Durangaldeko ikerlari gazteentzako deialdia egin du Gerediaga Elkarteak
Gerediaga Elkartetik Durangaldeko Ikerlari Berrien Sariaren bigarren edizioa jarri du martxan, eskualdeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuz.
Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango dira, eta bi kategoria izango dira: batetik, 18 urtera artekoena, eta, bestetik, 19-35 urte bitartekoena. Bakarkako edo taldeka aurkez daitezkelanak. Deialdian parte hartzeko nahitaezkoa izango da Durangaldean bizi edo ikastea eta taldeka aurkeztuz gero, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.
Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan beharko da eta edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika... Lana euskara hutsean egin beharko da, eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
Apirilaren 17ra arte aurkeztu ahalko dira lanak. Iruri Altzerreka Martinez zuzenbide ikasleak, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatuak eta ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako Liher Larrañaga Gabiriak osatuko dute epaimahaia.
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.
Lehen deialdiko irabazleak
Hiru gaztek jaso zuten saria aurreko deialdian. Zornotzako Peio Martin Estevez 17 urteko gazteak Andaluziatik Euskal Herrira etorritako amonaren bizipenak jasotzen dituen Elkarrizketa amamarekin ikus-entzunezko laburra egin zuen. Zaldibarko Ibone Gomez Tamayo 18 urteko gazteak Euskal bidaiariak izeneko ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen, Durangaldeko hainbat herritan barna egindako bidaia, toki bakoitzeko leku esanguratsuenak erakutsiz. Azkenik, Durangoko Adrian Burgada Ereñok,29 urtekoak, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen duen idatzizko ikerketa-lana egin zuen.

