Drogaz inguratuta bizi gara

Drogaz inguratuta bizi gara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drogaz-inguratuta-bizi-gara/@@download/image/drogak_1367499399.jpg
2013/05/06
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea.
Drogaz inguratuta bizi gara
Substantzia psikoaktibo batzuk legalak izan arren, hauek ere droga dira eta ez ditugu gutxietsi behar, maiz legez kanpokoak bezain arriskutsuak edo arriskutsuagoak gerta daitezkeelako. Besteak beste, alkoholaz, tabakoaz edo kafeinaz ari gara.


Droga hitza entzunda, legez kanpoko substantziak datorzkigu burura: heroina, kokaina, anfetamina… Baina, hauek al dira gure inguruan ohikoenak? Erantzuna ezezkoa da.

Hasteko, komeni da droga edo substantzia psikoaktibo kontzeptua bera definitzea: "Organismo bizidunean sartutako edozein substantzia, jokabideari, adimenari, pertzepzioari edo gogo-aldarteari loturiko funtzio bat edo gehiago aldatzeko ahalmena duena". Beraz, batetik, substantziez ari garenez, mendekotasuna sor dezaketen bestelako elementuak (bideojokoak, telebista, erlijioak, telefono mugikorrak…) ezin ditugu drogatzat jo. Eta, bigarrenik, substantzia hauen kategorizazio legala garrantzitsua izan arren, gogoan eduki behar dugu substantzia bat sailkapen ofizialetan ez agertzeak ez duela ziurtatzen hori droga ez denik.

Horrenbestez, zeintzuk uste duzue direla Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren drogak? Eta gazteek lehenengo hartzen dituztenak? Ba, hain zuzen ere, legezko substantziak, eta zehazki alkohola eta tabakoa, kafeina ahaztu gabe. Kasu gehienetan, nerabezaroan zehar zein gaztaroan piztu ohi da drogekiko jakinmina, eta zehazki alkohola eta tabakoa nabarmentzen dira hasieran. Aldiz, ohikoa da kafeina oharkabean kontsumitzea: kafe gisa baino gehiago, Red Bull moduko edarietan, gehienetan neurririk gabe edo hauen eragin edo ondorioak behar bezala ezagutu gabe.

Dena dela, legez kanpoko substantziak ere badabiltza gazteen artean noski, eta guztien artean, zalantzarik gabe, kalamua da aspalditik zabalduena, haxix zein marihuana gisa. Azken hauen kontsumoa hain dago hedatuta eta normalizatuta ezen, alkohola edo tabakoaren antzera, substantzia legala dirudien.

Arestian azaldutakoa kontuan hartuta, orduan, zein litzateke gozamenak eta arriskuak kudeatzeko modu egokiena? Ba, lehenik eta behin, substantzia bat hartzea erabakiz gero, ahalik eta informazio osoena geureganatu beharko genuke: zer den, ze jatorri duen, ze eragin dakartzan, dosifikazioa, epe luze eta motzeko ondorioak, kontraindikazioak… Eta, jakin beharrekoa jakinda, nor izan dadila gai bere erabakiak hartzeko taldearen presioak baldintzatu gabe, eta jakin dezala kontsumitzeko momentu eta leku aproposa aukeratzen norbera nolakoa den (fisikoki nahiz psikologikoki) kontuan hartuta. Azken batean, substantzia horren kontsumoak dakartzan gozamen eta arriskuak objektiboki baloratzen jakitea da gakoa.