Durangaldean, bertsolariak koplatan

Durangaldean, bertsolariak koplatan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/durangaldean-bertsolariak-koplatan/@@download/image/durangaldeko_ko_1369809617.jpg
2013/05/28
berria
Ekainaren 7an, ostirala, hamabi bertsolarik hartuko dute parte Durangaldeko Bertso-eskolak antolatutako I. Kopla Txapelketan, Plateruenan. Afalosteko saioa izango da, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko.


Aurten lehen aldiz, bertsoen muga gainditu eta Durangaldeko I. Kopla Txapelketa antolatu du bertako bertso-eskolak. Txomin Magdalena eta Markel Onaindia ariko dira gidari lanetan, eta hamabi bertsolarik, nor baino nor, koplatarako duten dohain ezkutua erakutsi beharko dute txapela eskuratzeko.

Zita ekainaren 7an izango da, ostirala. Iluntzeko 21:00etan afaria banatuko dute Durangoko Plateruenan 15 euroren truke, eta horren ostean, 23:00ak inguruan, hasiko da kopla txapelketa. Hori bai, bigarren honetara soilik joan nahi duenak ez du ezertxo ere ordaindu beharko. Aldiz, afarirako sarrerak Kafe Antzokian edota beronen webgunean eskuratu daitezke.

Ghetto arduratuko da gau-jaiari soinu banda propioa jartzeaz, eta nola ez, hamabi bertsolariren ahotsak izango dira protagonista nagusiak: Txabel Altube, Aitor Bizkarra, Miren Amuriza, Igor Elortza, Erika Lagoma, Gorka Lazkano, Juan Mari Areitio, Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Beñat Ugartetxea, Garikoitz Sarriugarte, Ander Aldazabal eta Ane Alegriak hartuko dute parte.

Durangaldeko Bertso-eskolak adierazi duenez, herritarrentzat bereziki sortutako saioa izango da, eta aretoa goraino betetzea espero dute.