'Dragoi Bola'-ren lehen atala eman eta bikoizleak omenduko dituzte Donostian, igandean

'Dragoi Bola'-ren lehen atala eman eta bikoizleak omenduko dituzte Donostian, igandean Bertan izango dira Goku, Bulma eta Freezer pertsonaiei ahotsa jarritako bikoiztaileak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dragoi-bola-ren-lehen-atala-eman-eta-bikoizleak-omenduko-dituzte-donostian-igandean/@@download/image/dragon-ball-z-hd-desktop-wallpaper_125243483_276.jpg
2024/10/16
Bertan izango dira Goku, Bulma eta Freezer pertsonaiei ahotsa jarritako bikoiztaileak.
'Dragoi Bola'-ren lehen atala eman eta bikoizleak omenduko dituzte Donostian, igandean

1989ko urriaren 4an eman zuten Dragoi Bola lehen aldiz ETB1en, eta Euskal Herriko ume eta gaztetxo belaunaldi askorentzat erreferentziazko marrazki bizidunak izan ziren. 35 urte geroago, Japoniako animeak izandako eragina gogoratze aldera, ekitaldi berezia egingo dute urriaren 20an, igandean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan egingo den Animedon topaketan.

Antzoki Zaharreko fatxada fikziozko irudiekin apaintzeaz gain, aitortza hunkigarria ere egingo diete arduradunei. Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo zaie Dragoi Bola-ren euskarazko bikoizleei, 19:00etatik aurrera, antzokian bertan. Ylenia Benito kazetariak gidatuko du ekitaldia eta telesailaren lehen atala proiektatuko dute. 

Ekitaldian izango dira Xabier Amuriza bertsolaria, telesailaren lehenengo bikoizketa-zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohan-en ahotsa; Ana Guadalupe Fernandez, Bulma-ren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, ETBko aurkezle historikoa eta Freezerren ahotsa.

Egileari omenaldia egiteko erakusketa
Bestetik, honekin lotutako erakusketa ere zabalduko dute urriaren 25etik azaroaren 10era. Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia izango du izena, eta Udal Liburutegiko jarduera aretoan (San Jeronimo) kokatuko dute. Bertan, egilearen obra berrinterpretatu duten hogeita sei ilustratzaileren lana erakutsiko da. Honako hauek parte hartuko dute euren lanekin: Garluk Aguirre, Mikel Antero, Arubashi (Alba Cardona), Jordi Bayarri, Pedro Camello, Anabel Colazo, Borja Crespo, Deliciest, Enkaru, Aitor Etxebeste, Irina Hirondelle, Iñaki Holgado, Jon Juárez, Joseba Larratxe (Josevisky), Letucse, Stéphane Levallois, Garbiñe Martiarena, Isara, Gorka Ortega “Mac”, Patxi Peláez, Dani Ruiz, Studio Kôsen, Aritz Trueba, Paul Urkijo, María Vaz-Romero eta Wakaiki.