Duela...

Duela... https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/06/11
erreportajea
Jon Sanchez. Hezkide Eskolako kidea
Duela...
Gaztea nintzela etorkizuna ez zitzaidan gehiegi axola. Egia esan, betidanik izan naiz carpe diem-aren jarraitzaile. Burua ordenatu beharra nuen oraindik.


Ikasketen zirriborro bat nuen egina, bizi planaren beste zerbait... galdera asko eta erantzun gutxi. Egia esan, ez nion denborarik eskaintzen horretan pentsatzeari.
Bizitzak buelta asko ematen ditu. Filosofia nuen batxilergoan ikasgai gustukoena, eta bertan ikasi nituen Platonek esandakoak. Gogoan daukat bereziki ideia bat: Politikari bat herriko gaietan laguntzeko murgiltzen da, gizartea zerbitzatzeko, irakasteko, jendea hezteko. Kasualitatez, koadrilako batek aisialdi talde batean sartu gintuen.

Urte batzuen buruan begirale nintzen, eta bizitzak buelta asko eman arren, idea horrek buruan jarraitzen zuen: Gizartearen zerbitzura egon, gazteak hezi, irakatsi, lagundu. Taldean begirale bezala sartu nintzen, eta nik bizi izan nuena nire gazteei transmititzen saiatu nintzen.

Hartara, gauza gehiago ikasi nituen. Nire aisialdi taldea Bizi Alai Astialdiko Taldeen Federazioaren parte da, aisialdi talde gehiagorekin batera. Jendea ezagutzea gustoko dut. Gauza, gai eta iritzi ezberdinetatik ikastea gustoko dut, eta federazioak hori ematen zidan.

Federazioaren aisialdi eskolan ere murgildu nintzen. Ni hezi nindutenak bertan egon ziren; ni ere bertan egon behar nintzen. Nire denboraren zati handi bat aisialdi taldeari eskaintzen diot, eta, noizbehinka, federazioak edo eskolak jendea behar duenean, han nago laguntzeko.

Duela sei urte aisialdi taldean izena eman zuen gazte bat naiz. Duela sei urte begirale ikastaroa egin zuen gazte bat naiz. Duela sei urte federazioa ezagutu zuen gazte bat naiz.  Duela sei urte bizitzari zentzua eman zion begirale, zuzendari, irakasle eta bolondres bat naiz.