Duintasunaren esku urdinetan heriotzaren oihal laranjak zarrast egiten du

Duintasunaren esku urdinetan heriotzaren oihal laranjak zarrast egiten du Lesboseko esperientzia gogorra izango zela argi geneukan, baina ez genuen askorik pentsatuko egoera latzenetan soilik agertzen den samurtasuna behatzeak zenbat aldatuko gintuen. Zaporeak proiektua aurrera daramaten boluntarioen samurtasunaz dihardut. Beraiei esker inoiz ahaztuko ez ditugun begiradak bildumatu ditugu, bidegabekeriaren lekuko zuzen bilakatuz. Ez dago hitz politik hau azaltzeko. Greziako Lesbos uhartean bizi den egoera latza da. Muturrekoa da eta lehertzeko zorian dago. Boterea dutenek ez dute asmorik ezer egiteko eta horrelaxe jarraituko dute betiere, itxuraz xarmagarria den kartzela bihurtutako lur zatian. Zaporeak proiektukoek ordea, euren plater ahogozagarriekin, bertakoei indarrak ematen dizkiete ordu batzuez bada ere. Ikusi ahal izan dugunez errefuxiatuen jaki gustukoena itxaropena da, gizatasunez lagundua. Zu ere mundua aldatzen diharduen menuaren bizigarri izan zaitezke, batu nahi? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/duintasunaren-esku-urdinetan-heriotzaren-oihal-laranjak-zarrast-egiten-du/@@download/image/iruditan__DSF9569 copia.jpg
2019/07/18
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @gaizka_izagirre / Argazkiak: Galder Izagirre @diapositivisme_studio

Lesboseko esperientzia gogorra izango zela argi geneukan, baina ez genuen askorik pentsatuko egoera latzenetan soilik agertzen den samurtasuna behatzeak zenbat aldatuko gintuen. Zaporeak proiektua aurrera daramaten boluntarioen samurtasunaz dihardut. Beraiei esker inoiz ahaztuko ez ditugun begiradak bildumatu ditugu, bidegabekeriaren lekuko zuzen bilakatuz. Ez dago hitz politik hau azaltzeko. Greziako Lesbos uhartean bizi den egoera latza da. Muturrekoa da eta lehertzeko zorian dago. Boterea dutenek ez dute asmorik ezer egiteko eta horrelaxe jarraituko dute betiere, itxuraz xarmagarria den kartzela bihurtutako lur zatian. Zaporeak proiektukoek ordea, euren plater ahogozagarriekin, bertakoei indarrak ematen dizkiete ordu batzuez bada ere. Ikusi ahal izan dugunez errefuxiatuen jaki gustukoena itxaropena da, gizatasunez lagundua. Zu ere mundua aldatzen diharduen menuaren bizigarri izan zaitezke, batu nahi?
Duintasunaren esku urdinetan heriotzaren oihal laranjak zarrast egiten du

Lesboseko boluntarioen etxera iritsi, eta beraiekin afaltzen ari garen bitartean, Zaporeak proiektuaren koordinatzaile orokorra den Javier Ruizek jaurti duen lehen esaldietako bat hauxe izan da: “Hemendik 50 urteetara, pertsona guzti hauekin gertatzen ari dena, ikastetxeetan gizateriaren aurkako krimen bat bezala aztertuko da, Bigarren Mundu Gerran naziek egin zutenaren antzera”. Datozen egunetan ikusi eta biziko duguna kontuan izanik ez da batere motz geratu.

Zaporeak

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Zaporeak, eta Greziara iristen diren errefuxiatu guztiei elikagai duina, osasungarria eta nutritiboa ematea du begi bistako helburu; janariaren bitartez, pertsona errefuxiatuei bidean galdutako duintasuna bueltatzea da ordea helburu nagusia. Proiektua Intxaurrondoko Elkarte Gastronomikoan sortu zen, janariarekin lotutako izaera solidarioko ekimenak garatzeko. Hasiera batean, Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat eta fundazioentzat dirua biltzeko ekitaldiak egitea zen helburua, baina 2011. urtean, Wukro herrian (Etiopian) lanbide-heziketarako proiektu bat jarri zen abian.
2016ko martxoan aldiz, Siriako errefuxiatuen dramak, aldaketa handia ekarri zuen elkartean: sortzaileek, Greziako egoera larriaren aurrean, Chios uhartera joatea erabaki baitzuten. Bertan, sukalde bat jarri eta, egunero, 1.700 pertsona errefuxiaturi jaten ematen hasi ziren, Depethe eta Souda eremuetan. Zaporeak-ek Chiosen lan egin zuen epean 500.000 janari errazio baino gehiago banatu zituzten.
2017ko urrian, SOS Errefuxiatuekin akordiora itxi ostean, Victoria Social Centerreko sukaldea kudeatzen hasi ziren Atenasen eta egunero 600 otordu banatzea lortu zuten.
Gaur egun, Moriako kanpamentuan bizi diren 1.500 pertsona errefuxiatuentzat otordu duinak prestatzen ditu egunero 2019ko otsailaren 11n bertan jarritako sukaldean. Geroztik, Euskal Herritik bidaiatutako boluntarioak lanean ari dira bertan, hiru astetako txandak eginaz. Otordu horiek, 19:30ak inguru, Moriako Errefuxiatu Kanpalekutik 500 m-tara dagoen Team Humanity proiektutik pasatzen diren emakume eta haurren artean banatzen dira. Lesbosen sukaldean lanean ari diren bitartean, Euskal Herrian ere lan mordoa burutzen dute: elikagai bilketa lanak, sentikortze ekintzak eta diru-laguntza eskaerak besteak beste; proiektuaren biziraupenerako berebizikoak diren gauzak azken finean.

Egun bat Zaporeak-ekin

Trumoi-ekaitzetan zein zeru argian, timoiari beti sendo eusteko prest egon diren lankide (eta lagunak) Oraitz Garcia eta Maider Iriarte dira, bidai berezi honen ezinbesteko ipar-orratzak. Goizeko 10:00ak dira eta eguzki izpien berotasunaren lehen zantzuak sentitzen ditugun bitartean, furgoneta hartu eta Zaporeak-ek Mitilenen duen sukaldera joateko intentzioz ekin diogu egunari. Bertara iritsi aurretik ordea, bidean, ironiaz eta kontraesanez gainezka biziko ditugun egun hauen lehen lagina ikusteko aukera izan dugu. Erdigunean kokatua dagoen lokal batean egin dugu lehen geldialdia, Andreas greziarraren harategian. Autoetatik ziztu bizian jaitsi eta Zaporeak-ekoentzat gordeta zeuzkaten 150 kilo arkume jasotzeko geldialdia egin dugu. Ironia eta kontraesana aipatu dut, errefuxiatuen kontura, zeharka bada ere, lehen baino diru gehiago irabazten ari direnen hainbat adibide topatu baititugu.

"Sukaldeko lapiko eta zartagin artean murgildu garenean ordea, senegaldar jatorria duen Serigné Mahmadane lo Dane (44 urte) sukaldaria ezagutu dugu (Goiko irudian). Tipo isila, baina zorrotza, oso langilea eta batez ere eraginkorra".

Iritsi gara sukaldera eta gatazka honen barruan sortzen diren hainbat ironien bigarren adibidea ezagutu dugu. Sukaldea etxe handi baten behealdean kokatzen da, eta egoitzaren jabea, Zaporeak-i lokal hori alokatzen dien pertsona alegia, greziar polizia bat da, errefuxiatuen deportazioak sinatzen dituen pertsonetako bat hain zuzen. Jaso dugun informazio hori gainditu nahian, barrura sartu gara. Bertan, lanean, Pello Maduro, Zaporeak-en Komunikazio arduraduna eta Koordinatzaile laguntzailea (24 urte, Durango), Izaskun Cuesta (19 urte, Gasteiz), Gotzone Perez (62 urte, Bilbo), Eduardo Delas (56 urte, Iruñea), Maria Begoña Egaña (66 urte, Zarautz) eta Begoña Etxaniz (67 urte, Oiartzun) boluntarioak topatu ditugu. Azenarioak, patatak eta tipula mozten ari dira eta jaki guztiak mahai gainean antolatzen. Sukaldeko lapiko eta zartagin artean murgildu garenean ordea, senegaldar jatorria duen Serigné Mahmadane lo Dane (44 urte) sukaldaria ezagutu dugu (Goiko irudian). Tipo isila, baina zorrotza, oso langilea eta batez ere eraginkorra. “Makina bat da” aipatu digu Javi Ruizek, eta segituan frogatu dugu hala dela. Istorio gogorra mutil honen atzean dagoena, horregatik hori, zalantzarik gabe, beste erreportaje batean jorratzea eta sakontzea merezi duela uste dugu. Guztien artean, helburua, 1.400 errefuxiatu ingururentzat, eguna amaitu baino lehen, janaria prestatzea da.

Baina taldea sukaldean ari den bitartean eta proiektu berezi eta bakar honen barrenak hobeto ezagutzeko helburuz, Isabel Retuerto, Zaporeak-eko koordinatzailearekin eseri gara: “Egunero 1.400-1.500 otordu inguru prestatzen ditugun arren, kopuru hau nahiko asmaezina eta aldagarria izaten da, bertara gerturatzen den jende kopurua ez delako beti berdina izaten, baina aurreko eguneko datuak hartzen ditugu aintzakotzat. Otordu guzti hauek hiru leku desberdinetan banatzen ditugun arren, gehiengoa, Team Humanity proiektuak kudeatzen duen eremuan egiten dugu, Moria Zelaiaren kanpoaldean.

Banaketa horretara emakumeak eta haurrak soilik joaten dira. Astean bost egunez egiten dugu, asteazkena eta larunbata salbu”. Ordutegiaz eta lan prozesuaz galdetu diogunean: “Egunero 10:30ak inguru iristen gara sukaldera. Lehenik fruta-saltzailea iristen da, eta barazkiarekin lanean hasten gara. Garbitu, zuritu eta txukun-txukun sukaldariari prest utzi”. 1.500 otordu prestatu ahal izateko osagarri kopuruari buruz galdetu diogunean, zifrekin zur eta lur geratu gara: “Gaurko menua prestatzeko adibidez, 150 kilo arkume, 400 menestra pote, 40 kilo patata, 10 kilo piper, eta 20 kilo inguru azenario eta tipula erosi ditugu”. Menuari dagokionez, “saiatzen gara nutritiboa eta osasungarria prestatzen. Errazioak oso orekatuak izaten dira eta 400 gramo inguru pertsonako banatzen ditugu. Plater nagusiarekin batera (arroza, dilistak, garbantzuak, menestra, oilaskoa eta abar) pita ogia eta fruta pieza bat ere ematen diegu. Oilaskoa da zalantzarik gabe gehien gustatzen zaiena, zoratu egiten dira! Makarroiak bolognesa erara eginikoak ere oso gustura jaten dituzte, eta fruten artean platanoa da izarra. Jaki guzti hauek gainera, espezieekin prestatzen ditugu ahalik eta zaporetsuenak izateko. Urtaroaren arabera ere saiatzen gara moldaketak egiten, udari begira adibidez, pasta entsalada bat prestatzekotan gabiltza”. Errefuxiatuen janari gustuak nolakoak diren asmatzerako orduan “Emakume afganiar batzuk ari dira gurekin boluntario moduan, Magdie Karimi eta Aquila Ahmadi, zoragarriak dira!

"Oilaskoa da zalantzarik gabe gehien gustatzen zaiena, zoratu egiten dira! Makarroiak bolognesa erara eginikoak ere oso gustura jaten dituzte, eta fruten artean platanoa da izarra".

Team Humanity proiektutik datoz eta hasiera batean jakiak platereratu ahal izateko laguntza eskatu genien, baina gurekin geratu dira. Sekulako feedback baliagarria jasotzen dugu eta eremu barruko pertsonen iritziekin platerak moldatzen saiatzen gara. Banaketa hasi aurretik, batzuetan platerak dastatzen dituzte eta zerbait falta dela uste badute, azken ukitua ematen diegu. Aurrekoan adibidez, entsalada plater bati maionesa falta zitzaiola ohartu ginen beraiei esker!”

Zaporeak-i esker, eremu hauetan dauden pertsonen portzentaia altu bati jaten ematen zaion arren, beste elikagairik lortzeko aukerarik duten ere galdetu diogu: “Greziako gobernuak, dirua eremu barruko cateringa kudeatzeko zatitxo bat bideratzen duen arren, bertan banatzen den janaria oso oso eskasa eta nahiko lotsagarria da. Fruta zati bakar bat ere ez diete ematen adibidez. Gosaltzeko ur botila bat eta croissant bat, bazkaltzeko pita ogia eta plater txiki bat eta afaltzeko ogi xigortua lau tomate xafla eta olibekin”.
Retuerto-ren azalpen interesgarrien ostean, boluntarioen bazkal ordua iritsi da: barazki menestra zaporetsua. Adierazgarria iruditu zaigu, boluntarioek egunero jaten dutena, errefuxiatuentzat prestatzen duten janari berbera izatea. Bazkaldu, guztia jaso eta metalezko mahai luzeetan ilaran kokatu ostean, ordu luzez prestatzen egon diren janaria, banaketa-ontzietan sartzeko unea iritsi da. Madurok eta Cuestak atzean duten musika aparatu bati play botoia sakatu eta Huntza euskal taldearen doinuen laguntzaz, guztia ontzietan sartzen hasi dira. Guztia txukun-txukun bildu ostean, materiala furgonetan sartu eta banaketara joateko ordua iritsi da.

Banaketaren unea

19:30ak inguru iritsi gara eta Moriako gunearen kanpoaldean utzi ditugu autoak. Team Humanity proiektuaren gunera hurbildu gara, bertan banatzen baitira egunero otordu hauek. Oso ariketa zaila da hizkien bidez bertan bizi izan genuena transmititzea.

Mentalizatuak gindoazela uste genuen, baina emakumezko eta haur guzti horien begiradak lehen kolpean sentitu ditugunean, gure barrena karta-gaztelu baten moduan erori da. Bidegabekeriaren harresiaren beste aldean bizitzea tokatu zaien pertsona horiei zuzenean begietara begiratu ostean, altzairuz armatu nahi izan dugun bihotza zeharo desegin dela konturatu gara. Afganistandik datorren begi berdedun umea gure lehengusu txikia izan zitekeela ohartu gara, zapi arrosa duen emakume irakiar hori gure ama, begirada galdua duen hamar urteko neskatxa afrikarra, gure alaba. Injustiziaren harresiaren beste aldean jaiotzearen zortea izan dugu, baina argi izan, etorkizuna suntsitu dioten pertsona hori, bihar gu izan gintezkeela.


Dena den, atsekabea eta epaiketak berehala utzi ditugu alde batera konturatu garenean momentu horretan pertsona horiek behar dutena janaria dela. Beraz, latexko eskularru urdinak jantzi eta Zaporeak-eko boluntarioekin batera lanean jarri gara. Bi mahai luzeren bueltan, eta bakoitzean giza-kate moduko bat osatuz, lehenak ontzi eta errazio kopurua zehazten du; “Bat, bi, hiru...!. –errefuxiatuek oso ongi ikasi dituzte zenbakiak euskaraz–. Bigarrenak pita ogi kopurua, hirugarrenak poltsetan sartu eta azkenak fruta zatia eta koilara zein sardexkak gehitzen dizkio.

 

Baina 1.500 errazioak banatu ostean eta duintasuna transmititzeko metafora moduko batean bilakatu diren eskularru urdin horiek kendu ditugun unean konturatu gara, lagundu baino, benetan beraiek lagundu gaituztela guri. Oharkabean bada ere, iritsi garen unetik, pertsona hauek etengabe epaitzen aritu baikara. Errukia sentitu behar dugu? Hori da beraiek merezi eta batez ere behar dutena? Enpatia sentitzea gauza bat da, elkartasuna, baina errukia beste bat, errukia klasista da. Autokontzientzia eta umiltasun ariketa bat egiten lagundu digute, errealitate zaplazteko bat jaso dugu eta begiak irekitzen lagundu digute; baina manikeismorik gabe, paternalismorik gabe, eta maisukeriarik gabe egin behar dugun ariketa bat dela erakutsi digute.

 

ERREPORTAJEA OSORIK IRAKURRI NAHI?

EROSI UZTAILEKO ZENBAKIA GAZTEZULO DENDAN

EDO

ONLINE IRAKURRI HARPIDETZAREKIN!