Durangoko Azoka aurrez aurrekora itzuliko da

Durangoko Azokaren 56. edizioa abenduaren 3tik 8ra izango da baDA! lelopean, eta aurrez aurreko salmenta eta online denda uztartuko ditu. Landakogunean 220 erakusmahai baino gehiago egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra, eta online denda abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan azokaren webgunean.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak adierazi duenez, "itzuliko dira erakusmahaiak, korridoreak, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia; eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!". Aurrez aurrekora itzultzeko apustua egin dute, beraz, eta aurrerago zehaztuko dituzte Landakoguneak izango duen edukiera eta azoka bisitatzeko hartu beharreko osasun neurriak.
Aurrez aurreko salmentaz gain, online denda ere erabiliko dute salerosketarako. Bertan erosi ahal izango dira Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, ipuinak...
Egitarauan parte hartzeko aukera
Egitarauari dagokionez, azokak aurrez aurreko jarduerak ere izango ditu abenduaren 4tik 8ra, gune eta diziplina ezberdinetan. Horrez gain, Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak eta Ahotseneako zuzenekoak ere jarraitu ahal izango dira webgunean. Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak urriaren 29ra bitarte: Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@ eta Saguganbara. Szenatokiko egitaraua itxita dago eta, beraz, ez da aukerarik egongo kultur proposamenak bidaltzeko. Proposamenak helarazteko galdetegia bete beharko da. Ahotsenearen kasuan, berriz, bere webgunearen bidez egin behar da.
Azokako antolakuntzak zehaztu duenez, proposamena egiteak ez du esan nahi egitarauan lekua ziurtatua izango denik. Jasotako proposamen guztiak aztertu eta guneetako kudeatzaileek erabakiko dituzte egitarauaren nondik norakoak. Lehentasuna izango dute euskara hutsezko lanek, urte barruan argitaratutakoek eta azokan salgai daudenek.
Leire Urbeltzen kartela
Leire Urbeltz sortzaile iruindarrak Desipuindegia izeneko lana sortu du Durangoko Azokaren 56.edizioarentzat. Kartel koloretsu honetan, Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, baina gaur egunera ekarrita, “erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. Irudi moderno eta gaurkotuarekin, kartelean kulturaren plaza osatzen duten elementuak topa daitezke, hala nola biniloak eta liburuak, eta baita Kili Kuir izeneko pertsonaia ere, Anbotoko magalean. Egileak 60ko hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du, Durangoko Azokako lehenengo edizioenarena, alegia.
Urbeltzek Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren lizentziatura eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasi zituen, eta ondoren Bartzelonan eta Madrilen eman zien jarraipena ikasketei. Bere lanak Seul, Juarez, Pekin eta Estatu Batuetan izan dira ikusgai, eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroan ibili da lanean zazpi urtez. Egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten duen bitartekaritza eta hezkuntza lanekin uztartzen du sormen lana.