Dragoi Bola Z-ren inguruko parke tematikoa eraikiko dute Frantzian
Frantziak eta Arabia Saudik akordio bat sinatu dute Parisetik gertu, Cergy-Pontoisen, Dragoi Bola Z unibertsoaren inguruko parke tematiko erraldoi bat eraikitzeko. Proiektu honek 6.000 milioi euroko aurrekontua du, eta Disneyland Paris ireki zenetik Frantzian egindako aisialdi-garapen handiena izango dela esan du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.
Arabia Saudiko Quidiyya Investment Company taldeak finantzatuko du proiektua osorik, eta akordioak mangaren inguruko hiru parte tematiko barne hartzen ditu, horietako bat Dragoi Bolarena. 22.000 lanpostu inguru sortuko dituela iragarri du Île-de-France eskualdeko kontseiluko Valérie Pécresse presidenteak.
Proiektuaren ideia Frantziako presidentea den Emmanuel Macronek eta Saudi Arabiako Mohammed bin Salman printze herederoak 2024an izandako elkarrizketa batetik jaio omen zen. Bi agintariek manga kulturarekiko eta, zehazki, Dragoi Bola Z eta Gokuren abenturekiko duten pasioaz jabeturik hasi ziren proiektua diseinatzen.
Qiddiya taldeak antzeko parke bat Saudi Arabian eraikitzeko baimena lortua du, baina Europako parke honetarako Japoniako eskubideen jabeekin (Shueisha, Toei Animation) azken lizentzia ofizialak ixteko prozesuan daude oraindik. Eraikuntza lanek hainbat urte iraungo dute eta parkeak faseka irekiko dira.
Qiddiya Investment Company, Saudi Arabiako Inbertsio Publikoko Funtsak (MIP) 2018an sortutako sozietatea da, Riadeko Gobernuaren 2030 estrategiaren barruan aisialdi, kultura eta kirol ekimenak garatzeko. Konpainiak hainbat jolas-parke ditu, horien artean Qiddiya City tamaina handiko entretenimendu-gunea, kirol-instalazioak, kultura-guneak eta familia-aisiarako guneak dituena.
Enpresa honek giza eskubideen aldeko erakundeen salaketak jaso ditu bere obretako lan baldintzen inguruan. 2025eko maiatzean, FairSquare-k txosten bat argitaratu zuen, Saudi Arabian hainbat eraikuntza proiektutan 17 langile migratzaile nepaldar hil zirela dokumentatuz, tartean Qiddiyako aisialdi guneko obretan bertan hildako bat. Horrekin batera, Human Rights Watch-ek txosten paralelo bat argitaratu zuen, 2034ko Fifaren Munduko Txapelketarako obretan Nepal, Bangladesh eta Indiako 31 langileren senideen testigantzekin. Qiddiya izan zen horren aurrean erantzun zuen enpresa bakarra, eta “langileen osasuna, segurtasuna eta ongizatea haien lehentasun nagusia" zela adierazi zuten.
