iaioak zarete bateko konpromiso eta besteko jardunaldi. Berdintasun sozialerako eta eskubideen bermerako lan egin beharra non, zuek zangoa han. Hauxe duzue zuen tokia, militanteak. Jakina, ez duzue Durangoko parada galduko aurten ere. Erosi eta sakelan eramango dituzue urte osorako bi agenda, badaezpada; bata Bilgune Feministarena, bestea, Askapenarena. Eta, jakina, ez diezue bisita ukatuko ezta ere Euskal Herrian Euskaraz, Berria, Ataramiñe eta postu enparauei.
Baina zertara dator tunantearena? Ez gaitezen engaina, elkar ondo ezagutzen dugu eta. Badakigu militanteek tunanteki edateko duzuen fama beteko dela aurten ere. Badakigu parranda zoroan amaituko duzuela Sapuetxe Gaztetxeko azoka alternatiboaren jiran, eta ez preseski paperak galduta, baizik erositako bi agendak galduta! Zuek: urte osoan egutegi estresagarriak izan eta agendarik gabe ezin bizitzera ohituak gauzkazuen militanteak! Asma orain, aldez aurretik eta prebentzioz, 2015. urtean asteko zer egunetan tokatuko den Martxoaren 8a! 

Itxurosoa



Lotsarik gabe esan badezakezu Gabonetako opariak erostera zoazela Durangora, itxuroso hutsa zara. Zure zoriona ezagun jendeak bertan izan zarela jakitea dela badakigu. Eta zer hoberik bertan izan zarela demostratzeko artista baten sinadurarekin etxera bueltatzea baino? Itxuroso, heldu da egiaren garaia! Ea datozen argazkien artean aurten Durangon zein sortzaile ez den izango asmatzen duzun!

Erantzunak


Honaino jolasarenak, gazte. Azokaren inaugurazio egunaren zain geratzea besterik ez da tokatzen orain. Zure kategoria aurkitu duzun jakin nahi duzula? Erantzun guztiak asmatu gabe geratu bazaizkizu, segi Durangora. Denak azertatu badituzu egin nahi duzuna. Durangoko Azoka eta zu bat eta bakarra zarete dagoeneko.