Durangaldeko ikerlari gazteentzako hirugarren deialdia egin du Gerediaga Elkarteak
Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariketa antolatzen du gazteen artean Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartea zaindu, ikertu eta zabaltzeko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko asmoz. Horretarako, euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera ematen dituzte.
Durangaldeko edozein udalerritan kokatutako edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lanak aurkeztu daitezke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika... Lanak jatorrizkoa eta euskarazkoa izan beharko du. Bestetik, eskatzailea, edo eskatzaile taldeko kide bat gutxienez, Durangaldeakoa izan beharko da, edo bertan bizi edo ikasten duena.

Aurkeztuko diren lanak lau formatu hauetakoren batean izango dira: artikulua, 2.000-4.000 hiz artekoa; poster akademikoa, 52 cm x 86 cm; ikus-entzunezkoa, 4-8 minutu artekoa; podcasta, 10-20 minutu artekoa. Lanak bi kategoriatan sailkatuko dira, adin-tarteen arabera: 18 urte artekoak, eta 19 urtetik 35 urte artekoak. Sariei dagokienez, 18 urte artekoen kategorian 500 eurokoa izango da, eta bestean, 1000 eurokoa.
Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 8ra arte luzatuko da eta posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@gerediaga.eus helbidera.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke. Edozein zalantza izanez gero, gerediaga@gerediaga.eus helbidera idazteko eskatu dute.
