Dualismoen apurketak proposatzen dituen 'eRRe' ikuskizuna estreinatuko dute Durangon

Dualismoen apurketak proposatzen dituen 'eRRe' ikuskizuna estreinatuko dute Durangon Gizartea osatzen duten dikotomien inguruko hausnarketa egingo dute lau gaztek, bertsoen, ipuinen, antzerkiaren eta poesiaren bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dualismoen-apurketak-proposatzen-dituen-erre-ikuskizuna-estreinatuko-dute-durangon/@@download/image/1632943651127.jpg
2022/02/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gizartea osatzen duten dikotomien inguruko hausnarketa egingo dute lau gaztek, bertsoen, ipuinen, antzerkiaren eta poesiaren bidez.
Dualismoen apurketak proposatzen dituen 'eRRe' ikuskizuna estreinatuko dute Durangon

"Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean?". Horixe du abiapuntu Haizea eta Oihana Aranak, Aner Peritzek eta Leire Vargasek larunbatean Durangoko San Agustin Kulturgunean estreinatuko duten 'eRRe' ikuskizunak. 

Gizartea osatzen duten dikotomien inguruko hausnarketa egingo dute ikuskizunean: "Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko". Hortik abiatuta, aipatutako dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, "bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz".

Garapen eta osotasun baten erakusgarri diren hamar piezek osatzen dute emanaldia, eta hauek hainbat dualismo mahaigaineratzen dituzte. Dramatizatutako bertso-paperez eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute tokia emanaldian. Genero-ikuspegia ardatz hartuta, LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma aztertuko dute, beste dualismo batzuekin batera.  Ordubete inguruko iraupena du ikuskizunak. 

Haizea Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001) Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001), Aner Peritz Manterola (Zarautz, 2002) eta Leire Vargas Nieto (Durango, 2002) dira ikuskizunaren sortzaileak. Laurak dabiltza bertsotan, eta horrek batu zituen. Hainbat sariketatan nabarmendu dira, eta baita plazaz plazako jardunean ere. Beste arte diziplina batzuk ere jorratzen dituzte, esaterako, Oihana Aranak Portuak eta Lazunak azkazaletan liburuak kaleratu ditu, eta Leire Vargasek, berriz, Dena ametsa den irudipena

Durangoko estreinaldiaren ondoren, lana herriz herri aurkezten jarraitzeko asmoa dute. Honako tokietan izango dira hurrengo emanaldiak: otsailaren 15ean Iruñean, otsailaren 18an Aretxabaletan, otsailaren 19an Zizurkilen, martxoaren 4an Soraluzen, martxoaren 9an Tolosan, martxoaren 11n Zuian, martxoaren 12an Astigarragan, eta martxoaren 25ean Zarautzen.