Droga kanibalaren ostean, Flakka

Droga kanibalaren ostean, Flakka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/droga-kanibalaren-ostean-flakka/@@download/image/drogak_1441195496.jpg
2015/09/10
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea @Ailaket
Iazko udan komunikabideetan gehien aipatu zen droga ‘kanibala’ deitutakoa izan bazen, aurtengoan Flakka izenez ezaguna den Alfa-PVP drogak hartu du protagonismoa, eta alarma handia sortu du.


Uda garaian drogekin lotutako albisteak ugariak izan ohi dira, eta aurten Alfa-PVP edo Flakka deritzenari tokatu zaio oihartzuna izatea. Substantzia hori ez da berria, 50 urte baditu, eta, gurean behintzat, oraingoz, ez da legez kanpokoa.
Droga horren inguruan momentuz argi dagoen gauza bakarra pizgarria dela da. Oraindik ez dira ezagutzen epe ertain eta luzera izan ditzakeen eraginak, eta epe laburrean sor ditzakeenen inguruan ere nahasmen handia dago. Oraingoz dakiguna erabiltzaileek foroetan kontatutakoa da, eta kontutan hartuta deskribatutako eragin horiek pertsona bakoitzaren, testuinguruaren edota dosiaren eta kontsumo moduaren arabera aldakorrak direla, ezin genitzake eragin objektibotzat hartu.

Alfa-PVP drogak epe motzean dituen eraginen artean aipatu dira erritmo kardiakoaren azkartzea eta euforia edo neke eza. Dosi ertain edo altuetan, aldiz, loezina, gose eza, giharretako tentsioa, takikardia edota antsietatea aipatu dira. Hori bai, eragin horietarako joera duten pertsonetan izua, psikosia edota agresibitatea ere eragin ditzake. Gaindosiaren eraginik okerrena heriotza izan daiteke; eragindako heriotzengatik piztu dute alarma hedabideek.

Alfa-PVP-aren erabilera ez dago oso zabalduta, eta, horrenbestez, ezin dugu esan boladan dagoenik. Are gehiago, droga mota hori aizuntzaile gisa edo MDMA-ren ordezko bezala aurkeztu da gehienetan, eta kontzienteki erabili denean oso aldizka eta ezohiko kasuetan erabili da.

Hori bai, Alfa-PVP edo Flakka delakoa erabiltzekotan garrantzitsua da kontutan izatea substantzia horren segurtasun tartea oso txikia dela, eta hamar miligramotik gora eraginak desatseginak izan daitezkeela; MDMA baino hamar aldiz toxikoagoa izan daiteke. Beraz, ezagutza eta ardura ezinbestekoak dira; batetik, ez delako erabilera errazeko substantzia, eta, bestetik, oraindik bere inguruan ikertzeke asko dagoelako.

Droga horren edo beste substantzia batzuen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, EAEko Ai Laket!! elkartearekin kontaktuan jarri zaitezke ondoko posta elektroniko helbidean: ailaket@ailaket.com