Drogak arduraz kontsumitzeko

Drogak arduraz kontsumitzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drogak-arduraz-kontsumitzeko/@@download/image/31p22-1.jpg
2003/06/06
erreportajea
Argi ibili drogekin! Jakina da zein ondorio izan dezaketen. Baina, horrez gain, askotan, legez kanpoko drogek oso kalitate txarra izaten dute eta ondorioak are okerragoak izan daitezke.

Horregatik, berriro ere, drogen kalitatea aztertzeko test-ak egingo dira udako jaietan. Ailaket elkarteak, Nafarroako eta EAEko gobernuekin batera, Testing programa egin zuen 2002an lehen aldiz Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, Medicus Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratzen da azterketak egiteaz.

Martin Barriuso Ailaket elkarteko kideak dioenez, "2002an, 2.000 bat gaztek parte hartu zuten Testing programan; beharra dagoela seinale". Furgoneta batek Hego Euskal Herriko 18 herri bisitatu zituen eta, drogari buruzko informazioa emateaz gain, kontsumitzaileek eramandako substantziak aztertu zituzten. Gehien aztertutako substantziak haxixa eta speed-a izan ziren. Dena dela, beste hainbat droga ere aztertu zituzten: kokaina, LSDa, ketamina, extasia...

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziako estatuak Tecnoplus programa martxan du, Medicus Mundi GKE-ren laguntzarekin, eta droga azterketak egin izan dira Baionan eta Biarritzen. Aipatutako GKEk Hego Euskal Herrian ere egin izan ditu testak, Ipar Euskal Herriko gazte askok bertan erosten baitute droga.

Gurean ez ezik, Europako herrialde askotan ere —Belgika, Holanda, Alemania, Italia…— honelako ekimenak egin ohi dira. Dena den, Hego Euskal Herriko Testing programa aitzindaria da: "Herrialde horietan extasi pilulak baino ez dituzte aztertzen. Guk, aldiz, mota guztietako substantziekin lan egiten dugu", dio Barriusok.     

Speed-a oso nahastuta

Ailaket elkarteak ondorioztatu duenez, saltzen den droga, askotan, beste substantzia batzuekin nahastuta nago. "Kokaina eta extasi pilulak nahiko garbiak dira. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, speed-arekin eta haxixarekin. Speed-ak %20ko garbitasuna du, hau da, oso nahastuta dago, gehienetan kafeinarekin. Haxixa, berriz, ez dago nahastuta, baina ez da kalitatezkoa izaten. Dena dela, oro har, kalean eros daitezkeen substantziak ez dira kaltegarriak", dio Barriusok.

Eta betiko eztabaida: kalitatea ziurtatzeko droga legeztatu beharko litzatekeela dio Ailaketeko kideak: "Gu debekuaren aurka gaude. Izan ere, debekuak kontrolik gabeko salmenta bultzatzen du, eta horrekin batera, substantzien nahasketa. Drogak legezkoak balira, kalitate kontrolak gainditu beharko lituzkete, tabakoak eta alkoholak bezala".

Kalamu erretzaile asko Europan


Europako Batasunak  gazteen eta drogaren arteko harremanari buruzko txostena kaleratu berri du. Bertan, Europako gazteek drogarekiko dituzten jarrerak aztertzen dira. Iaz, EBko 15 eta 24 urte bitarteko 7.687 gazteri egindako inkestari buruzko datuak bildu ditu txostenak. Datu esagurantsuen artean, honakoak: gazteen herenak kalamua probatu izan du, %11k azken hilabetean kontsumitu du eta %65k erregulartasunez kontsumitzen duen norbait ezagutzen duela dio. Gazteen ustez, alkohola edota tabakoa kontsumitzea kalamua erretzea baino kaltegarriagoa da.