Droga gutxiago, baina lehenago

Droga gutxiago, baina lehenago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/droga-gutxiago-baina-lehenago/@@download/image/68p26-1_1365164176.jpg
2006/11/03
erreportajea
Unai Brea
EAEko estatistikek diotenez, gero eta gazteago hasten gara droga hartzen; baina, era berean, kontsumoak behera egin du aurten Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Kontu hauetaz arduratzen direnek, kezka agertu dute lehenengo datuagatik, eta poza bigarrenagatik. 

Datu hotzek adierazten dutenez, gero eta gazteago hasten gara droga hartzen; bai  behintzat Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hori diote EAEn egindako azken ikerketek. Bertako Drogomenpekotasun Zuzendaritzaren ustez, "kezkagarria da gero eta adin txikiagoan hasten dela drogarekiko harremana: 15 urteak ozta-ozta gaindituta, hain zuzen".  Tamalez, ezin izan ditugu Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datuak eskuratu, baina, seguru asko, datuak antzekoak izango dira.
Aipatzekoa da erakunde publikoen kezka, droga kontuetan, oro har, hobetuz goazela aldarrikatzen dute eta: droga gutxiago hartzen omen dugu. Baina gazteago hasiz, nonbait. Beldur gutxiago ote diogu orain drogari?

Inma Cuena, Etorkintza fundazioko langileak, ez du uste "beldurra" hitza egokia denik kasu honetan. "Behintzat, ez dut uste oraingo nerabeek garai batekoek baino beldur txikiagoa diotenik drogari". Cuenaren iritziz, bestelakoak dira lehenbiziko droga-kontsumoaren batez besteko adina jaistearen arrazoiak.
Arriskua arbuiatu

Garai batekoek bezala, gaurko nerabeek paso egiten dute arriskuaz, Cuenaren berbetan: "Eurei ezin zaie ezer gertatu, suntsiezinak dira; bestetik, nerabezaroak berezkoa du sentsazio berriak bilatzea, gauza arriskutsuak egitea, debekatutako sustantziak hartzea…". Orduan, garai bateko gazteak zergatik hasten ziren beranduago drogak hartzen? "Drogak ez zituztelako gaur egungoek bezain eskura", horra Cuenaren erantzuna.

Lehen, droga —legez kanpokoa, noski— garestiegia zen. Orain, eskaintza zabalagoa da, eta prezio desberdinetako drogak daude, Cuenaren esanetan. Eskaintza zabalagoa da, eta gainera, saltzaileak ere hurbilagokoak omen: "Garai batean oso leku jakinetan baizik ezin zitekeen eskura droga, eta `gameluak´ pertsonaia beldurgarriak ziren. Gaur egun, aldiz, eskolan bertan, alboko gelako ikaskideak sal diezazuke haxixa".

Beldurraren mezuak ez du balio
Eskura dagoenez, hartu egiten da. Horra azalpen bat, baina bada besterik. "Gazteei `droga txarra da´ beste mezurik ematen ez bazaie, mezu hori ez da beraiengana iristea lortuko", dio Ai Laket!! elkarteko Juanjo Fernandezek. Hari ere galdetu diogu, ea beldur txikiagoa diogun orain drogari, baina berak, berehala baztertu du hitza. "Azken 25 urteetako prebentzio politikak, abstinentzia helburu daukan politika horrek, beldurra izan du bere mezuaren ardatza. Baina beldurraz baino, drogen alde on eta txarrez hitz egin beharko litzateke. Gazteek ongi pasatzeko hartzen dituzte drogak; ezin zaie arriskuaz bakarrik hitz egin, haien erreakzioa guztiz kontrakoa izango da eta".

Bestalde, Fernandezek azpimarratu egiten du nerabeentzat taldeak daukan garrantzia. "Taldearen bitartez osatzen dute beren nortasuna. Ikusten baldin badute albokoek droga hartzen dutela, eta ez dutela arazo larririk, beraiek ere hartu egingo dute". Hala, drogari buruz heltzen diren mezu bietatik —arriskua batetik, atsegina bestetik—, bigarrenari baino ez zaio jaramon egiten.

Gaurko familiak ez ei dira hain zurrunak
Horrelakoetan ohi denez, erakunde publikoek gazteei buruz hitz egiten dute, baina ez horrenbeste, gazteekin. Aitzitik, prebentzio-programa askok "familia" dute jomuga. Gurasoak, argiago esateko. Baina gaurko "familiak" ez dira, antza denez, garai batekoak bezain zorrotzak seme-alaben ohiturei dagokienez.

Gizartea bera ere "eskuzabalagoa" da, edo hala uste du behintzat Inma Cuenak:
"Gaurko gizartean, asko normalizatu dira zenbait sustantzia. Kalamua, esate baterako. Orain, gurasoak ez dira hainbeste ikaratzen euren seme-alabek porroak erretzen dituztela jakitean. `Hara, normala da-eta´, esango dute, `ni kezkatzen nauena kokaina da´. Honenbestez, nerabeek ez dute kalamua drogatzat hartzen"

Ba al dago kezkatzeko arrazoirik?
Droga hartzen hasteko batez besteko adina gero eta txikiagoa da, baina horrek, ez du esan nahi adin horretako guztiak jo eta ke ari direnik denetik hartzen. EAEko Drogomenpekotasun Zuzendaritzak berak dioenez, legez kanpoko drogen kontsumo gehienak aldi bakarrekoak dira, hau da, esperimentalak. Kalamua izango litzateke salbuespena, nahiko zabalduta baitago. Izan ere, 2006 urtean droga guztien kontsumoak egin du behera, kalamuarenak izan ezik.

Alkohola da, hala ere, gehien hartzen den droga, eta baita EAEko Drogomenpekotasun Zuzendaritzaren buruhausterik handienetakoa ere, gazteei dagokienez. Ematen du, hala ere, alkoholak ez duela kalamuak bezain kezka handia sortzen. "Familia" direlakoetan ere, askotxo hartzen delako, beharbada. Legez kanpoko eta lege barruko banaketa ere ez da gutxietsi behar, bestelako irizpide batzuk baino askoz indar handiagoa dauka eta.

Inma Cuenaren ustez, alarmismo sobera dago. "Argi geratu da `droga txarra da; drogak hil egiten du´ eta halako mezuek porrot egin dutela. Bestalde, ez da gizartea ikaratu behar, ikarak ez baitu balio arazoari aurre egiteko. Azken batean, datuei begiratuta ikusten da, gazte gutxik hartzen dutela droga". Ikerketen arabera, EAEko 15 eta 19 urte bitarteko gazte gehienek (%93) ez dute sekula kokainarik hartu. Erkidegoko biztanle guztien %74ak, berriz, ez du inoiz kalamua dastatu. Gure aitite-amamak asaldatu arren, hau ez da Jamaika.

Kontsumitzea da kontua



Gizartea asaldatu egiten da, drogak kontsumitzen gero eta gazteago hasten garela jakitean, baina, Juanjo Fernandezen iritziz, gizarte horrek berak, badu erantzukizun zati bat. Kontsumitzea gure bizimoduaren ardatz nagusietakoa den honetan, drogak -lege barrukoak zein kanpokoak- beste kontsumo gai bat besterik ez direla uste du Ai Laket!!-eko kideak. Praka berri batzuk edo ogitarteko bat bezalaxe, hain justu.

Komunikabideek, publizitateak… garrantzi handia ematen diote gazte izateari, ongi pasatzeari, atsegina ahalik eta modurik errazenean bilatzeari. Halakoxea da saltzen diguten urrezko kaiola hau”
. Hori izan daiteke, Fernandezen ustez, gero eta gazteago droga hartzera bultzatzen gaituen akuiluetako bat: “Drogak, azken batean, ongi sentiarazten baikaitu”. Behin arrazoiak bilatzen hasita, ez da hori makalena izango.

EAEko zenbait datu



Eusko Jaurlaritzako Drogomenpekotasun Zuzendaritzak, bi urtean behin kaleratzen du "Euskadi eta Drogak" txostena. Bertan, 15 urte baino gehiago dauzkatenen droga-kontsumo ohiturak aztertzen dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez. Hona 2006ko txosteneko datu batzuk (droga mota bakoitza hartzen den lehenengo aldiko adina, batez beste):

-Kalamua: 15,3 urte (gaur egun 35-44 urte dauzkatenek 18,8 urterekin hartu zuten kalamua lehenbiziko aldiz).

-Kokaina: 17,1 urte (gaur egun 30-34 urte daukatenek 21,5 urterekin hartu zuten kokaina lehenbiziko aldiz).

-Estasia: 15,1 urte

-Anfetaminak: 16,3 urte

-Drogomenpekotasun Zuzendaritzak alkoholari buruz beren-beregi egindako txostenak, berriz, 14,3 urtean  ezartzen du droga hori hartzen hasteko adina

(Iturria: Adingabekoak eta alkohola. 2006)