"Dumbphone" edo telefono tentelak zer diren badakizu?

"Dumbphone" edo telefono tentelak zer diren badakizu? Mugikor azkarrek dituzten eragin negatiboei aurre egiteko erabiltzen dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dumbphone-edo-telefono-tentelak-zer-diren-badakizu/@@download/image/social-share-card.jpg
2023/04/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Mugikor azkarrek dituzten eragin negatiboei aurre egiteko erabiltzen dira.
"Dumbphone" edo telefono tentelak zer diren badakizu?

Smarthphone-ak gure bizitzetan erabat txertaturik daude, horregatik batzuetan ahaztu egiten dugu hauek gure bizitzetan izan lezaketen eragina. 

Orain dela urte batzuk atzera, 2008an, dena ezberdina zen. iPhone-a asmakuntza berria zen. Urte horretan kaleratu zen iPhone 2a eta 3Ga. Orduan hasi zen bere hedapena. Hala ere, oraindik asko falta zen Apple-en mugikorrak jaun eta jabe izateko. Blackberry-ak, bere teklatu analogikoarekin, puri-purian zeuden eta merkeagoak ziren. 

Edonola ere, ez zuten zerikusiri handirik orduko gailuek gaur egungoekin. Gure bizitza errazagoa da eurei esker, ia guztia egiteko gai baitira: hainbat modutara komunikatu gaitezke (mezuak, audioak, bideo-deiak), albisteak topatu ditzakegu, leku jakin batera nola heldu esaten digute eta dendetan erosteko aukera ere eskaintzen digute gure kreditu-txartela zorrotik atera beharrik gabe. Nonahikotasun honek hainbat arazo ere ekarri dizkigu, ordea.

Apurka-apurka, gure mugikorrengatik sentitzen genuen euforia desagertu egin da. Momentu oro berau begiratzen egotea betebehar bat bilakatu da. Jakinarazpenak, mezuak eta sare sozialak deika izan ohi ditugu. Gure begirada pantailan harrapatuta geratzen da eta honek ondorio ezkor aurreikusi gabeak izan ditu. 

Kaltetu handiena gure arreta izan da. Pertsona askok mugikorrarekiko duten adikzioa dela eta liburu bat irakurtzea, film bat ikustea edo lan egitea bera, zail egiten zaie. Mugikorra begiratu behar dutela sentitzen dute ia minutuero. Gure bikote, lagun edo familiari eskaintzen diogun denbora ere murriztu du. Ikerketa ugarik ondorioztatzen dutenez, pantailari horrenbesteko arreta jartzeak antsietatea, suminkortasuna, oroimenaren galera eta lo ezina sortu dizkigu. 

Gutxiago edo gehiago, guztiok sentitzen dugu gailu horiek guregan duten eragina. Horren aurrean, zenbaitzuk neurriak hartu nahi izan dituzte euren buru-osasuna babesteko: deskonektatzea. Minimalista digitalak dira. Hauek ez dute teknologia ezabatzea aldarrikatzen, baizik eta honen erabilerari mugak jartzea. 

Gau oso bat WhatsAppean igaro beharrean, minimalista digitalak nahiago dituzte aurrez aurreko hitzorduak, hizketaldi luzeak, proiektua bizitza errealean jartze martxan, irakurtzea eta ibiltzera atera... hori guztia noski, euren mugikorra kontsultatu gabe. Ez dute guztia argazki eta bideoen bidez dokumentatzeko beharrik sentitzen. 

Horregatik, teknologia kontzienteago bat aldarrikatzen dute, guk geuk aparatuari mugak jartzeko gai garen bat. Minimalista digitalen ustez beste motatako gailuak erabiltzea litzateke egokiena, horrenbesteko gaitasuna ez dutenak, puntu bateraino (bakarrik) mantenduz konektatuak. Mugikor hauek hasierako belaunaldikoen antza dute eta dumbphones edo telefono tentelak deitzen dira. 

Subreddit foroan 17.000 zale inguru dituzte mugikor hauek eta euren koordinatzaileek egungo mugikorrak hauengatik aldatzeko deia egiten dute. Mugikor hauekin deiak egin, jaso eta SMSak bidali baino ezin da egin. 

Foro honetan minimalista digitalak eta pribatutasunarekin kezkatuak daudenak aurkitu litezke, Nokia mugikorren nostalgikoen artean. Internetera adikzioa dutenak ere badaude, deskonexio bat behar dutenak euren buru-osasun zaintzeko. Bertan, dumbphone hauekin dituzten esperientziak partekatzen dituzte, modelo jakin bati buruzko aholkuak eskatzen dizute, smartphone batekin batera telefono tentela nola erabiltzen den galdegiten dute...


Teknologiaren aurkako mugimendua badirudi ere, ez da horrela. Egungo egoeraren kritika bat da, aurrerapenak baztertu gabe. Pertsona hauetako asko aldaketetara egokitzen saiatzen dira, inongo arrakastarik gabe. Bizitza xumeagoan aurkitu dute lasaitasuna, teknologiaren menpe horrenbeste egon beharrik gabe. 

Merkatuan 2000. hamarkada hasierako lehen telefono horien antzeko aukerak dezente aurkitu litezke. Egungo dumphone-n artean, Light Phone II deitutakoak aipamen berezia merezi du, Kai Tang-ek diseinatua izan baita, Motorola, Nokia eta Blackberry erakundeetan aritutakoak. 

299 dolarrengatik eskuratu liteke Interneten eta bere diseinua oso sinplea da. Liburu elektronikoen pantaila berdina du, eta beraz, ez du kolorerik. Bere funtzioak urriak dira: deiak, SMSak alarma eta wifira konektatzeko aukera. Nahi izanez gero gailuari kalkulagailua, musika irakurgailua, podcastak entzuteko tresna, oharrak eta mapak gehitu lekizkioke, nahiz eta guzti horiek hastapenetako ideia apur bat zapuzten duten. Hain justu, horregatik dira aukerazkoak. Fabrikatzaileen esanetan milaka gailu saldu dituzte jada eta erabiltzaileek baieztatu dute euren mugikorraren erabilera %90-95 murriztu dela. 

Baina, benetan deskonektatzea posible al da? Aukera hor dago noski, baina zein ondorio izango lituzke egungo gizartean? Egun, deskonektatu ahal izatea, ez al da gutxiren eskura dagoen pribilegioa?