Drew Barrymore: Aingeru eroria

Drew Barrymore: Aingeru eroria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/drew-barrymore-aingeru-eroria/@@download/image/5p37-2_1361283053.jpg
2001/02/02
erreportajea
"Azkar bizi, gazte hil eta utz ezazu gorpu polit bat" esaldia belaunaldi galduaren leloa bihurtu zen James Dean errebeldearen 'Little Bastard Porsche'-ak heriotzarekin tupust egin zuen egunean. Drew Barrymore ameslariak Jimmy hitsa ezagutu ez zuen arren, patuak goizegi tatuatu zizkion bihotzean haren hitz gazi-gezak.

Steven Spielberg ahalguztidunaren E.T. The Extraterrestrial zoragarriak hilezkor egin zuen Drew txikiaren irribarre eztia. Sasoi oparo hartan, zazpi urteko zinema izartxoaren etorkizunak haren adatsen urre kolorea zuela zirudien. Drewren amets amerikarra, ordea, amesgaizto bilakatu zen berehala. Bederatzi urte baino ez zituenean, alkoholarekin arazoak izaten hasi zen. Hamar urterekin, marihuana erretzeari ekin zion. Eta, hamabirekin, berriz, kokainaren gatibu erori zen.
Istilean hondoratzear zela, droga-menpekotasunari izkin egin zion berrabiltze zentru batean. Heriotzari xake partida irabazi ostean, baina, galdutako distira berreskuratzea ez zitzaion xamurra egin Drew nerabeari. Haurtzaroan zabal-zabalik zituen ate guztiak hertsi zizkiotenez gero, kafetegi batean egin behar izan zuen lan gosez ez hiltzeko. Etendako zinema karrerari berriro eutsi zionean ere, Z serieko filmak egitea besterik ez zioten eskaini.

Poison Ivy kaxkarrean jokatu zuen eraile sentsualaren rola, ordea, ezinbestekoa gertatu zitzaion Hollywoodeko ekoizleen arreta bereganatzeko. Hortik aurrera, bereak eta bi egin zituen ahanzturaren erreinura erbesteratua izan ez zedin. Playboy aldizkarian biluzik irtetetik hasita, bota militarrak jantzita ezkontzeraino. Hala, apurka-apurka, Everyone says I Love You, Scream eta Charlie's Angels moduko ekoizpen esanguratsuei esker, Los Angelesko zinema izarren zerura itzuli da Drew iradokitzailea. Aktorerik onena edo ederrena ez bada ere, erakargarriena delako. Lotsagabeena. Morbosoena. Aingeru eroriaren xarmaz sorgintzen gaituen femme fatal arriskutsua da.