Dual Split: "Musika talde bat familia bat da"

Dual Split: "Musika talde bat familia bat da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dual-split-musika-talde-bat-familia-bat-da/@@download/image/dual04_1460364308.jpg
2016/04/13
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono Argazkiak: Dual Split
Dual Split taldea Baptiste Ibar (Paris, Frantzia, 1977) eta Maia Ibar (Paris, Frantzia, 1982) anai-arrebek sortu zuten 2010ean. Frantzian jaio, AEBetan hazi eta Euskal Herrian bizi dira, artea dimentsio anitzetan lantzeko gaitasuna duen bikotea. Taldea hasi eta urte batzuetara Hegoaldean aski ezagunak diren bi musikari batu zitzaizkien: Felix Buff (Akize, Okzitania, 1986) eta euren azken fitxajea den Miren Narbaiza (Eibar, 1986).


Maia, noiz eta nola hasi zenuten Baptiste eta zuk Dual Split?
Maia Ibar: Aspaldi hasi ginen elkarrekin saltseatzen! Hamasei urterekin musika egiten hasi ginen. Baptiste Bizi Gara izeneko taldean jotzen zuen, New Yorken. Garai horretan proiektu paraleloa hasi nuen bakarka, Rita and the Labyrinth izenekoa. Horren ondoren taldearekin jotzen hasi nintzen; Teen sortu genuen hainbat lagunen artean. Teen utzi nuenean hasi zen Dual Split indarra hartzen.

Zuen aita fisikaria da. Dual Split izenez omenaldia egin nahi al zenioten?
M.I.: Jatorri euskaldunekoa den gure aita zientzilaria da eta fenomeno horrek berarekin zerikusia du. Atsegin dugun kontzeptua da: batetik, aitarekin eta gure arbasoen jatorriarekin zerikusia duelako, eta bestetik, askotan artean esploratu dugun dualitatearekin lotura duelako. Gure bizitza dualitatean oinarrituta egon da urte askoan, han hemenka ibili baikara.

Bikote bezala jotzen hasi zineten arren, Felix Buff gehitu zenuten taldera. Musikak eskatzen al zituen musikari gehiago?
M.I.: Baptiste eta biok Brooklynetik etorrita duo formatuan jotzen genuen. Gustatzen zitzaigun arren, zerbait faltan zela sumatzen genuen: zuzeneko bateria, eta noski, bateri-jolea. Sampler eta teklatu pila bat genituen, horrekin batera Baptistek erritmorako hainbat gailu erabiltzen zituen. Otu zitzaigun beste norbait behar genuela, pertsona batentzat gehiegi baitzen zuzenekoetan hainbeste gauza egin behar izatea. Johannes Buffekin (musika teknikaria), egin genuen gure lehenengo EPa. Felixen anaia da, horregatik ezagutu genuen elkar.
Felix Buff: Ikusi nuenean pedal guzti horiekin eta gainera erritmo makinarekin… pertsona batentzat gehiegi zela argi nuen. Baptistek inprobizazioa atsegin du, zuzenekoetan energia berezi hori sortzea atsegin du.

Bat-bateko maitemina?
M.I.:
Felixek interesa agertu zuen, hasiera-hasieratik ulertu baitzuen zer zen behar genuena.
F.B.: Bai, zuen musikak erabat harrapatu ninduen. Tin Trails taldearekin musika elektroniko apur bat jotzen nuen. Bira egin genuen eta musika elektroniko hori zuzenean jo genuen, beraz, banuen tankera horretako musika jotzeko beharrezko ekipoa eta gogoa. Kontua da, zuzeneko bateria eta bateria elektronikoa nahastu behar direla.  

Eta nola sartu zen Miren?
M.I.:
Miren zortzi hilabete atzera hasi zen gurekin jotzen. Bilatzen ari ginen… Hirukote bezala ondo funtzionatzen zuen arren, banuen gogoa nire ahotsan arreta handiagoa jartzeko. Beraz, mota jakin bateko geruzak faltan ziren. Bikotea izanik zerbait egiten duzu, hirukotea izanik beste gauza desberdin bat da, eta lau pertsona izanik beste bat, aurretik heldu ezin zinen kontuetara heltzeko aukera ematen dizulako. Felixek Miren zuen buruan, gitarra jo abestu eta hainbat instrumentu jo ditzake…

Zuentzat entseguak, egindakoa ikasteko baino, ba al dira bereziki sortzeko unea?
F.B.:
Bai, zalantzarik gabe, bada sortzeko momentua. Pentsa, zuzenean egiten duguna aurretiaz Baptiste eta Maiak prestatutakoa dela, eta hori egokitu behar izan dugu. Dual Splitekin egiten dugun musika grabatutakoa da: geruza mordoa erabiltzen dugu, tartean ahots geruzak, sampler pila bat, sintetizadoreak… saiatu garena egiten, soinu horien bertsioa lortzen izan da. Beraz, soinu horien bertsioak egin ahal izateko beharrezkoa da sormena: zein instrumentu jotzen duzun, zein geruza jotzen duzun zuzenekoan…  Gainera, zuzenekoan jotzen dugunean gauza berriak egiten ditugu.

Miren Narbaiza: Bai, hori izan ohi da, luze ematen dugulako zer eta nola egingo dugun pentsatzen. Badago sormen lana zuzeneko bertsioaren prestaketan lanean, ez da soilik entsegatzea. Era berean, beste momentu batzuetan kontzienteki jotzen ari gara gauza berriak egiteko.



Beraz, esan genezake ez dituzuela soinu berdinak dituzten bi kontzertu eman?
M.N.:
Ez da erabat kontzienteki egiten dugun gauza bat, baina imajinatzen dut, baietz, denak direla ezberdinak.
M.I.: Bai, apur bat aldatzen da soinua eraikitzeko daukagun moduagatik, baina ez dugu ezberdinak izan daitezen nahita bilatzen.
M.N.: Kontua da, musika estilo honek jolasteko askatasun handia ematen duela. Ez da, estruktura jakinen gainean eraikitzen den Rock & Rolla bezala. Asko esperiementatzen dugu eta horri gainera, gehitu behar zaio bakoitzak egun horretan nolako umorea duen.  

Hainbat taldetan ibilitakoak zarete, eta gaur egun ere, hainbat talderekin jotzen duzue. Nola neurtzen duzue talde bakoitzari sormen aldetik eskaini diezaiokezuena?
F.B.:
Oso zaila da galdera hori erantzutea…
M.N.: Napoka Iria da izan dudan talderik pertsonalena eta oraintxe bertan ez gara jotzen ari. Ari naizen beste taldeetan, adibidez, horien parte sentitzen naiz. Gustatzen baldin bazaizu jotzen duzun talde horren musika, errazagoa da taldearen parte sentitzea. Hau da, etxean bezala zaudela sentitzea, seguru.  Lasaitasun hori bermatuta badago, taldearen barruan emankorra izaten has zaitezke. Bestela oso zaila da, parte zarela sentiarazten ez dizun proiektu batean ekarpena egitea. Musika talde bat familia bat da.
F.B.: Niretzat desastre hutsa da! -Irriak- Izan ere, jotzen dudan taldeekin erabat lotuta nago. Ez bada horrela, ez banaiz ematen ari eta ekarpena egiten, oso-oso arraro sentitzen naiz. Etxean soinuak egiten ditut, eta konposatzen dut. Zalantza sortzen zait batzuetan, adibidez, ea egindako hori non izan daiteken erabilgarria: Willis Drummond, Joseba B. Lenoir, Dual Split…? Arrazoi du Mirenek, taldea familia bezalakoa da, ez da jotzea eta listo.

Entseguak eta emanaldiak lotu ahal izateko, agenda tetrisa egiten ibiliko zarete etengabe!
M.I.:
Gu adibidez, asteartero elkartzen gara Miarritzen. Baina posible da epe laburrean gauzak aldatu behar izatea…
F.B.: Bai! Bap (Baptiste Ibar) aita izan berri da eta baxu-jotzaile berria dugu. 2015 amaieran hainbat emanaldi izan genituen, baina zaila izan zen ezin izan genuelako asko jo.
M.I.: Bai, pena handia izan zen, baina horrelakoa da bizitza. Eta orain badugu zuzenekoetan lagunduko digun baxu-jotzaile berria. Beraz, Bapek bere ekarpena egiten du eta zuzenekoetara ezin badu etorri, badugu laguntzen digun pertsona bat.

Ahalik eta emanaldi gehien eskaintzea al da zuen objektiboa?
M.N.:
–Ironikoki– Felixentzat bai!
F.B.: –Irriak– Presionatzen ditudala esaten didate! Lasaia izaten saiatzen naiz baina…
M.I.: Felixek beti du jotzeko gogoa, motor bat bezalakoa da, jendea martxan egotera bultzatzen du.

Errepidean egotea gustuko duzue?
M.I.: Gainontzekoekin konparatuta bestelakoa naiz ni. Jotzea atsegin dut, jendearekin egon eta energia oholtzaren bi aldeetan trukatzea, baina kontzertua hasi aurretik eta eman ondoren egin beharrekoak aspertzen nau.
M.N.: Zerikusia du baita ere, orain Hegoaldean dezente jotzen ari garela. Miarritzetik Gernikara, adibidez, bide luzea dago, ez da etxetik gertu jotzea bezalakoa.

Zer plan duzue etorkizunerako?
M.N.:
–Ironikoki– Ama izan! -denak barrez-
F.B.: Bai, talde osoa! Denok izan nahi dugu guraso, elkarrekin!
M.I.: Jo nahi dugu eta gauza berriak egin. Bira lotzen saiatzen ari gara: Galdakaon izango gara… eta espero Erresuma Batura joan ahalko garela ere.