Dupla: “Euskarri bisual bat eduki behar du musikak, beti diogu kontzertu baten erdia bisuala dela”.

Nekazaritza ingurune batean musika urbanoa egiten duen taldea bezala definitzen zarete. Zer du urbanotik eta zer du nekazaritza ingurunetik zuen musikak?
Guk horrela definitu genuen gure burua musika urbanoa egiten genuela esaten zigutelako. Urbano hitzak beti egin digu grazia asko, zeren gu Aguraingoak gara eta musika urbanoa deituak beti izan du lotura hirietako auzo jakinekin, zementuzko etxebizitza blokeetan sortua izan baita. Estetika hori izan du bederen. Eta guk musika mota hori egiten dugu bai, baina landa ingurune batean. Ez dugu abeltzaintzari buruz abesten, baina hori izan zen apur bat gure lehendabiziko bideoan erakutsi genuena: gure ingurua, gure herria eta gure jendea nolakoa den.
Elektronika eta hip-hopa uztartzen dituzue. Euskal Herrian ez dira oso ohikoak horrelako estiloak, zer nolako harrera eduki duzue?
Beste talde batzuetatik gatoz, egin dugu rocka, punk-rocka... Estilo askotan aritu gara, elektronika ekoizten ere ibiliak gara eta orain hau egiten dugu. Harrera nahiko ona izaten ari da, egin ditugun kontzertu eta bideoetan, jendeak oso ondo hartu du. Herrian bertan ere harrera ona izan dugu, batzuk agian ez dute oso ondo ulertzen kontzeptua, adinekoek batez ere esaten digute: “ez dut askorik ulertzen, baina gustatzen zait!” Kontzertuetan ere jendea oso gustura egoten da eta kontzertuak ateratzen ari dira, beraz, ezin hobeto. Halere, egia da Euskal Herrian ez direla oso ohikoak edo ez direla oso begi bistan egon diren estiloak, baina egon egon dira, eta badirudi orain arreta gehiago dutela. Komunikabideetan lekutxo bat egiten zaie behintzat. Ea joerak horrela jarraitzen duen eta leku handiago bat egiten zaion.
Youtuben ikus-entzunezko atalak ateratzen hasi zineten, gaur egun musika irudirik gabe ulertzea zaila al da?
Guk argi geneukan abestiak atera behar genituela banaka eta euskarri bisualarekin. Egun kontsumitzerako garaian, klikaren garaia da eta ez genion zentzurik ikusten disko fisiko bat ateratzeari kanta sorta batekin, zeren jendeak ez ditu abesti guztiak entzuten, entzuten du singlea eta kito. Orduan, jokaldi hori egitea erabaki genuen, horrela jendeak kantu guztiak ezagutzeko. Guk argi dugu, euskarri bisual bat eduki behar du musikak, beti diogu kontzertu baten erdia bisuala dela. Horregatik, kontzertutan guk eramaten ditugu gure argiak, arropa ere zaintzen dugu... saiatzen gara bisualak izaten. Bai, zuzenekoetan eta bai youtubeko bideotan ere.
Folklore deitutako lehenengo lan kontzeptuala argitaratu duzue, zer eskaintzen dio entzuleari lan honek?
Durangoko azokan aurkeztu genuen Folklore lana. Disko kontzeptuala da, bost kantuko EP bat eta hor aurkitzen dena ba folklorea da -barreak-. Bertan hitz egiten dugu gure belaunaldiak ikusten duenaz, edo gure inguruan ikusten dugunaz. Gure adineko bi mutilek daukaten ikuspuntuari buruz ari gara. Gurekin batera bi kolaborazio ere egon dira, trap, hip hop, rap eszena honen beste bi erreferente hain justu: Xsakara eta Juantxo Aracama. Euren laguntza izan dugu gure lan honetan.
Musika aurkezteko goxoki musikatuak diseinatu dituzue Duplatxusak deitutakoak, nondik etorri zen ideia?
Duplatxusak ideia bazkari batean atera zen, ez genuen diskorik atera nahi, ez genuen USBrik atera nahi... nahi genuen zerbait berriarekin joan Durangoko Azokara. Aukera eman ziguten stand batean gure lana aurkezteko eta gure joera berritzailea mantenduz QR kodeen ideia atera zen. Azkenean, buelta batzuk eman ondoren, pentsatu genuen txupatxus baten bidez aurkeztea gure lana. Hasiera batean ideia zen goxokia jan behar izatea zen eta behin jatean barruan izatea kantua, baina logistika aldetik ezin izan genuen burutu asmoa eta azkenean txupatxusaren kanpoaldetik jarri dugu QR kodea. Iruditzen zaigu nahikoa txukun geratu dela eta harrera ona izan du. Oso pozik geratu gara ideia honekin. Horregatik, ez dugu baztertzen udan izozkiak ateratzea eta hauek jan behar izatea.
Diskoa bezalako formatuak zaharkituak geratu al dira?
Bai, guk uste dugu baietz, diskoak eduki zuen pasa den hamarkadan bere ibilbidea, baina niri orain disko bat ematen didatenean badakit non sartu, ez daukat ordea non sartu, ordenagailu eramangarrietan ezin dira diskoak sartu, autoek ere ez dituzte diskoak hartzen, entzuleek gaur egun Spotify-en entzuten dute musika... biniloak bueltatu dira erromantizismoagatik eta ulertzen dugu fenomeno hori, baina gu ez gara horretan sartu, zeren ez Garik, ez nik ez dugu binilo irakurgailurik sekula eduki... ez nuke jakingo binilo bat nondik hartu ere, baina CDa kaleratzearena bai ez genuela inondik inora ikusten.
Trapa gain izango al da rocka ordezkatzeko Euskal Herrian?
Ez dakit ordezkatu den hitza, ez baita lehia bat, baina uste dut orain dela garaia estilo honi ikusgarritasuna emateko. Estatu Batuetan gertatu zen orain dela urte asko, Espainian ere ari da zabaltzen eta bada garaia Euskal Herrian ere zabaltzeko. Egia da hemen oraindik oso kontserbadoreak garela zentzu horretan, bai musikalki, arlo politikoan... beti arlo politikoan musika oso presente egon delako, baina mundu mailan gertatzen ari den fenomenoa da eta Euskal Herrian ere egingo du bere lekua.
Etorkizunera begira zein dira zuen helburuak?
Momentuz orain bezala jarraitu, urte bete daramagu, talde gaztea gara zentzu horretan eta ez genuen espero hain harrera ona izan eta horrenbeste kontzertu ateratzea. Beraz, asmoa orain arte bezala jarraitzea da, kantuak egiten, bidea egiten eta kontzertuak ematen.
Dupla zuzenean ikusteko gogoz geratu bazara badituzu zenbait aukera:
Urtarrilak 9: Kafe antzokia, Bilbo (Bizkaia)
Urtarrilak 31: Sala Lone Star, Tenerife (Espainia)
Otsailak 14: Gaztetxea, Oñati (Gipuzkoa)
Otsailak 15: La Carbonera, Iruña (Nafarroa)
Martxoak 6: Burubio Kultur Elkartea, Amurrio (Araba)
Martxoak 14: Gaztetxea, Orio (Gipuzkoa)
Apirilak 4: Sanagustin, Azpeitia (Gipuzkoa)
Apirilak 27: Jimmy Jazz aretoa, Gasteiz (Araba)
Irailak 18-19: Donostia Festibala, Donostia (Gipuzkoa)
Urriak 24: Ordizia Rock, Ordizia (Gipuzkoa)