Drumgorri musika ekintzen guneak ateak zabalduko ditu larunbatean

Drumgorri musika ekintzen guneak ateak zabalduko ditu larunbatean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drumgorri-musika-ekintzen-guneak-ateak-zabalduko-ditu-larunbatean/@@download/image/20112176359Drumgorri.jpg
2012/12/13
berria
Drumgorri musika ekintzen guneak ateak zabalduko ditu larunbatean
Otsailaren 19an inauguratuko dute Laudion Drumgorri zentroa. Euskal Herriko lehenengo musika gune integrala izango da eta, eskola ez ezik, grabazio estudioa, zuzenekoetarako eszenatokia eta lokalak nahiz instrumentuak alokatzeko aukera ere eskainiko du.

Ostiralean Laudion zabalduko duten Drumgorri musika ekintzen guneak musika izango du bitarteko eta helburu. Zentro integrala izango da, denetarako aukerak eta baliabideak topatuko baitituzte gazteek bertan: musika-ikasketak, talde bat osatu ahal izateko jendea ezagutzeko modua, entseguetarako lokalak, diskoak grabatzen ikasteko estudio bat, jendaurrean aritzeko eszenatoki bat eta, baita ere, esperientziak, iritziak, ideiak trukatu ahal izateko elkargune bat.
Festa bat antolatu dute inaugurazio egunerako. Larunbatean izango da, arratsaldeko 19:00tan Laudioko Industrialdeko bosgarrenean. Bide batez, eskolako irakasleak aurkezteko probestuko dute hitzordua. Informazio gehiago: www.drumgorri.com

Drumgorri Musika Eskola
Drumgorrin musika irakatsiko dutenak pertsona akreditatuak dira. Banakako eskolak izango dira, eta hortaz, ikasle bakoitzak markatuko du erritmoa. Sustatzaileek azaldu dutenez, "Drumgorrin musika egin daiteke solfeoa jakinda baina baita musika ezagutzarik izan gabe ere". Honakoa izango da irakaskuntza-eskaintza: gitarra, bateria, saxofoia, pianoa, teklatu modernoa, bibolin modernoa, kantatze modernoa, baxua, perkusio afro-arabea eta lengoaia musikala. Hala eskatuz gero, ikasleek kontserbatorioko azterketei begirako prestakuntza berezia jaso ahal izan do dute, eta musikoterapia tailerrak ere aurreikusi dituzte.

Lokalak eta instrumentuak alokatzeko aukera
Entseatzeko edota ikasleek praktika dezaten, musika-tresnak eta ekipo osoak alokatzeko aukera eskainiko dute Drumgorrin. Era berean, intsonorizatutako gelak ere izango dira eskura 24 orduz.

Grabaketa estudioa
Estudio-eskola honetan, nola grabatu ikasteaz gain, diskoak grabatzeko aukera ere eskainiko da.

Eszenatokia
Azkenik, sormen-zikloa borobiltzeko, beharrezko guztiarekin hornitutako eszenatoki bat jarriko du Drumgorrik zaleen eskura. Taberna bat ere bada bertan eta irakasleek eskola praktikoak emateko probestuko dute gunea.