Duolingo

Duolingo https://www.gaztezulo.eus/albisteak/duolingo/@@download/image/sarezulo_1378381235.jpg
2013/09/09
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Duolingo
Sarean nabigatzen ari garela, hizkuntza oztopo bilaka daiteke. Zorionez, hizkuntzek dituzten mugei onura ateratzeko gai diren hainbat plataforma eta erreminta sortu dituzte.


Sarean badira nahiko ongi funtzionatzen duten eta lagungarri gerta daitezkeen hainbat itzulpen tresna automatizatu, Google Translate esate baterako. Hala ere, askotan ez da nahikoa izaten eta, horregatik, ingelesa eta txinera Sarean jaun eta jabe direla jakinda, komenigarria izan daiteke hauetako hizkuntzaren bat ikastea. Ingelesaren kasuan, Duolingo izan daiteke erabilgarria, baina hau aurkezten hasi aurretik, egin dezagun urte batzuk atzera.

Captcha hitza aipatuta, zer datorkizue burura? Eta webgune batean erregistratu ahal izateko edo iruzkin bat txertatzeko idatzi behar izaten ditugun letra distortsionatuak aipatzen baditut? Oraingoan bai, zertaz ari naizen ulertzen duzuelakoan nago. Captcha hauek Interneten zabaldu den segurtasun sistema eraginkorra dira, loginari robotak ez garela konfirmatzeko balio digu, eta spam arazoak saihesteko ere bai. Luis Von Ahn guatemalarrak sortu zuen eta, segurtasun aldetik oso eraginkorra den arren, erosotasun aldetik baditu gabezia batzuk.

Zenbait ikerketaren arabera, munduan egunero 200 milioi lagunek erabiltzen dute Captcha sistema, eta pertsona bakoitzak hamar segundu behar ditu hauetako kode distortsionatu bat betetzeko; hortaz, biderketa eginda, gizakiak egunean 500.000 ordu pasatzen ditu Captchak ebazten. Von Ahn-ek bere atsekabea azaldu izan du hainbesteko denbora galeraren aurrean, eta horregatik sortu zuen reCaptcha deritzona.

Bigarren sistema honetan, bakar baten ordez, erabiltzaileak bi hitz idatzi behar ditu. Nahiz eta denbora bikoitza behar den, reCaptcha bakoitza betetzen dugunean, zeharka, ordenagailuek liburuak digitalizatzeko orduan ulertzen ez dituzten hitzak azaltzen laguntzen ari gara. Beste modu batera esanda, egunean 200 milioi pertsonak liburuak digitalitzeko lanetan laguntzen dute. Ideia oso erakargarria zen, noski, eta Googleek Von Ahn-i erosi zion.

Oraingo honetan erronka are handiagoa du guatemalarrak esku artean: Sarea goitik-behera hizkuntza ezberdinetara itzultzea gustatuko litzaioke. Horretarako, hizkuntza bat baino gehiago dakien eta itzultzaile lanetan gogotsu aritzeko prest dagoen jendea behar du, baina zaila da ezaugarri horiek betetzen dituzten milioika lagun aurkitzea eta, beraz, horren ordez, Duolingo plataforma sortu du. Plataforma honi esker hizkuntza bat doan ikas dezakegu eta, gainera, bien bitartean, Internet osoa itzultzen ariko gara! Ikaragarria! Esate baterako, ingelesa ikasten ari garela, esaldi bat gaztelerara edo frantsesera itzultzeko eska diezaguke sistemak. Itzuli behar dugun esaldi hori Sarearen parte da, zehatz-mehatz ingelesezko Wikipediarena, adibidez. Suposa dezagun egunean 30 lerro itzultzen ditugula eta sistema hau, reCaptcha bezala, milioika lagunek erabiltzen dutela. Hala bada, Wikipedia itzultzeko prozesua benetan azkarra izan daiteke.

Modu horretan, hizkuntza berri bat ikasteko prozesua polita bezain interaktiboa bihur daiteke. Esaldiak idatziz itzultzeaz gain, ahoskatu ere egin behar dira mikrofono aurrean, gramatika ez ezik, hizkuntzaren fonetika ere ikasteko. Lagundu Sarea beste hizkuntza batzuetara itzultzen hizkuntza berri bat ikasten duzun bitartean!

HARRITU GAITU



Mintzanet
Skype bidez Euskara ikasi nahi duen eta euskaraz hitz egin nahi duen jendea harremanetan jartzen duen web orrialdea.

KATXONDOENA



Joseba Larratxe Tumblr
Joseba Larratxe artistaren tumblr-a. Umorea eta kritika soziala nahasten dituzten marrazki erakargarri zein harrigarriak.

INFORMAZIO BILA



Zirriborroka bloga
Eguneroko indiferentziaren lozorrotik iratzartzeko, zirriborroak marraztea da Itxaso Urtiaga blogariaren erronka. Berarekin zirriborrokatu nahi?