Drogen debekuaren inguruko hausnarketa egiteko dokumentala proiektatuko dute gaur, Gasteizko Orbain Kultur Elkartean
Orbain Kultur Elkarteak dokumental zikloak antolatu ohi ditu, eta pelikulak proiektatzeaz gain, ikus-entzunezkoen gaien inguruan gogoeta egiten dute solasaldien bidez. Gaur, arratsaldeko zazpietan, István Gábor TakácsHall zuzendari hungariarraren Kostya Proletarsky animaziozko dokumentala eskainiko dute elkartean bertan. Dokumentala mundu osoko zazpi zinema-jaialditan proiektatu zen, eta Hungariako 65. Zinema Independentearen Jaialdi Nazionalaren eta Madrilgo Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari nagusia irabazi zuen 2020an.
Kultur elkartekoek azaldu dutenez, "Kostya Proletarsky, drogen kontsumitzailea eta GIBaren gaixoa, meningitis tuberkulosoak jota hil zen San Petersburgoko (Errusia) Botkin Ospitalean, 2009ko ekainaren 19an. Kareliako (Errusia) 4. espetxean hiru urtez tratu txarrak eta torturak jasan ondoren hil zen. Errusian, non drogen tratamendua ia ez dagoen eskuragarri, espetxeratzea drogekiko mendekotasunaren arazoari aurre egiteko irtenbide nagusia da. Baina zoritxarrez, tratamendu horiek ez dute sendatzen, hil egiten dute".
Proiekzioaren ondotik, solasaldia egingo dute Ai Laket!! elkarteko kideekin. Aitzol Hernandezek, boluntariotzaren koordinatzaileak, Irati Olaziregik, Testing proiektuaren koordinatzaileak, eta Amaia Pablosek, elkarteko kolaboratzaileak, hartuko dute parte.
Beste dokumental bat hilabete amaieran
Azaroko dokumental zikloa osatzeko, David Alvarez zuzendari madrildarraren Dios Salve al Rock de Estadio dokumentala emango dute azaroaren 29an, 19:00etan. David Alvarezek berak parte-hartuko du solasaldian.

